BILBO. Orain dela zazpi urte, 2013an, Bilboko Udalak Jesús Lizaso artistaren 'Gizonak burdina garaitu, burdina-tolestaile' izeneko dimentsio handietako eskultura Itsasmuseum museoaren aurreko zabalgunean kokatu egin zuen. Gaur, urriak 28, eskultura hori Campo Volantínen finkatu egin dute.

Kokaleku berria artistarekin adostuta hautatu da: erabaki da itsasadarraren ondoan egon dadila, Zubizuri inguruan. Leku horretan bertan, gaur goizean, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Jesus Lizaso eskultoreak berak desestali dute eskultura.

Hala, bada, Udalak Euskal Artisten Eskulturen Pasealeku bihurtu du Campo Volantín pasealekua. Honen inguruan, Juan Mari Aburto alkateak, ekitaldian zehar, eskerrak eman dizkio Lizasori Bilboko uriari egin dion ekarpenagatik, eta adierazi du "Gure omenaldia da hau, arte garaikidean nazioarteko aipamena bildu duzuen euskal eskultore guztiei egiten dieguna". Gaur den egunean, inguru honetan daude "Aldaera Oboidea", Jorge Oteizarena; "Brankako Irudia", Nestor Basterretxearena" eta "Bilboko Kontsulatuko itsasgizonak", Agustín de la Herrán-ena.

Eskultura honen kokaleku estreinatu berri honekin, alkateak esan duenez, "Asmoa da pertsona gehiagok, are hemendik igarotzen diren turistek ere, izan dezatela aukera artelanaren edertasuna miresteko. Inguru hau aparta da, eta oso ondo egokitzen zaie artelanaren ezaugarriei, uriaren industria iragana ekartzen baitigu gogora, gure itsasadar maitearen ertz-ertzean. Kokaleku ezin hobea da, eta badu kulturarekin lotura berezi bat, hemen kokatzeko egokia". Obra hau hemen kokatuta, ingurua hobetzen da estetikaren aldetik, eta, gainera, artea herritarrei hurbiltzen diegu, xede estrategikoetako bat baitu hori Udalak kulturaren arloan.