BILBO. Bilboko Udaleko alkateorde eta FEMPko Garraio, Mugikortasun Jasangarri eta Bide Segurtasuneko Batzordeko presidente Alfonso Gilek Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren (DGT) bide-segurtasunaren alorreko merituaren brontzezko domina jasoko du.

Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak emango dio saria Alfonso Gili, DGTren Madrilgo egoitza nagusian, hantxe banatuko baitira Bide Segurtasunaren 2020ko merituaren dominak. Era horretan aitortuko zaio "bide-segurtasunaren balioekiko konpromiso irmoa", Bilboko udalerriaren bideetan orduko 30 kilometroko gehienezko abiadura-muga ezartzeagatik.

Alfonso Gil biziro pozik agertu da Bilboko herritar guztiei eskaini nahi dien domina hori dela eta. "Aitortza kolektiboa da, Bilboko jendearentzako saria, gure hirikideentzakoa; euren bideetan hildakorik, kerik eta zaratarik gura ez duten pertsona horientzakoa, gehiago eta hobeto bizi gura dutenentzakoa", azpimarratu du.

BILBO OSOA, 30EAN

Bilbo, eta haren kale guztiak, "30eko hiri" bihurtu ziren joan den irailaren 22an, Autorik Gabeko Mundu Egunean. Ekimen horren helburua bide-segurtasuna hobetzea da, baita kutsadurak eta zaratak eragindako ingurumen-presioa arintzea eta garraiobide jasangarriekiko bizikidetza (bizikletarekikoa, esaterako) hobetzea ere.

Jarduketa horren aurretik ere, 2018ko uztailetik, Bilboko kaleen %87an 30 kilometrokoa zen gehienezko abiadura. Muga hori bide guztietara zabaltzeaz geroztik, hiribildua da 300.000 biztanletik gorako hirien artean bere hiri-sare osoan 30eko abiadura-muga ezarri duen munduko lehena.

BILBOKO MUGIKORTASUNA BERRIA

Azken urteotan, Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak hainbat ekimen garatu ditu hiriko mugikortasuna hobetzeko. Horri esker, mugikortasun jasangarri eta osasungarriaren eredu bilakatu da Bilbo, eta erreferentziatzat dute Europako hiri askok.

Jarduketa horien ondorioz ospe handiko aitortza ugari jaso ditu; horietan azpimarragarriena da Greenpeacek 2019an egin zuen mugikortasun jasangarriarekiko hiri konprometituenen rankingeko lehen lekua. Era berean, Oinez Dabiltzan Hiriak Saria jaso du 2020an, eta lehenengoa izan da garraio publikoaren balorazioari buruz OCUk Espainia osoko hirietan egindako azterlanean.

Horrez gain, 'X Aire Limpio' plataformak Aire Garbia Lehen Saria eman zion Bilbori, bere biztanleen airearen kalitatea hobetzeko hartutako neurriengatik.