BILBO. Arriaga Antzokiak Bilboko udal musika bandak eskainiko duen 'Euskal Herriko batutak I' izeneko kontzertua jasoko du datorren igandean, azaroak 22.

Bilboko bandarekin harremana izan duten edota antzeko taldeetan lan egiten duten zuzendariak gonbidatu dira: Alberto García Espina, Barakaldoko Udal Bandako zuzendari titularra, eta J. Vicent Egea Insa, Iruñeko "La Pamplonesa" bandako zuzendaria.

Batuta bikoitzaren bitartez, hortaz, Alberto García Espina eta J. Vicent Egea zuzendari gonbidatuek 12:00etatik aurrera "Euskal Herriko batutak I" izeneko kontzertua eskainiko dute, zeinetan Hazoren "Arabesque", Brotonsen 6. Sinfonia "Concisa"-ren "Passacaglia i Finale" eta Egearen "Suite Céltica" entzungo diren.

Barakaldoko zuzendariaren eskutik, egungo errepertorioko bi obra interpretatuko ditu bandak. Hasteko, Samuel R. Hazo maisu iparramerikarraren "Arabesque" obra entzungo da. Autoreak hainbat sari irabazi ditu, hala nola William D. Revelli Compositor Award eta bere partitura Ekialde Hurbiletik bere aitona-amonen jaioterritik, etorritako arbasoei egindako omenaldia da. Jarraitzeko Salvador Brotonsen 6.Sinfonía "Concisa"-ren "Passacaglia" y "Finale" entzungo da. Brotons XX. mende amaierako eta XXI. mende hasierako Kataluniako musikako pertsonaia garrantzitsuenetako bat da.

Azkenik, batuta Egea maisuaren eskuetara pasako da, zeinak bere konposizioetako bat eskainiko duen: "Suite Celtica". Egeak 1999an Galiziako Musika Banden Federazioaren Konposizio Lehiaketa irabazi zuen.

Sarrerek 5 euroko prezio herrikoia izango dute (salgai Arriaga Antzokiko txarteldegietan eta webgunean edota Kutxabankeko zerbitzu anitzeko kutxazainetan). 65 urte baino gehiagoko pertsona, erretiratu, pentsiodunek eta Gazte-txartelaren jabeek (14 eta 29 urte artekoak) deskontuak izango dituzte sarrerak erosterakoan. Kolektibo hauetako pertsona bakoitzak 2 sarrera erosi ahal izango ditu, 4 eurotan bakoitza. Hauek zenbakidunak izango dira, ikusleek gustuko eserlekuak hautatzeko aukera izan dezaten.

Kontzertu honen ondoren, Banda abenduaren 1ean itzuliko da Arriaga Antzokiko eszenatokira Euskal Herriko batutak kontzertuaren bigarren zatiarekin. Okasio honetan, batuta hiru zuzendariren eskutan egongo da, besteak beste: Iñaki Urkizu, bandaren zuzendariordea; Iker Sánchez eta Hilario Extremiana. Horien agindupean, 19etatik aurrera honakoak entzungo dira: Barnesen , "Symphonic Overture", Horowitzen "Dance Suite", Kayren "Western Symphony-Saturday Night", Tichelliren , "Postcard", Persichettiren "Divertimento for Band" eta erabateko estreinadi bat, Lekueren "Zaraitzu".