BILBO. Koronabirusaren pandemiak eragindako eragozpenak gainditu eta gero, hemen da Bilbao Bizkaia Design Week ekimenaren edizio berri bat. Ostegunean, azaroak 19, hasi egingo da ekimen honen seigarren edizioa.

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatuta, sormen-industriaren sektoreko enpresen Euskadiko topaketarik handiena izango da. Azaroaren 19tik 26ra bitartean, berrogeita hamar jarduera inguru egingo dira guztira, besteak beste, erakusketak, solasaldiak, bisitak, jaialdiak eta hitzaldiak.

Aurtengo edizioaren izenburua honako hau izango da: “Enpatia. Aldatzen den mundu bat birdiseinatzea”, eta gaur arte antolatu den ediziorik birtualena izango da, diseinuaren astea koherentea izan dadin egungo testuinguruarekiko. Modu horretan, pandemiak sektorean eragindako inpaktuaren gaineko hausnarketa bat planteatuko da, bai eta sormen-industriek etorkizunean izan beharko duten eginkizunari buruzkoa ere.

Bilbao Bizkaia Design Week (BBDW) astearen aurtengo edizioa bihar hasiko da, 18:00etatik aurrera, “Enpatiatik abiatuta hibridatzea” izeneko irekiera-ekitaldi batekin. Hala, arreta jarriko da diseinuaren eta kultura- eta sormen-industrien balioan, beste sektore estrategiko batzuentzako berrikuntza-tresna diren aldetik.

Zortzi egunez, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, enpresa pribatu, unibertsitate, kluster eta elkargo profesionalen lankidetzarekin, eztabaida bat sustatuko dute Enpatiaren kontzeptuaren bitartez sormen-industrien esparrua birdefinitu, birdiseinatu eta birpentsatzeari buruz. Bilbao Bizkaia Design Week (BBDW) astearen asmoa da hausnarketa horretan sakontzeko aukera ematea, diseinuak eta sormenak duten garrantzia nabarmenduz.

Hori dela eta, aurtengo BBDW20 edizioak 'enpatia' izango du hizpide. Enpatia, mundu justuago eta jasangarriago bat berreraikitzeko jarrera gisa. Enpatia, gure artean erlazionatzeko moduak birdefinitzen lagunduko digun printzipio gisa. Elkar eragiteko gailuak, interfazeak eta tresnak nahiz ekoizten ditugun produktuak eta zerbitzuak birdiseinatzen laguntzeko printzipio gisa. Gure balio-, zaintza-, mugikortasun-, ekoizpen-, eta bizi-sistemak, bai eta gure bizikidetza-, kultura- eta aisialdi-formak ere, birpentsatzeko printzipio gisa.

Testuinguru horretan, sormenaren sektoreko profesionalei zein herritarrei etorkizunera begiratzeko aukera emango zaie sormenarekin zerikusia duten hainbat diziplinetatik: arkitektura eta hirigintza, artea, artisautza, ikus-entzunezkoa, diseinua, ilustrazioa, interiorismoa, moda, publizitatea, komunikazioa eta bideo-jokoak. Edizio honetan egingo diren jardueretan parte hartu nahi izanez gero, egitaraua eskuragarri dago webgune honetan.

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bi helburu nagusi betetzeko antolatu dute Bilbao Bizkaia Design Week (BBDW) ekitaldia: alde batetik, diseinua sustatzea jarduera ekonomikoa nahiz enplegu kualifikatua sortzeko gaitasuna daukan sektore gisa, eta, bestetik, lurraldeko sormen-industriek daukaten balioa agerraraztea. Guztira, 5.923 enpresa inguru dira eta 19.899 profesionali ematen diete lana Bilbon nahiz Bizkaian. Azken hamarkadan etengabe hazi den sektorea da. Sektore honetako enpresen hazkundea azken urtean % 1,23koa izan da, eta esparru honetan enplegua % 0,47 hazi da. Sormen-sektoreko enpresak Bizkaiko enpresa guztien % 6,5 dira, eta lurraldeko enpleguaren % 4,4 hartzen dute.

Erakundeen arteko proiektu bat da Bilbao Bizkaia Design Week (BBDW), eta hirian zein lurraldean errotuta dago; bidenabar, diseinu eta sormen-industrietako 300 enpresa eta profesional baino gehiagok hartzen dute parte.