BILBO. Koronabirusaren pandemiak eragindako krisialdi ekonomikoa izan arren, Mercabilbaok abenduan datu historikoetara iritsiko dela aurreikusten du, salmentari dagokionez.

Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako eta Enpleguko Saileko zinegotziak eta Aitor Argote Mercabilbaoren zuzendari nagusiak ikustaldia egin zuten ostiralean instalazioetan, hedabideekin batera, Gabonen aurreko garai honetan, jarduerarik handienekoa izaten da-eta. Zinegotziak azaldu duenez, "salbuespenezko" ikustaldi bat da, zeren eta gune hori, zeina penintsula iparralde osoko jaki-toki handitzat eta Euskadiko eta Kantauri Itsasertz osoko banaketa-motor nagusitzat jotzen baita, ez da izaten jende guztiarentzat irekia, baizik eta merkatari handizkari eta xehekarien sektorearentzat.

Zinegotziak esan duenez, salbuespen hori are eta garrantzitsuagoa izan da aurten, covid-19aren pandemia dela-eta, neurri gehiago eta ezohikoak ezarri behar izan baitira desinfektatze eta garbiketa prozesu gogorrak eraginez instalazio guztietan, eta jende kopuruen mugak ezarriz eta tarteak gordearaziz, eta abar luze bat, eta, hori dela eta, % 100eko segurtasun sanitarioa lortu da, eta, aldi berean, salmentek abiada ona izan dute, eta normaltasun osoz lan egin ahal izan da.

Besteak beste, jakitera eman dute ezen, pandemia gorabehera, 2020 hau ekitaldi historikoa izango dela merkaturatutako zenbatekoetan, eta kalkulatzen dute 22.000 tonataraino iritsiko dela abenduan, hau da, urteko salmenten % 10 baino gehiago. 2020ko ekitaldi osoko datuei dagokienez, uste da hazkundea nabarmena izango dela, eta 235.000 tonataraino iritsiko dela, iazko zenbatekoak gaindituz. Gehikuntza horiek, zinegotziaren arabera, herritarren kontsumo-ohituretan izandako aldaketa batengatik dira, covidaren eraginez: izan ere, produktuak, batez ere fruta eta barazkiak, gertuko saltokietan erostea hobetsi izan dute, "gure aholkuari jarraituz, alegia, geure auzoetan kontsumitu eta erosteko".

Mercabilbao zentroak, ekonomia jardueran, 13 hektarea hartzen ditu, eta ehun enpresa baino gehiago eta mila langile baino gehiago dauzka, "ekonomiaren eta enpleguaren motorra, inondik ere".