BILBO. Gaur, azaroak 24, astelehena, Bilboko Udalak hasiera eman die azkenaldiko Gabonik berezienei. Koronabirusaren pandemiak ohitura ia guztiak moldatzera behartu egin gaituen arren, urteko garairik berezienetariko bat izaten darrai. Hala, 'Gabonak beti heltzen dira, eta ilusioa beti pizten da' lelopean, Udalak 2020ko Gabonei ongi etorria eman die.

Ez da samurra izan, baina Uriak izango ditu bere Gabonak. Udalak ahalegin handia egin du uria Gabonetako betiko giroarekin prestatzeko eta jarduera-egitarau bat diseinatzeko, eta segurtasuna eta prebentzioa izango dira gailen, baina baita ilusioa eta magia ere. Zeren eta Udalaren asmoa baita herritar guztiek berreskura dezatela Bilbon Gabonetako jaiak bizitzeko gogoa eta poza, edozein dela ere haien adina. Hala azaldu dute prentsaurreko batean, gaur goizean, Itziar Urtasun Jaietako zinegotziak eta Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotziak.

Gabonak gaur arratsaldean abiatuko dira Bilbon, 18:30ean, argiak isiotuta. Hala, 18:30etik aurrera, aldi berean argiztatuko dira udaletxea, bere aurrealdean argiztapen berria estreinatzen duela, Bilboko harlauza berezi bat, Areatzako baso magikoa eta auzoetako kale eta plazetan barreiatutako milaka argiak.

Gainera, aurreko urteetan bezala, eta Bilbo aisialdiaren eta kulturaren erreferente nagusi moduan ipini guran Gabon garaian, #BilbaoGabonak proposamenak kultur ekimen seguruak eskainiko ditu barruti guztietan, tokiko sustatzaile eta eragileen aldeko apustu irmoa eginez.

Beste alde batetik, Olentzero eta Hiru Errege Magoak osasun-egoeraren ondorioz ezarritako murriztapenak aintzat hartuta iritsiko dira Bizkaiko hiriburuko etxeetara. Kalejira eta Erregeenetako Kabalgata jendetsuen ordez, bi musika ikuskizun izango dira estalpeko leku itxietan, neurri sanitario eta segurtasunezko handiak ezarrita.

BILBO JAIETARAKO JANTZIKO DA

Hiri osoa hasi da Gabonetako betiko itxura hartzen, apaingarriak eta argiak jarri direlarik kaleetan, saltokietan eta etxeetan. Gaur arratsaldean, sei eta erdietan, izango da Gabonetako argien pizte ofiziala, eta, hala, Bilboko auzo guztiak argiztatuko dira aldi berean.

Udalaren eraikin nagusiaren inguruak argazki eta posta-txarteletarako irudi ezin hobea eskainiko du. Udaletxearen aurrealdeak eta inguruek argiztapen berria estreinatuko dute aurten; 14 metroko zuhaitza piztuko da, bai eta Gabonetako bola itzel bat ere, eta Bilboko lauza berezi berri bat ere bai. Handik gertu, Areatzako baso magikoa egongo da kokatuta, ehun urte baino gehiagoko 120 zuhaitzekin, urre kolorez jantziko direlarik, girlanda eta errezel eiteko ehunka led argiz argiztaturik.

Halaber, balea urrekara handia ere ipini da, sei metro garai eta hamabi metro luze eta hiru metro zabal dena; aurten, Gabonetako leku berri batean egongo da, Areatzako aterpeetan, hain zuzen.

Bilbo argiz beteko da urtarrilaren 6ra arte, 1.200 led argi baino gehiagorekin, domekatik eguenera, 18:00etatik 22:00etara, eta 23:00etara arte ere bai barikuetan, zapatuetan eta jai bezperetan. Kopuru horretan sartzen dira Udalak ipinitako argiak eta merkatarien talde eta elkarteek Zazpi Kaleetan, Bilboko erdialdean, Errekalden, Deustun, Uribarri-Castañosen eta Santutxun kontratatutakoak. Era horretan, Gabonetako instalazioak barruti guztietan zehar barreiatuko dira, guztiek goza dezaten Gabonetako giro atsegin eta abegitsua, kalitatezko apaingarriekikoa.

Gainera, eta lehenengo bider, elkarlan publiko-pribaturako hitzarmen bat lortu da Iberdrolarekin, konpainiak ere parte har dezan Gabonetako argiztapenean aurten, uriko bi leku oso zehatzetan: Euskadi plazan eta Moyuan.

Uriari ongietorria emateko, "Zorionak -B- Bilbao" mezua daramaten 6 kartel ipini dira sarbide hauetan: Juan de Garai, Sabino Arana, Zumalakarregi, Mirafloresetik Miribillarako sarrera, Kastrexana eta Zorrotza.

Era berean, Uriko barruti guztietako kale eta plazetan Gabonetako zuhaitzak izango dira. Guztira 57 zuhaitz apaindu izango dira: 16 artifizialak, eta gainerako 41ak benetakoak, urte osoan beren berezko lekuan egoten direnak eta Gabonetan beren-beregi apaintzen direnak.

Lehen barrutian zortzi Gabonetako zuhaitz izango dira, Arangoiti, Ibarrekolanda, San Inazio-Elorrieta eta Deustu-Erriberan. Bigarren barrutian, sei zuhaitz egongo dira apainduta, Matiko-Loruri, Uribarri, Castaños eta Zurbaran-Arabellan. Hirugarren barrutian, Otxarkoagan eta Txurdinagan, zuhaitz artifizial bana izango dira, eta laugarren barrutian, Boluetan, Begoñan eta Santutxun ipiniko dira zuhaitzak.

Guztira hamabost zuhaitzek apainduko dituzte Atxuri, Bilbo Zaharra, Iturralde, Miribilla, San Frantzisko, Solokoetxe, Zabala, Buia, Abusu, San Adrian eta Zazpi Kaleak, bosgarren barrutian. Seigarren barrutian, zuhaitz artifizial bana izango dira Indautxun eta Abandon, eta zazpigarren barrutian hamar zuhaitz ipiniko dira: Ametzolan, Iralabarrin, Iturrigorrin, Peñascalen eta Errekaldeberri-Larraskitun. Azkenik, zortzigarren barrutian, hamaika zuhaitz egongo dira, Basurtun: haietako bat ospitalearen aurrean, eta bestea Zorrotzan.