BILBO. Gaur goizean, abenduak 9, Bilboko Udalaren gobernu-batzordearen bilera ospatu egin da. Bertan aurrerapauso garrantzitsu bat eman da, Andrazkoen eta gizonezkoen arteko aukera berdintasunerako V. Udal Plana 2020-2023 onetsiz.

Agiri hau tresna baliagarria izango da arian-arian gainditzeko oraindik ere Bilboko jendartean gizonezkoen eta andrazkoen artean irauten duten desberdintasunak. Hala, bada, xedea da genero-diskriminazioa eta -desberdintasunak eragiten eta berreragiten dituzten egiturak desagerraraztea, eta, hala, emakumeen kontra erabiltzen den indarkeriaren kausak eta ondorioak erauztea.

V. Udal Plan hau Andrazkoen eta Gizonezkoen arteko Berdintasunerako Ordenantzaren printzipioen eta xedeen artean kokatzen da, eta baita ere BIlboko Udalaren 2019-2023 Agintaldi Planaren barruan ere, han baitaude ezarria uriaren proiektu handiak eta lehentasunezko ekinbideak, Bilbo pertsonen, auzoen eta ekonomia-jardueraren uri gisa finkatzeko xedea dutenak.

PLANA EGITEKO PROZESUA

Agiri hau estrategikoa da, eta parte-hartze bidezko prozesu baten emaitza da, zeinean interes-talde nagusiek parte hartu baitute, kanpokoek nahiz barnekoek, eta berek aurkeztutako hobetzeko proposamenekin osatu egin dute planaren azken edukia. Guztira, hobetzeko 143 proposamen aurkeztu dituzte, eta horien artean ia % 70 sartu dira dokumentuan.

Alde batetik, Sailarteko Batzorde batek parte hartu du, Udalaren sail eta enpresa guztiek parte hartzen zutelarik bertan, eta nork bere jardun-eremuan garatzekoak izango diren ekintzak eta proiektuak lehenetsi dituzte.

Beste alde batetik, behin Planaren lehen zirriborro bat egin ostean, berriro ere egiaztatu da Udalaren sail eta enpresekin, eta Berdintasunerako Bilboko Emakumeen Kontseiluari eta Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako planen jarraipena egiteko Batzorde Misto Politikoari (Bilboko Udaleko alderdi politiko guztien ordezkariek osatzen dute) egin zaio haren gaineko kontsulta.

BERDINTASUNERAKO V. PLANAREN LEHENTASUNAK

Andrazkoen eta gizonezkoen arteko aukera berdintasunerako V. Udal Planak (2020-2023) 142 ekintza jasotzen ditu, Bilboko Udala osatzen duten sailek 2023ra arte garatuko dituztenak.

Ekintza horiek ezartzeko, oinarritzat hartu da, besteak beste, Andrazkoen eta gizonezkoen arteko aukera berdintasunerako IV. Udal Plana 2014-2017 delakoaren ebaluazioa. Nabarmendu beharrekoa da plan horretako ekintzen betetze-maila % 92 izan zela, eta aurrerapen handia ekarri zuela Udalak genero-ikuspegia udalean sartzeko bidean.

Andrazkoen eta gizonezkoen arteko aukera berdintasunerako V. Udal Planak (2020-2023) ezartzen dituen lehentasunen artean daude Bilboko andrazkoen ahalduntzea, banaka, gizartean nahiz politikan; gizarteko arlo batzuetan eta besteetan andrazkoei eragiten dieten diskriminazio eta desberdintasunak desagerraraztea; eta andrazkoen kontrako bortizkeria matxista erauztea. Gainera, bereziki nabarmentzen da paradigma feminista eta emakume guztien arteko dibertsitatea eta diferentzia.

BERDINTASUN SAILA

1988an definitu zen Bilboko Udalak berdintasun-politikak garatzeko hartu zuen konpromisoa, baina 2019an Berdintasun Saila sortu zelarik hornitu ziren politika horiek egitura egonkor batez, berdintasunari buruzko prestakuntza berariazkoa zeukaten langileez eta zuzendaritza eta zinegotzigo propio batez.

Sail egitura berri horren sorreraren helburua da Bilboko Udalaren Andrazkoen eta Gizonezkoen Berdintasunerako Ordenantza betetzea. Araugintzako tresna horrek, Berdintasunaren V. Udal Planarekin batera, gizarte berdinzale, plural eta indarkeriarik gabeko bat eraikitzen lagunduko du.

Zerbitzua sortu zenetik gaur egun arte, zenbait jarduera egin dira, besteak beste 4 berdintasun plan egin eta onartu dira; planok funtsezko tresnak dira, eta udal jarduera osoan berdintasuna bultzatzeko helburuak, ekintzak eta tresnak ezartzen dituzte.

Plana gauzatzearren eta arlo horretako politikak egikaritzearren, Bilboko Udalak, datorren urterako (2021), 1.053.100 euro izendatu ditu Berdintasun Sailerako.