BILBO. Bilboko Udalak 100.000 euroko aurrekontua bideratu egin du Uribarri auzoko Ricardo Arregi kaleako 19 eta 35 zenbakien artean egin diren lanak aurrera eramateko. Obrak bi hilabete eta erdiko iraupena izan dute. Besteak beste, argi publikoak berriztatu eta espaloiak zabaldu egin dira.

Ricardo Arregi kalea noranzko bakarreko bide bat da, 3,75 metro zabal den errei bat daukana. Ezkerrean harresi batek mugatzen du, eta eskuinean, ilarako aparkaleku batek eta espaloiak. Tarte osoan, espaloiak irisgarritasunaren araudia betetzen du, kalearen hasieran izan ezik: hor 1,40 metroko zabalera zeukan, oso gutxi.

Horregatik, Bilboko Udalak espaloiak zabaldu ditu tarte horretan, kaleko oinezkoen ibilbide osoak irisgarritasunaren araudia bete dezan. Guztira, 40 metroko luzera lineala da espaloian, kale horretako 19 eta 35 zenbakien artean. 1,40 metroko zabalera izatetik 3,50 metro izatera pasako da.

Jarduketa honetan argiak ere berriztatu dira: fatxadan muntatuta egotetik bide publikoko zutabe bat izatera igaro dira, LED teknologiarekin. Autobus geltokia, prefabrikatutako plataforma batean zegoena, espaloian bertan dago orain.

AUZOKIDE PLANA

Ricardo Arregi kalean espaloiak zabaltzeko eta argiztapena berriztatzeko lanak auzoak hobetzeko Auzokide Planean txertatzen dira. Auzokide Plana da Bilboko Udalak herritarren parte-hartzerako dauzkan tresnarik garrantzitsuenetako bat.

Aurrekontua berdin banatzen da Bilboko 8 barrutien artean, hau da, 1,5 milioi euro barrutiko eta urteko. Planak berekin dakar 48 milioi euro inbertitzea lau urteko epean, eta herritarrek eta eragile politiko eta sozialek uriko barrutietako kontseiluen bidez lehenetsitako hobekuntza-lan eta -jarduketak gauzatzea.