BILBO. Birziklatzeak duen garrantziaz kontzientziatzeko kanpaina berri bategin bat egin du Bilboko Udalak, Ecoembes eta Ecovidrio erakundeen eskutik. 'Birziklatu! Sar saitez birziklatzearen gurpilean' izenpean, sortutako hondakinak behar bezala bereizteak duen garrantzia goraipatzen du, herritarrak inplikatzeko helburuarekin.

Helburu horrekin, gaur hasi eta datorren azaroaren 22a bitartean, bi begiralek gidatutako motogurdi batek hondakinen gaikako bilketarekin zerikusia duten gaiei buruzko informazioa emango du bertatik bertara, batez ere zati hori, urdin eta berdeen edukiontziei lotutakoei buruzkoa.

Gaur goizean, Kepa Odriozola Zerbitzuen eta Bizi Kalitatearen Saileko zinegotzia eta Marta Barco saileko zuzendaria ibilgailuaren lehen bidaiaren lekuko izan dira.

Argi eta garbi identifikatzeko moduko informazio-puntua da, eta Bilboko auzoak zeharkatuko ditu. Informazioa eskatzera edo birziklatzearekin zerikusia duen alderdiren bat galdetzera hurbiltzen diren guztiek parte hartu ahal izango dute hondakinak bereizteko poltsen kit batzuen zozketan. Irabazteko aukera izateko, asmatu beharko da zein edukiontzitan bota behar den begiraleek gurdian eramango duten erruleta batean zoriz egokitzen zaion hondakina,. Egunean 10 kit zozketatuko dira eta kit bakoitzak hiru poltsa izango ditu: horia, berdea eta urdina.

Gainera, hala nahi duten familiek motogurdira joan ahal izango dira edukiontzi marroiaren bidez materia organikoaren bilketan izena ematera. Horretarako, datuak eman beharko dituzte eta kit-a (kuboa, txartela, giltza eta poltsak) jaso, etxean sortzen duten materia organikoa biltzen hasteko.

ARRISKU HIGIENIKO-SANITARIOAK MURRIZTEKO PROTOKOLOA

Osasun egoera dela eta, protokolo berriak egin dira Bilboko kaleetan informazio gune bat antolatzeko eta garatzeko, langileen nahiz parte-hartzaileen arrisku higieniko-sanitarioak gutxitzeko.

Informazio guneko ingurumen hezitzaileek, egunero lanean hasi baino lehen gorputzeko tenperatura hartuko dute, sukarrik ez dutela ziurtatzeko. Hala bada, edo birusari lotutako beste sintoma batzuk badituzte edo/eta koarentenan badaude, ez dute lanera joan behar.

Era berean, maskararekin, eskularruekin eta aurpegiko babes-pantailarekin egingo dute lan, eta maiz erabiliko dute gel hidroalkoholikoa.

Informazio gunea aire zabalean izango da, mugarrituta egongo da eta sarbide bakarra edukiko du. Nahitaez erabili beharreko gel hidroalkoholikoa banatuko da bertan.

Sartzen direnek maskara eramango dute eta behar diren segurtasun tarteak gordeko dituzte.

Ez da zozketan parte hartzeko txartelik egongo. Zerrenda baten bidez egingo da zozketa, eta opariak informazio gune berean emango dira, eman beharreko sorta desinfektatu ondoren.