BILBO. Datorren ostegunean, urtarrilak 7, Euskalduna Jauregiak Bilboko Udal Txistulari Bandaren 2021eko lehenengo kontzertua jasoko du, 2020aren amaieran Euskal Museoan ibili eta gero.

Urteko lehen musika hitzordu honetarako, bandak kontzertu berezi bat programatu du: "Arineketan", Jagoba Astiazaran txistulariaren eta Iñar Sastre pianistaren proiektu bateratua. Tradizioa berritzeko asmoz, dantza tradizionala hartzen dute abiapuntutzat, fandangoan, arin-arinean, zortzikoan eta beste melodia tradizional batzuetan oinarritutako abestiak bilduz, eta melodiak eguneratzen dituzte, sorkuntza garaikideekin konbinatzen dituzten beste batzuk sortuz. Ikuskizunean zehar Bilboko udal txistulari Bandaz gain, Leire Bellosok, Anne Jauregik eta Jon Arsuagak ere jardungo dute.

Horrela, kontzertuan honako obrak entzungo dira, beste batzuen artean: "Agurraz jolasean", "Uzturre", "Belauntxingoa", "Kale edo bale", "Altza Porru", "Alurr", "Haurrak lotaratzeko soinua", "Izar ederra", "Ezpata dantza", "Zorpekoa", "Banintz", "Ez baita dantza" eta "Latinarin".

Kasu honetan, hitzordua Euskalduna Jauregiko 0D Aretoan izango da, arratsaldeko 19:00etan. Sarrerak zenbakituak dira eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan (2 euro), Euskalduna Jauregiaren webgunean eta Kutxabanken zerbitzu anitzeko kutxazainetan erosi ahal izango dira.

Osteguneko jardun honen ondoren, Txistulari Banda datorren urtarrilaren 27an itzuliko da eszenatokira, Euskalduna Jauregian eskainiko duen musika eta dantza ikuskizun batekin: "Esku burdinak", Oinkari Dantza taldearen eskutik.