Gaitasunak indartzeko

Azkuna Zentroak eta EHUk lankidetza akordioa sinatu dute

16.09.2020 | 18:08
Juan Mari Aburto eta Nekane Balluerka, Azkuna Zentroaren kanpoaldean.

BILBO. Gaur goizean, irailak 16, Bilboko Alkate Juan Mari Aburtok eta Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Nekane Balluerkak Azkuna Zentroaren eta UPV/EHUren arteko lankidetza akordioa sinatu dute. Hitzarmen honen helburu nagusia bi erakundeen artean euskal gizartearen kultura-, arte-, unibertsitate- eta ikerketa-gaitasuna sustatzeko, dibulgazio-, prestakuntza- eta ikerketa-jarduerak elkarrekin egitea da.

Bilboko alkate eta Azkuna Zentro – Alhóndiga Bilbaoko ohorezko lehendakari Juan Mari Aburtok eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Errektore Nekane Balluerkak gaur berretsi dute akordioa. Ekitaldian, besteak beste, Kultura eta Gobernantzako udal ordezkaria, Azkuna Zentroko Administrazio Kontseiluko lehendakari Gonzalo Olabarria; Patxi Jauristi (Bizkaiko Campuseko errektoreordea); Arantza Lauzirika (Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako Fakultateko dekanoa); eta Fernando Pérez zentroko zuzendaria izan dira.

Bi erakundeek elkarrekiko lankidetza-sistema baten alde egiten dute, eta sistema horren helburu nagusia izango da bientzat interesgarriak izango diren jarduera-ildo bateratuak garatzea arte garaikidearen, kulturaren eta gizarte-garapenaren arloan, besteak beste.

Azkuna Zentroan sinatu den akordio honek bi erakundeen kultur programazioa koordinatzea eta integratzea ekarriko du, eta lankidetza sustatuko du arte plastiko eta bisualen, ikus-entzunezkoen, eszenikoen, arkitekturaren eta pentsamenduaren arloetan, besteak beste.

Datozen lau urteetan, UPV/EHUk, Arte Ederren Fakultatearen bitartez, eta Azkuna Zentroak elkarrekin lan egingo dute unibertsitate-esparruan ikasketa- eta ikerketa-lanak garatzeko programak ezartzeko, Gradu Amaierako Lanen, Master Amaierako Lanen eta Doktorego tesien bidez. Gainera, lankidetzako prestakuntza-programak planteatzen dira, hala nola mintegiak eta masterreko berezko tituluak. Master horietako lehena 2021-2022 ikasturtean eskainiko da, eta ikusizko arteekin eta zentroko programazioarekin lotuta egongo da.

Gainera, topaketak, hitzaldiak eta prestakuntza- eta dibulgazio-ikastaroak antolatuko dituzte elkarrekin, beren ildo estrategikoekin bat etorriz, eta sareak, kontaktuak eta proiektuak partekatuko dituzte. Bestalde, lankidetzako prestakuntza-programak planteatzen dira, hala nola mintegiak eta masterreko berezko tituluak.