BILBO. Bilboko Udalak Begoñako Basilikaren inguruan irisgarritasuna hobetzeko lanak hasi ditu. Guztira, 705.000 euroko aurrekontua bideratuko du, eta besteak beste zoladurak, argiztapena, lorategiak, barandak eta paperontziak ere egokitu eta berritu egingo dira.

Plaza, beraz, basilikaren atzealdean dago kokatuta, eta biribil forma du, eta bi plataforma dauzka garaiera desberdinetan. Bi plataforma horiek eskailera batzuen bidez eta arranpa irisgarri baten bidez daude lotuta. Obrak egin ostean, egun duten itxura eta diseinu bera izango dute, baina hobekuntza handiak gehituta. Esate baterako, basilikaren ingururako beren-beregi sortutako modelo berezi baten araberakoak izango dira kale-argi eta baranda guztiak, eta arranpa bat eraikiko da plazaren goiko aldeko plataforma eta Zabalbide kaleko sarbidea lotzeko, eta, hala, osatu egingo da basilikatik duen oinezkoen lotura, eskailerek eragiten zuten arkitekturazko oztopoa ezabatuz. Haren inguruko harresiak eta eskailerak garbitu egingo dira area zurrustan emanez, harri naturalak bere erakargarritasuna berreskura dezan.

Bestalde, berritu egingo dira plazako lorategiak, lore eta multzoak ipiniz han eta hemen, eta berritu egingo da inguruko argiteria eta Zabalbide kaleko 106. zenbakitik hasita Artazuriña kalearekiko bidegurutzerainokoa, eraginkortasuna ere hobetuz LED sistemari esker.

Aldi berean, Bilboko Udalak Zabalbide kaleko espaloietan ere hobekuntzak egingo ditu, Begoñako Andra Mariaren Basilikaren inguruan. Jardunak bere eremuaren barruan hartzen du Juan XXIII.a plazaren gainean dauden 5. eta 7 zenbakietatik hasi eta ur deposituaren biribilgunera arteko tartea. Kale zati horretan, kalearen alde batean bakarrik dago espaloia, deposituraino, eta obrak egin ostean, tarte hori zabalduta geratuko da Zabalbidek Begoñako Andra Mariaren kalearekin bat egiten duen lekutik hasita, eta, horretarako, egokitu egingo da sarbideko bihurgunea, eta eskailerak berritu egingo dira eta baranda bat ipiniko, oinezkoen zirkulazioa, puntu horretan, irisgarritasun araubidearen arabera izango dadin.

Halaber, oinezkoen hiru pasaguneak berrituko dira. Ertzetakoak orain dauden lekuan geratuko dira, eta erdikoa lekuz aldatuko da, gertuago gera dadin autobus geltokitik eta etxebizitzek kaletik duten sarbidetik.

AUZOKIDE PLANA

Begoñako Basilikaren inguruan bideak, argiztapena eta irisgarritasuna hobetzeko lanak Auzokide Planaren barruan sartzen dira, auzoak hobetzea baita plan horren xedea, eta bera baita Bilboko Udalak daukan tresnarik garrantzitsuenetako bat herritarrek parte har dezaten.

Aurrekontua berdin banatzen da Bilboko 8 barrutien artean, hau da, 1,5 milioi euro barrutiko eta urteko. Planak berekin dakar 48 milioi euro inbertitzea lau urteko epean, eta herritarrek eta eragile politiko eta sozialek uriko barrutietako kontseiluen bidez lehenetsitako hobekuntza-lan eta -jarduketak gauzatzea.