BILBO. Bihar, hilak 18, ostirala, Migratzailearen Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta Bilboko Udalak bat egingo du ekimenarekin. Horretarako, hainbat ekintza abiarazi egin dira, hala nola Europako Kontseiluaren kanpaina, dibertsitatearen aldeko eta bazterketaren aurkako BOSA! eskola-programa, eta Bizkaiko hiriburuko zurrumurruen aurkako agenteen sareen arteko urteko topaketa.

Nazio Batuen nazioarteko ospakizun honen bidez, migratzaileen eta beraiek txertatzen diren komunitateen aintzatespena egiten da. Egun honetan, gogora ekartzen dugu komunitateak guztien ahaleginen bidez berreraikitzen direla.

"Aukera paregabea da gogoratzeko Migrazioari buruzko Munduko Itunetik (Marrakech, 2018ko abenduaren 11 eta 12a) sortu zen lankidetza-markoan estatuek onartu zituzten konpromisoak. Konpromiso horiek 23 helburutan adierazi ziren, migrazio seguru, ordenatu eta erregularra erdiesteko asmoz", esan du Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak.

Modu berean, esan du "gure lanean oso presente daukagula Garapen Jasangarriaren Helburuen 2030eko Agenda. Agenda honetan, hainbat helburu ezartzen dira, migrazio eta mugikortasun ordenatuak ahalbidetzeko, hala nola, behargin migratzaileen lan-eskubideen babesa, bereziki emakume migratzaileenak eta enplegu prekarioak dauzkaten pertsonenak".

Gainera, Bilboko Udalak Herritartasunaren eta Dibertsitatearen II. Udal Plana garatzen du. Planaren xedea da politika publikoak gidatzea, kulturartekotasunaren ikuspegitik, hirian gizarte-kohesioa eta hiri-garapena sendotzearren. Une honetan, Bilboko biztanleen % 14,2ak (49.841 pertsonak) atzerriko jatorria du.

"Trebezia, hezkuntza-ibilbide, hizkuntza-ezagutza eta bestelako ezagutza ezberdinetako pertsonek gero eta mugikortasun handiagoa daukate. Hori izugarrizko baliabidea da migratzaileen bizi-proiektu berriaren helmuga bihurtzen diren hiri askorentzat, adibidez Bilborentzat", esan du Urtasunek.

Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziaren ustetan, "migrazioko eta asentamenduko prozesuek erronka berriak ekartzen dizkiote gizarteari". Horregatik, Udalak sarean lan egiten du, eta enpresekin, gizarte zibilarekin eta adituekin batera aritzen da. Gainera, inguruko beste hiri batzuekin batera jarduten dugu, dibertsitatea kudeatzen laguntzen duten esperientziak eta ezagutzak konpartitzeko.

EUROPAKO KONTSEILUAREN KANPAINA

Nazioarteko lankidetzako testuinguru honetan, Europako Kontseiluak (Bilbo Kontseiluko kidea izanik) programako kide diren 142 hiriei proposatu die kanpaina bat egin dadila, "Neure kulturarteko uriaz harro" lemarekin. Kanpaina hau hirietan eta sare sozialetan zehar zabalduko da, jatorri migratzaileko udalerri bakoitzeko bost pertsonaren irudiarekin.

Bilboren kasuan, Muna, Tete, Cristina, Marcelle eta Cruzek Bilbo aukeratu duten migratzaile asko ordezkatzen dituzte: beste askok bezala, Bilbo euren bizilekua izatea erabaki dute, bizi-proiektu berriak hasteko, familiarekin elkartzeko, hazteko, ikasteko, lan egiteko, bizitza sozial, kultural eta ekonomiko aberats eta oparo batean parte hartzeko, eta finean bizilagunen komunitate handi bateko kide izateko.

Kanpaina hau hirian zehar zabaldutako publizitate-euskarrietan ikusgarri dago, baita sare sozialetan ere. Beraietan, kulturarteko hirietako bizilagun askoren mezuak ikusi daitezke, #WeTogether eta #ICCities traolekin.

ESKOLAREN EREMUAN SENTSIBILIZAZIOA SORTZEKO BOSA! PROGRAMA

Gainera, urtero bezala, Bilboko Udalak dibertsitatearen aldeko eta bazterketaren aurkako BOSA! eskola-programa garatu du, DBHko 1., 2. eta 3. mailetako eta prestakuntza-zikloetako ikasle eta irakasleentzat. Helburu nagusia da nerabeak Giza Eskubide Unibertsalak betetzeko konpromisoan heztean, eta mota guztietako urraketen aurrean sentsibilizatzean. Hartara, zinema funtsezko baliabide bat izango da, gaitasun kritikoa pizteko eta sakoneko auziez hausnartzeko, hala nola justizia eta eskubideen berdintasuna pertsona guztientzat.

Abenduan, Bilboko 11 ikastetxetan, 1.158 ikaslek "Awlad: Hesiak Gainditu" dokumentala (Ane Irazabal eta Cósimo Caridi, Espainia, 2019, 60 min.) aztertu dute. Eginkizun horretan, hezkuntzarako eskubidea ume askorentzat ez dela betetzen ikasi dute, euren jaioterrietan dauden gerren ondorioz, gorabeheraz beteriko bizitza bat ekarri dietena. Filma ikusi ondoren eztabaidak, eta bizipen-, informazio- eta sormen-jarduerak egin dira.

Aurten, programa osasun-gomendioei egokitu zaie eta parte hartu duten ikastetxeei online tresnak eskaini zaizkie programa garatzeko, ikus-entzunezko proposamen batekin batera, formatu hori daukana, lau kapitulurekin eta ikasgelan egin beharreko jarduera osagarriekin eta material didaktikoekin.

ZURRUMURRUEN AURKAKO AGENTEEN URTEKO TOPAKETA

Modu berean, efemeride honen testuinguruan, abenduak 19, zapatua, Bilboko zurrumurruen aurkako agenteen sarearen urteko topaketa egingo da goizean, online, udal estrategia honi lotutako 25 pertsonaren parte-hartzearekin. Estrategia honen helburua da immigrazioari eta dibertsitateari buruz dauden aurreiritzi, estereotipo eta zurrumurruei aurre egitea.

Saio honetan, urtean zehar egindakoaren balantze zehatza prestatuko dugu eta datorren ikasturterako lehentasunezko jarduketa-ildoak identifikatuko ditugu.