Bilbao Ekintzaren bitartez

Bilboko Udalak saltoki eta enpresentzako aholkularitza zerbitzua jarriko du martxan

03.11.2020 | 19:37
Bi emakume saltoki baten erakusleihoa begiratzen.

BILBO. Aurreko hilabeteetan koronabirusaren pandemiak eragindako krisialdia dela eta egin zuen bezala, Bilboko Udalak uriko enpresa eta saltokientzako aholkularitza zerbitzua eskainiko du berriro ere. Udalak Bilbao Ekintzaren bidez eskainiko du zerbitzu hau.

Aholkularitza-zerbitzuaren bitartez, ETE eta saltokiei orientabideak eskaintzen zaizkie covid-19ak eragindako gaur egungo egoera zailari aurre egiteko alderdi garrantzitsuei buruz, aukerak identifikatu ahal izateko. Lau webinar izango dituen ziklo bat antolatuko da, eta, gero, banakako aholkularitza emango zaie hautatuko saltoki eta enpresei.

Azaroaren 10ean hasiko da lehenengo saioa, non merkatuko, kontsumoko zein arlo digitaleko joera berriak jorratuko diren. Era berean, honako hauek aztertuko dira: gaur egungo joerak, ordaintzeko bitarteko berriak, marketin digitalaren inguruko kontzeptuak, kontsumitzailearen jarrera, negozio-eredu berriak eta merkatuko segmentuak.

Bigarren saioa azaroaren 17an egingo da, eta komunikazioarekin zerikusia duten kontzeptuak landuko dira, hala nola storytellinga, brand engagementa edo marka pertsonala. Azaroaren 24an, hirugarren saioa antolatuko da, eta segurtasunari eta Interneti buruzkoa izango da. Bertan, gai hauek izango dituzte hizpide, besteak beste: mehatxuak eta ziber-arriskuak identifikatzea, erasoak ekiditeko baliabideak eta tresnak, phising edo ingeniaritza soziala.

Amaitzeko, abenduaren 1ean azken saioa egingo da, merkataritza-gaiei eta salmentei buruzkoa, bai eta saltzeko prozesuaren diseinuari eta negozio-aukera berriak identifikatzeari buruzkoa ere.

Parte hartu nahi duten enpresa guztiek honako esteka honetan gaitutako inprimakiaren bitartez eman dezakete izena: esteka.

Saltoki eta enpresentzako aholkularitza espezializatuko zerbitzua Bilboko Udalaren berraktibatzeko premiazko neurrien Bilbao Aurrera planaren barruan dago.

BILBAO AURRERA PLANA

#BilbaoAurrera Plana Gizarte, Ekonomia eta Kultura Larrialdietarako programa bat da, 15 milioi eurokoa, eta covid-19aren osasun-krisiak hiriko pertsonengan eta enpresengan dituen ondorioak arintzeko, suspertzeko eta berreskuratzeko 50 neurri baino gehiagoko sorta bat duena. Plan hori Bilboko Udaleko talde politiko guztien artean egin eta adostu da.

Beste neurri ekonomiko batzuen artean, ETEei, mikroenpresei eta autonomoei zuzendutako COVID-19aren kontrako segurtasun-protokoloetatik eratorritako gastuei aurre egiteko eta zehazki babes-materiala erosteko zuzeneko laguntzak onartu dira, guztira, 500.000 eurorekin. Zerga-pizgarriei dagokionez, enpresek askotariko murrizketak eta hobariak izango dituzte zerga eta tasetan, eta horrek 3 milioi euroko diru-sarrerak egotea ekarriko du.

Era berean, Bilboko auzoetako merkataritza-elkarteei emandako dirulaguntza izendunak % 100 handitu dira, eta orain 286.000 eurora iritsi da zenbatekoa. Helburua da Bilboko auzoetan merkataritza-jarduera dinamizatzeko eta kontsumoa sustatzeko ezohiko ekintzak bultzatzea, bai eta tokiko asoziazionismoa indartzea ere, egiten diharduten lan garrantzitsuagatik.

Horrez gain, ekainean bitartekaritza-zerbitzu bat jarri zen martxan, pandemiaren kalteak pairatu dituzten merkataritza-lokalen eta negozioen alokairuaren ordainketetan akordioak egotea errazteko. Zerbitzuan neurri berri gehiago ezarri dira, eta helburua da bi aldeentzako onuragarriak diren elkarrekin adostutako akordioak erraztea, jarduerari jarraitutasuna eman ahal izateko bide judizialean sartu gabe.