BILBO. 6,4 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua bideratu egin du Bilboko Udalak bukatzear dagoen urte honetan zehar udal kirol-instalazioetan hobetze eta mantentze lanetarako. Lan guzti horiek Bilbao Kirolaken bidez egin dira.

Aurtengo jarduketen artean hauek dira aipagarrienak: padeleko eta futboleko hainbat gunetan belar artifiziala berritzea, segurtasuna hobetzea zenbait jokalekutan hesia aldatuz eta aldagelak egokitzea, besteak beste.

Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol zinegotziak gogorarazi du Bilboko Udalak urtero “inbertsio-ahalegin handia” egiten duela uriko kirol-instalazioak mantentzeko eta hobetzeko, “kalitateko espazioak eta hainbat kirol-modalitaterako egokiak diren espazioak prestatzeko helburu estrategikoarekin, adin eta baldintza fisiko guztietako bilbotarrek bizimodu osasungarria izan dezaten”.

JARDUKETAK KIROL INSTALAZIOETAN

Bilboko Udalak hobekuntza hauek egin ditu udal kiroldegi batzuetan:

  • Artxanda: kirol anitzeko hiru markagailu erostea eta instalatzea.
  • San Ignazio: padel pistetan belar artifiziala berritzea eta igerilekurako jasogailu hidrauliko bat erostea, aniztasun funtzionala duten pertsonen beharrak betetzeko.
  • Errekalde: errugbiko aldagelak egokitzea, igerileku estaliko klimatizazioa berritzea (azken hori egiten ari dira) eta itxiturak hobetzea.
  • Txurdinaga: zaintza-sistema hobetzea eta igogailu hidrauliko bat jartzea igerilekuan. San Ignaziokoak bezala, aniztasun funtzionala duten pertsonen beharrak asetzen ditu.
  • Zorroza: atletismoko pistako zoladura berritzea (egiten ari dira).

Otxarkoagako frontoian eta Aitxarte eta Ibarsusiko futbol zelaietan ere hobekuntzak egin dira instalazioetako itxituretan. Basurtun, Iparraldeko zelaian belar artifiziala berritu da, ate berriak jarri dira eta beroketa gune bat sortu da. Zelai horretan eta Roseta, Artxanda, Errekalde eta Mallonako zelaietan segurtasuna hobetu da, eremuaren perimetroko hesia berrituta.

Gainera, Bilbao Kirolak-ek udal kiroldegietako kirol eta igerilekuko materialak erosi ditu.

Inbertsioaren zatirik handiena, 5,1 milioi euro, instalazioen eta zerbitzuen kalitateari eusteko erabili da (garbiketa, argindarra, lorezaintza-zerbitzua, belar artifizialaren mantentze-lana, besteak beste).

ERREKALDEKO KIROLDEGIKO IGERILEKUKO KLIMATIZAZIOA

Bilbao KirolakEK hobekuntza-lan berri bat hasiko du 2020. urtea ixteko; oraingo honetan, Errekaldeko kiroldegiko igerileku estalian.

Gaur bertan hasiko dira egungo klimatizagailuaren ordez hezetasun-kengailua jartzeko lanak, eta horrek hobetu egingo ditu esparruko hezetasun- eta kondentsazio-baldintzak. Hezetasun-kengailu berriak aireztapena, tenperatura eta hezetasun egonkorra bermatzen ditu mugaren azpitik. Eraginkortasun handiko prozesu horri esker, beroa aprobetxatu daiteke berriz ere esparrura eramateko.

Lan horien ondorioz, estalitako igerileku hori itxi egin behar da jendearentzat 2020ko abenduaren 31tik, eguaztena, 2021eko urtarrilaren 31ra arte, domeka; izan ere, ezinezkoa da hobekuntza-lan hori eguneroko jarduerarekin egitea.

Bilboko Udalak, Bilbao Kirolak entitatearen bidez, 98.702 euro inbertitu ditu lan horietan.

AENOR ZIURTAGIRIA

Bilbao Kirolakek Aenor ziurtagiria jaso du covid-19aren prebentziorako bere instalazioetan duen protokoloagatik. Bilbao Kirolakeko 11 udal kiroldegiak dira Estatu osoan zigilu hori duten kudeaketa publikoko lehenak. Zigilu horrek ziurtatzen du hartutako neurriak egokiak direla kutsatzerik ez izateko, neurriak behar bezala ezartzeko eta horiei zabalkunde egokia emateko.

Aenoreko auditoreek ondo baloratu dituzte 3 alderdi hauek:

  • Instalazioen garbiketa: garbiketaren maiztasuna, kontrola, komunikazioa eta erabilitako produktuak.
  • Mantentze-lanak: klimatizazio- eta aireztapen-sistemak, kloroa eta uretako pH-a igerilekuetako urtean.
  • Ikastaroak eta jarduerak: material komunen garbiketa ikastaroetan, erabiltzaileen antolaketa, fitness-eko makineria eta aldagelen antolaketa.

Gainera, Aenorek kontuan hartu du Bilbao Kirolak-ek abian jarri duen sistema, erabiltzaileen asistentzia eta trazabilitatea kontrolatzeko, osasun-agintariei miaketa-lanak errazte aldera, beharrezkoa izanez gero.