BILBO. Hurrengo ostiralean, hilak 18, Santutxuko auzoak 'Santutxu Kolorea' programa jasoko du. Igandera arte iraungo du, irailak 20, eta Karmelo plaza izango da Bilbon folklore tradizionala bultzatzeko helburua duen ekimen honen erdigunea. Aurten, betiko euskal dantza eta dantza garaikidea nahastuko dira, eta arlo bateko zein besteko talderik onenen emankizunak eskainiko dira.

Programa hau Santutxuko Gaztedi Dantzari Taldearekin elkarlanean egin da eta Tio Teronen Semeak, Natxo Montero Dantza, Oñatz Dantza Taldea, Gaztediko Txistulariak eta Gaiteroak, eta Kukai Dantza Taldeak ere parte hartuko dute.

Kultura programa hau #BilbaoUda2020ren parte da. Proposamen horren bidez, Bilboko Udalak kulturaz eta aisiaz bete du hiria, eta 150 jarduera baino gehiago egin ditu uda honetan. #BilbaoUda2020 #Bilbao Aurrera Udal Planaren barruan dator. Planaren helburu nagusia da, hain zuzen ere, covid-19aren ondorioak arintzea, egoerak gehien kaltetu dituen lanbide-sektoreetan.

"Santutxu Kolorea"ren barruan programatutako emanaldi guztiak sarrera librekoak dira edukiera bete arte, eta guztientzat dira.

PROGRAMAZIOA

Programa honen lau emanaldiak Karmelo plazan izango dira.

Irailaren 18a, ostirala, 20:00etan

Tio Teronen Semeak jatorri ezberdineko dantzariek osatzen dute eta bi gauza komun dituzte: dantzatzeko grina eta umorea. Bere 'Festamentua' lanean koadrilak hileta elizkizun batean bildu behar izan duela azaltzen du. Hileta horretan, hara eta hona ibiliko dira gertaera ulertu nahirik, gertatutakoak aldatuko direlakoan. Ikuskizun bitxi eta berri bat, umorea, dantza eta melodia itsaskorrak gainezka dakartzana.

Irailaren 19a, larunbata, 13:00etan

Natxo Montero dantzari eskarmentuduna da eta estatu-mailako eszenan goraka ari den sortzailea. Karmelo plazan, 'Barbecho humano' aurkeztuko du. Kale-mugimenduko pieza. Lurra metafora baten moduan agertzen du, itxarotearen eta ziklo berri batera igarotzearen metafora baten moduan. Lugorria atsedena da, aldaketaren beharra, oxigenazioa, indarberrituta irteteko eta berriro ere egunerokoari aurre egiteko premia. Han erakutsiko du aisialdia jolasa dela eta jolastea arimaren lugorria dela.

Irailaren 19a, larunbata, 19:00etan

Larunbat arratsaldean Santutxuko herritarrek Oñatz Dantza Taldea + Gaztedi Dantza Taldea + Gaztediko Txistulariak eta Gaiteroekin gozatu ahal izango dute.

Oñatz Dantza taldea ezaguna da, nagusiki, Oñatiko Corpus egunean ematen dituen ikuskizunengatik: hainbat dantza eskaintzen ditu, jantzi koloretsu eta biziekin eta txistuaren musikaz lagunduta. Aldi honetan, Oñatiko Corpus Christi eguneko dantzen ziklo osoa dantzatuko dute. Gaztedi Dantza Taldea euskal folklorearen arloan aritzen da, dantzak berreskuratuz eta agertuz, musika sendoagotuz eta ikertuz eta beste arlo asko lantzen.

Irailaren 20an, igandea, 13:00etan

"Santutxu Kolorea" programaren itxiera Kukai Dantza Taldearen eskutik iritsiko da. Dantza tradizionala dantzen ama da eta dantzariak eta koreografoak elikatzen ditu, baina hitz oro, dantza-urrats oro, sortzen da, urrats berri bat asmatzen eta interpretatzen duen dantzari batengandik. 'Gelajauziak'-en dantzaren kontzeptu oso tradizional batzuk berrikusten dira ikuspegi berri batetik.

OSASUN-SEGURTASUNA

Osasuneko protokoloak zorrotz beteko dira ekitaldi guztietan, osasun-segurtasuna ahalik eta gehien bermatzeko. Horretarako, #BilbaoUda2020 programako proposamenak formatu txikikoak izango dira, sarrera kopurua mugatuta egongo da eta publikoa beti eserita. Era beran, maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da #BilbaoUda2020ren barruan antolatutako ekitaldi guztietan.