BILBO. Aurreko edizioetan arrakasta handia izan duen Bilbao Triathlon proba asteburu honetan itzuliko da Bilboko kaleetara. Larunbatean konkretuki, hilak 26, lasterketa honen bederatzigarren edizioetatik bereziena ospatuko da, koronabirusaren pandemiak eragindako segurtasun-neurri guztiak betez.

Era honetan Bilbao-Bizkaia helmuga gisa kokatzen dira ekitaldi seguru eta kalitatezkoen antolakuntzan. Euskadiko eta Espainiako Triatloi Federazioen jarraibideak betez erakundeek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, Inneventoko eta Trikirol Kirol Klubeko antolatzaileekin garatu duten lankidetza estuak ekitaldi hau berme guztiekin burutzea ahalbidetzen du.

IZEN-EMATEKO PARTAIDE-KOPURUA BETETA

Erakundeak finkatu duen 500 inskripzioren partaide-muga, egungo errealitate berria dela eta ezarrita dauden ildoekin bat etorriz, duela aste batzuk iritsi zen. Parte-hartzaileek konfiantza osoa erakutsi dute antolakuntzan eta Espainiako Triatloi Federazioaren beste proba batzuetan egindako protokoloetan.

Itsasadarrean lehiatuko diren eliteko triatleten zerrenda benetan da zerrenda historikoa, eta onenen artean, gizonezkoen kategorian, Javier Gomez Noya (bost aldiz munduko txapeldun izandakoa) ikusiko dugu. Galegoarekin batera, ondoko hauek ere izango dira Bilboko Triatloian: Gustavo Rodriguez (Bilbon lau txapel irabazitakoa), Albert Moreno (2019. urteko irabazlea), Pello Osoro (2019ko txapeldunordea), Cesc Godoy, Ander Noain, Julen Díez, Guillem Rojas, Pablo Andújar, Emilio Aguayo, Cristóbal Dios, James Teagle britainiarra edo Xabier Tijero, besteak beste.

Emakumezkoen kategoria ez da atzean geratzen; izan ere, lehen ere txapelak irabazten ikusi ditugun triatleta batzuek hartuko dute parte, hala nola Judith Corachanek edo Gurutze Frades bizkaitarrak. Horiekin batera, nazioarteko mailako triatletak ere izango ditugu gurean: Aida Valiño, Maria Varo, Laura Gomez, Anneke Jenkins zeelandaberritarra edo Rosie Lindsay britainiarra.

EGOITZA BLINDATUA ETA PROTOKOLO ZORROTZA

Aurten zaleek ezin izango dituzte erdigune neuralgikoaren nondik norakoak ikusi, ezta boxetan parte hartzen dutenengandik gertu egon ere. Proba segurtasun eta osasun-kontrol zorrotz batekin hasiko da, parte hartzaile, antolatzaile, prentsa, epaile eta boluntario guztiek egoitza blindatura sartzeko; izan ere, aldez aurretik osasun-inprimaki bat entregatu beharko dute eta akreditazioa osatu, bakoitzaren osasun-trazabilitatea ziurtatze aldera.

Behin material guztia boxetan utzi ondorik, parte-hartzaileen arteko distantzia zabalak une oro gordez eta nahitaezko maskarak erabiliz, parte-hartzaileak banan-banan sartuko dira uretan, 3 segundoko denbora-tarteaz bereizita (5 metro inguru). Une horretatik aurrera, 500 parte-hartzaileek 82,5 kilometroko bizikleta-zirkuitu berrirako bidea hartuko dute; zirkuitu horretan bira bakarra emango dute, triatleten arteko distantziak jagotea errazte aldera. Gogoan izan behar dugu gutxienez 12 metroko tartea utzi beharko dutela aurretik duten txirrindulariarekiko, draftinga saihesteko, hau da aurreko txirrindulariaren gurpilari loturik joateari itzuri egiteko; horrezaz gainera, partaideek eskuinetik zirkulatu beharko dute elkar aurreratzea errazteko. Arau horrek, noski, prebentzio-neurriak betetzea bultzatuko du.

