BILBO. 176 urte pasa dira 1844. urtean Bilboko Udaltzaingoa sortu zenetik. Denbora luze honetan erabat aldatu egin da erakundea, baina denbora berrietara egokitu jakin izan da.

Bilboko Udaltzaingoak 176 urte bete ditu igandean eta horregatik, Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak eta udal taldeetako bozeramaileek harrera egin diete Udaltzaingoko agintariei, Amaia Arregi Herritarren Segurtasun saileko zinegotzi ordezkariarekin eta Adolfo Alustiza Udaltzaingoko zuzendariarekin batera.

Ekintza xumea izan da Udaltzaingoaren sorrera gogoratzeko; hain zuzen ere, 1844ko azaroaren 8an sortu zen, Federico Victoria de Lecea alkate zela. Hasieran hamabi agente eskas zituen; gaur egun, 176 urte geroago, 812 gizonek eta emakumek osatzen dute kidegoa.

Herritarren segurtasuna giltzarria da Bilborentzat eta gainera, 2018ko martxoaz geroztik alderdi politiko guztiek aho batez sinatutako Ituna dago. Akordio horrek lehentasuna ematen dio segurtasun-politika prebentiboari, gizartea gaitzeko eta ahalduntzeko hezkuntza-programetan oinarrituta, eta talde ahuletan, bizikidetzan eta errespetuan jartzen du arreta.

Testuinguru horretan, ezinbestekoa da polizia komunitarioa izatea, herritarrengandik hurbil dagoena eta herritarren arazoak eta kezkak ezagutzen dituena. Bilboko Udaltzaingoa dagoeneko ari da bide hori egiten, eta, urtea amaitu baino lehen, Itunean bertan jasotzen diren hamalau auzo-tailerrak sortzen lagundu du. Foroak frogatzen ari dira herritarrek zuzenean parte hartzeko konfiantzazko guneak sortzea funtsezkoa dela uriko auzoetako segurtasuna planifikatzeko eta auzoetan sortzen diren gatazkak konpontzeko.