BILBO. Koronabirusaren pandemiak sortutako krisialdiak eragindako kalteak gutxitzeko asmoz, Bilboko Udalak tokiko merkataritza eta kultura sustatzeko erosketa-bonuen kanpaina abiarazi egin zuen azaroaren 18an. Bada, orain arte bonu guztien erdia baino gehiago trukatu egin dira dagoeneko, % 56,3a konkretuki. Horietatik % 63 merkataritzakoak dira eta % 41 kulturakoak.

Bonuak hain arin eskuratu eta trukatu izanak, 15 egunean baino ez, Bilboko Udalari aukera eman dio establezimenduei dagoeneko 800.000 euro baino gehiago emateko. Hain zuzen ere, dirua sektore guztietara arinago heldu dadin, udalak astero egin nahi ditu transferentziak.

Kanpainaren lehenengo bi aste hauetako lehenengo balantzeari dagokionez, udal-arduradunen ustez «oso positiboa eta onuragarria» izan da, eta sortzeko xede bete da: pandemiak kaltetutako sektoreei bonu erakargarriekin laguntzea (bonu bakoitzaren balioari udalak % 50eko dirulaguntza ematen baitio), bai eta hiriko barruti guztietako establezimenduetara iristea ere.

Gogoratuko duzuenez, astebetean erosi ziren merkataritza bonu guztiak (48.727) eta kultura bonu asko. Kopuru horiek ikusita, Bilboko Udalak herritarrak animatu nahi ditu merkataritza-establezimenduetako bonuak trukatzen jarraitzera eta kulturakoak erostera.

Pertsona bakoitzeko (NAN) erositako bonuen kopuruari dagokionez (20 bonuko muga), askotarikoa izan da. Hala, % 66k 1 eta 5 bonu artean erosi ditu, % 20k 6 eta 10 artean, % 6k 11 eta 15 artean eta % 9k 15 baino gehiago.

ESTABLEZIMENDUAK

Era berean, enpresak plataformara atxikitzera animatzen jarraitzen du udalak (herritarrek erosteko erabiltzen duten webgune bera), auzoetan trukatzeko bonuak baitaude oraindik ere. Gogoan izan trukatzeko azken eguna 2021eko apirilaren 30a izango dela. Une honetan, 1.200 establezimendu inguru atxiki dira.

Barrutien arabera sailkatuta, bonuen trukea nahiko antzekoa izaten ari da guztietan, % 60 eta % 68 artekoa.

BILBOKO BONUAK

Bilboko bonuen kanpaina Bilbao Aurrera Planaren neurri garrantzitsuenetako bat da. Plan hori udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiek adostutako talka-programa bat da, covid-19ak eragindako krisiari aurre egiteko eta kaltetuenak diren 4 sektoreei laguntzeko pentsatua: merkataritza, kultura, ostalaritza/jatetxeak eta turismoa.

Guztira, 185.000 bonu horiekin 9 milioi euroko negozio-eragina sortu nahi da hirian.

Oraingoa lehenengo fasea da, eta merkataritza eta kulturarekin abiarazi da, 82.988 bonurekin; horietatik 47.727 merkataritzakoak dira eta 34.261 kulturakoak.

Ostalaritza/Jatetxeak sektoreak 91.364 bonu izango ditu, eta turismoak 10.507. Aurrerago kaleratuko dira, beste fase batzuetan.

Bilboko Udalak bonuen kanpaina abiarazten duen lehenengo aldia da.

NOLA ESKURATU BONUAK?

Honako hauek dira bonuak eskuratzeko baldintzak: adinez nagusia izatea, erroldatuta egotea edo bisitan egotea, eta erosteko unean NANa edo AIZa erakustea. 2021eko martxoaren 31ra arte erosi ahal izango dira bonuak.

Digitalki eskuratu daitezke web-plataforman honetan edo sarrerak erosteko eta eskuratzeko Kutxabanken kutxazainetan. Webgunea oso erabilerraza da, eta herritarrek zein establezimenduek erabiltzeko pentsatu da.

Bonua erosi ondoren, kanpainari atxikitako establezimenduetan egingo da trukea, paperean edo passbook formatuan (mugikorra).

NAN bakoitzarekin, gehienez ere, 20 bonu erosi ahal izango dira, eta erosketa-tikek bakoitzean, gehienez, 4 trukatu ahal izango dira. Era berean, erosketa-tiketaren zenbatekoa bonuarena berdina edo handiagoa izan behar da, erosketa edo kontsumizio bakoitzean oso-osorik agortzeko modukoa.

Bilboko Bonuak beste administrazio batzuek eskaintzen dituzten beste kanpaina batzuekin izango dira bateragarriak; beraz, tiket bakarreko erosketan pilatu ahal izango dira.