BILBO. Bilbotarren artean ondo birziklatzeak daukan garrantzia zabaltzea da Bilboko Udalak prestatutako InfoBilbao berriaren helburu nagusia, Bilbo europar xedeetara begira jarri ahal izateko.

InfoBilbao honekin, Udalak jarraibideak ematen ditu jakin dadin zer bota daitekeen eta zer ez hondakinen zatikietako bakoitzaren edukiontzietara: alegia, hondakin organikoen, ontzien, paper eta kartoiaren, beiraren, sukaldeko olio erabiliaren, errefusaren eta berriz erabil daitezkeen produktuen edukiontzietara. Gainera, informazioa ematen du Udalaren higiezinak eta hondakin handiak biltzeko zerbitzuaz, horiek "atez ate" biltzen baititu, aldez aurreko hitzorduarekin (010 telefono zenbakira deituta egiten da hitzordua).

Beste alde batetik, informazioa ematen du Bilbogarbik egiten duen bilketaz, alegia, urian dauden lau Bilbogarbiek eta Bilbogarbi mugikorrek egiten duten bilketaz. Herritarrek, bada, Bilbogarbiak non dauden kokatuta eta haietara iristeko bideak ikus ditzakete (bai Bilbogarbietan laguntzailea dutenak nahiz ez dutenak) Udalaren telefono berdean: 944 475 05.

Eta, bestalde, berariazko bilketak ere egiten dira merkataritzako eta ostalaritzako lokaletarako.

Udalaren Infobilbao buletin zenbaki berri honen 150.000 ale argitaratu dira, eta dagoeneko hasi dira banatzen postontzietan, etxebizitzetan, barrutietako udaltegietan, eta uriko kiroldegietan eta liburutegietan.

BILBOKO HONDAKINEN BILKETARI BURUZKO DATUAK

Bilboko hondakinen eboluzioa, 2020ko lehen bederatzi hilabeteetan, iaz aldi horretan izandakoekin alderatuta, hau izan da: oro har, hondakin gutxiago sortu da nabarmenki, % 9,14 gutxiago, hain zuzen. Gai horretan gehiago sakonduz gero, ondorioa ateratzen dugu ezen gutxitzea % 7,24 izan dela edukiontzietan bildutako etxeko hondakinetan; eta gutxitzea % 24 baino gehiago izan dela merkataritzako eta ostalaritzako bilketan. Horrek argiro erakusten du osasun krisiak zer eragin izan duen barneko kontsumoan eta turismoan.

Covid-19aren ondoriozko krisiak bizimodu berri batera behartu gaitu, eta egoera desberdin batera eraman. Alderatze bidezko analisi bat egingo dugu, 2019ko eta 2020ko urtarriletik irailera arteko datuak aztertuz.

Masan eragindako hondakinei dagokienez, errefusako zatikian bildutakoak, eta Arraizko Tratamendu Mekaniko Biologikorako direnak, % 9,2 gutxitu dira.

Gaikako bilketei dagokienez, hona hemen datuak:

  • Ontzikiak, nabarmenki etxe barrukoa den hondakin mota, gutxitu egin dira, ia % 7.
  • Kartoia, bestalde, bai etxekoa bai merkataritzakoa, gutxitu egin da, % 7 inguru.
  • Beira, nabarmenki gutxitu da, ia % 13,5.
  • Gai organiko bereizia, ordea, apur bat gehitu da: % 2, oro har. Alabaina, martxoan, apirilean eta ekainean nabarmenki hazi zen (% 18 eta 11 bitartean), eta, atzenengo hiruhilekoan, beheranzko joera nabarmena izan da.
  • Olioaren bilketa, berriz, hazi egin da, % 17.
  • Berrikuntza gisa, 2020an nabarmentzekoa da arrandegietan poliestireno hedatua biltzen hasi izana, zeina arrain berriaren ontzietatik sortzen baita hondakin gisa.

Gainerako gaikako bilketen kasuan, hauek dira daturik esanguratsuenak:

  • Eraikuntza eta eraispen-hondakinen hondakinen bilketa izugarri jaitsi da, % 30
  • Egur-bilketa % 19 baino gehiago murriztu da. Hondakin hau, eraikuntza eta eraisketetako hondakinak bezala, Bilbogarbietan jasotzen da, eta horiek itxi izanak zuzen-zuzenean eragin dio bilketari.