BILBO. Gaur goizean, Bilboko udaletxeko Arabiar Aretoak Udalak urtero egin ohi duen Adinekoen Nazioarteko Egunaren ospakizuna jaso egin du. Bilboko alkate Juan Mari Aburtok burututako ekitaldian Udal Korporazioaren hainbat partaide izan dira.

Alkateak berba batzuk izan ditu adin handieneko bilbotarrentzat, eta nabarmendu du haiek urian duten parte hartzea "funtsezkoa" dela Bilbo inklusibo bat egiteko asmoa sendotzeko orduan: "nire urian adinekoen kolektibo aktibo, parte hartzaile, osasuntsu, langile eta egiteko eta irakasteko gogotsu bat ikusi nahi dut aurrerantzean ere, bere lekua galdegiten duen kolektiboa, eta hurrengo belaunaldientzako gizarte hobea uzteko ardura erakusten duena". Juan Mari Aburtok konpromisoa hartu du zahartze aktiboa sustatzeko eta lanean errime irauteko "Bilbo Adinekoekin Adiskidetsua den Hiri" moduan egiaz finkatzearren: uri irisgarri bat izan dadin, kalitatezko zerbitzuak dituena, errealitateari egokitutako gizarte prestazioak dituena, ekipamendu publikoak dituena eta eskubideetan benetako berdintasuna eskaintzen duena" .

Ekitaldian, Aburtok ezagutza agertzeko plaka bana eman die beren erretiratuen eta pentsiodunen elkarteetan aurten kargua uzten duten presidenteei, haien buru izan diren artean egin duten lan eta jardun berekoikeriarik gabekoagatik.

  • Pablo Basarte Folla, Basurtu-El Deporte izeneko Erretiratuen eta Pentsiodunen Elkarteko presidenteari.
  • Jose Antonio Rodríguez Valado Unidad Progresista AMUBI erretiratuen eta pentsiodunen elkarteko presidenteari.
  • Colette Irene Bourdin Moreno, Larraskitu-Parke Berria izeneko erretiratuen eta pentsiodunen elkarteko presidenteari.

Gainera, alkateak bi aipamen berezia egin ditu, Jose María Fernandez Atxabal eta Cristina Conde hil berriak gogoratuz, beren auzoetan izan zuten parte hartzeagatik, alegia, Masustegin eta Otxarkoagan.

BILBAO+60 SARIAK

Azkenik, gaur goizeko ekitaldian, Bilbao+60 sariak ere banatu dira, zeintzuekin ezagutza agertzen baitzaie Bilbon 60 urte baino gehiagoko pertsonen artean Uria bizitzeko leku adeitsuagoa izan dadin egindako ekarpenean erakutsitako ardura eta kar bereziagatik nabarmentzen direnei. Saridunek ibilbide pertsonal eta altruista bat daukate, urte asko baitaramatzate bizikidetzarekin eta Bilboko bizi-kalitatearen hobekuntzarekin konprometituta, auzoekin eta auzokoekin konprometituta, zerbitzurako jarrerarekin eta izateko, egoteko, jarduteko eta denekin harremanak izateko modu eredugarri batekin.

Aurten, Bilbao+60 sariak jaso dituzte: Luciano Azpiazu Canivell jaunak, ezaguna delako eta hala aitortu zaiolako arlo profesionalean, industria ingeniari moduan egindako bide luzeagatik, eta orobat gizarte proiektuetan erakutsitako ardura eta karragatik; Maria Antonia Montiel Blanco andreari (88 urte ditu), egoera zaurgarrian dauden pertsonen alde egindako boluntario-lanagatik eta Basurtuko auzoaren alde egindako lanagatik, zeinarengatik 2010ean Bizikidetza saria eman baitzioten; eta Txetxu Lombardero jaunari, zeinak 67 urte baititu eta mediku pediatra baita, eta Osakidetzan lanean jarraitzen baitu oraindik ere, arduratsu ekinez adineko auzotarren osasunagatik, gertuko medikuaren lan garrantzitsua betez.