BILBO. Datorren astelehenean, hilak 26, hasiera emango zaio Euskalduna Jauregian ospatuko den Bime Pro jaialdiari. Bada, antolatzaileek ekimen honen kartela handitzea erabaki dute jendearen erantzuna ikusita, eta goi mailako izenak gehitu dituzte.

Horrela, bada, urriaren 28an, asteazkenarekin, sektoreko 4 izen ezagun gehitu dira, eta martxoan, pandemiaren eraginez, aretoak itxi eta geldialdi orokorra sortu zenean, zuzeneko musika berpizteko nola bat egin zuten azalduko digute Madrilgo Wizink Center eremukoek; izan ere, Loquillo artistaren konpromiso irmo eta sendoari esker, eremua berriro ere zabaldu ahal izan zuten, konfinamenduaren ondoren zuzenean jo zuen lehen artista izan baitzen. Loquillo, Wizink Center eremuko zuzendari Paz Aparicio, Big Star Music enpresako bazkide zuzendari Jose Lapuente, eta Proactiv agentziaren negozio-garapeneko arduradun Pepe Morant bilduko dira, eta ideia nola sortu zen azalduko digute, zer behar izan zuten ideia abiarazteko eta zer nolako eragina izan zuen. Horiekin guztiekin batera, Estatuan erreferentziakoak diren esparru handietako arduradunak egongo dira, eta covidaren ondoko ekitaldietako segurtasunari buruz, edukierari buruz, autobabeseko planei eta ziurtapenei buruz eta garapen jasangarrirako helburuak betetzeko egiten dutenari buruz mintzatuko zaizkigu: Daniela Bosé, Madrilgo Palacio de Vistalegre esparruaren zuzendaria; Jesús Rojo, Bilbao Arenakoa, eta Javier Lacunza, Navarra Arena eta Baluarte eremuetakoa, besteak beste.

Eta nola egin diote aurre egoera berri honi administrazio publikoetatik? Eta, batez ere, nola egingo zaio aurre etorkizun hurbilari? Arduradun publikoak topaketara etorriko dira, eta 2021ean musikaren eta kulturaren arloetarako dituzten plan, aurrekontu eta ideiei buruz hitz egingo dute. Besteak beste, Adriana Moscoso, Kultura eta Kirol Ministerioko Kultura Industrien, Jabetza Intelektualaren eta Lankidetzaren zuzendari nagusia; María Ballesteros, Madrilgo Udaleko Programa eta Jarduera Kulturalen zuzendari nagusia; Miquel Curanta, Institut Catalá de Empreses Cultarals erakundeko zuzendaria; Elena Moreno, Eusko Jaurlaritzako Merkataritzako zuzendaria; eta Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotzia, besteak beste.

Zerrendan sartu den azkena John Acquaviva DJ eta produktore kanadar ezaguna izan da; Plus 8 diskoetxearen sortzaile eta musika-proiektu ezagunen sustatzailea Media Digital Ventures enpresako Julian Manoteras, Antai Venture Builder-eko Gerard Olivé eta JME Ventures enpresako Samuel Gilekin batera arituko da eztabaidan, eta indartzen ari diren joera globalak hazkunderako eta inbertitzeko moduko produktuak eraikitzeko nola aprobetxatu azalduko digute.

EGUNERO BEDERATZI ORDU, ETENIK GABE

Euskalduna jauregiko biltzarrera joateko sarrerak lehengo asteartean agortu ziren, baina oraindik garaiz zaude izena eman eta programazio guztia online plataformatik jarraitzeko, bime.net webgunean. 4 egun izango dira, datorren urriaren 26an, astelehenarekin, hasita; goizeko 10:00etatik arratsaldeko 19:00ak arte bederatzi orduz etenik gabeko emisioa izango da: hitzaldi inspiratzaileak, masterclass-ak, musika-emankizunak, proiektuen aurkezpenak, soluzio teknologiko berriak eta galdu ezin diren mahai-inguruak, betiere kontuan izanik azkenaldian maila globalean bizi izan dugun unerik latzenetako bat dela hau zuzeneko arteekin lotutako enpresa, profesional eta artistentzat.