BIZIKLETA PROBA

Bilbotik azkar aterako dira partaideak, eta hiriko kaleetan zehar 14:00etatik 15:00ak arte ibiliko dira, hau da, ordubete eskasean jardungo dute lehian hirian zehar. Botika Zaharra Erriberan, Unibertsitateen etorbidean, Campo de Volantin pasealekuan eta Zumalakarregi etorbidean (N-634 errepidera arte, Etxebarri eta Galdakaorako norabidean) ibiliko dira lehiakideak.

Hortik aurrera, lasterketak beti hartuko du martxaren norabideko erreia, halako moldez non ordezko pasabidea baizik ez baita emango bidegurutzeetan eta lasterketak ukitzen dituzten puntuetan, baina antolamendukoak ez diren ibilgailuak zirkuituan sartzea debekatuz. Zirkuitu berriari esker, zikloturisten ibilbidetan zehar ibiliko dira partaideak lurralde historikoaren barruan, mundu osoko txirrindulariek hagitz gustuko duten tokia erakutsiz.

Galdakao atzean utzi ondoren, Larrabetzurako bidea hartuko du probak, aurtengo mendiko oztopo nagusira igotzeko, Morgako mendate ezagunera, hain zuzen. Mendate horrek % 6ko desnibela eta % 9tik gorako desnibela duten tarteak ditu (25. kilometroan). Mendate horrek 'El Vivero' historikoa ordezkatuko du, Bizkaiko errepideen gogortasuna argi utziz. 855 metroko desnibel positiboa duen ibilbidean, mendate honek faboritoen arteko ezberdintasun nagusiak ezartzeko balioko du.

Ia Mungialde osoan ibili ondorik (Fruiz, Meñaka, Maruri, Unbe mendiraino), hiri-ingurunera iritsiko gara Erandion, EHUn eta Astrabuduan barrena, Itsasadarrera berriz jaisteko eta Bilboko ItsasMuseumeko zelaigunean sartzeko, Euskalduna zubia zeharkatu ondoren. Bilborako itzulera horretan lehenaren eta bigarrenaren arteko distantzia 3 ordu ingurukoa izango da momentu horretan, 16:00etatik 18:30era.

OINEZKO LASTERKETA

Bizikleta-zirkuitua gauzatu ondoren, triatletak itsasadarraren ezkerraldera joango dira, Abandoibarra pasealeku osoa zeharkatuz, maratoi-erdia osatu eta Bilbao Triathloneko eta Espainiako Txapelketako txapeldun berriak zehazte aldera. Zirkuitua Euskalduna Zubitik, Guggenheim Bilbao Museotik edo Abandoibarra etorbidetik igaroko da berriro. Herritarrengan eragin txikiagoa izateko, aurten ez da eskuinaldea okupatuko eta ez dira hiriko zubi nagusiak blokeatuko.

Parte-hartzaileek 3 bira eman beharko dizkiote 7 kilometroko oineko zirkuitu berrituari, helmugara iritsi baino lehen 21 kilometroko ibilbidea osatze aldera.

Aurten, osasun-arloko segurtasun-neurriak direla eta, ikusleek ibilbidean zehar gozatu ahal izango dute proba, baina ezin izango dute ikuskizunaz gozatu Bilboko ItsasMuseumeko zabalguneko egoitza blindatuan kokatutako box eta helmuga eremu mugatuan.

ARDURAZ JOKATZEKO DEIA

Antolatzaileek espero dute ekitaldia arrakastatsua izatea eta gure hirian eta lurraldean kalitatezko ekitaldi seguruak egin daitezkeela munduari erakustea. Proba jarraitu nahi duten ikusleei segurtasun-distantziak errespeta ditzatela eskatzen diegu, bai euren artean, bai parte-hartzaileekin, baita maskara etengabe erabil dezatela ere.