BILBO. Bilboko Sozietate Filarmonikoak 'Lyceum Club' izeneko antzezlana jasoko du azaroaren 20an, ostirala. Bilboko Udalak antolatutako ekimen hau #BilbaoUdazkena2020 programaren barruan dago.

Antzezlan honen bidez, Estatuan -adore handiz eta kultura lagun- feminismoaren oinarriak ezarri zituzten emakumeak omentzen dituzte. Emakume hauek andrazkoen interesak defendatu zituzten eta beraien garapena bultzatu zuten hainbat esparrutan: hezkuntza, kultura, gizartea. Antzezlanak arte eszenikoen Max sarietako bi nominazio jaso zituen 2019an: ikuskizun berri onenarena, eta egile berri onenarena (María Goiricelaya).

Obra hau Bilbao 700 Fundazioaren ekoizpen propioa da, eta #BilbaoUdazkena2020 ekimenaren kultur ekitaldi eta jardueretako bat da. Antzezlanak Pilar de Zubiaurre, Carmen Baroja, Zenobia Camprubí eta María de Maezturen istorioa kontatzen digu. Lau emakumeok Lyceum Club izenekoa sortu zuten 1926an. Geroago, Gerra Zibila piztu zenean, erbestera joan behar izan zuten, urrutira, senide eta lagunak atzean utzita.

Sarreren prezioa 10 eurokoa da, eta azaroaren 18, 19 eta 20an erosi daitezke Bilboko Sozietate Filarmonikoaren txarteldegian, 11:00etatik 17:00etara. Era berean, gogorarazten da beharrezkoa dela emanaldia hasi baino 20 minutu lehenago etortzea, eta, gainera, behin hasi eta gero, publikoari ez zaio utziko aretora sartzen. Era berean, aretotik irtenez gero, ez da utziko berriro sartzen.

LYCEUM CLUB

Europako gainerako herrialdeetan emakumearen askatasunak aurrerantz egiten zuen bitartean, Estatuan gutxi eta bakanak izan ziren emakumearen askapenerantz egin ziren saioak. Hala eta guztiz ere, patriarkatuak emakumea esparru publikoan sartzea nahi ez bazuen ere, 1926an Lyceum Club sortu zen Madrilen. Zentro honetan, emakumeek adiskidetasun pertsonala eta profesionala lantzen zuten. Gainera, euren generoaren izaera juridiko eta soziala auzitan jar zezaketen, historian lehenbiziko aldiz.