BILBAO. Hurrengo asteartean, hilak 15, ospatu egingo da Bilboko hiriaren egoerari buruzko ezohiko udalbatzarra. Agintaldi honetako lehenengoa izango da, eta goizeko 10etan hasiko da. Bileran koronabirusaren pandemiaren eraginak aztertuko dira, eta hiriaren egungo eta etorkizuneko egoerari buruzko azterketa eta hausnarketa sakona egingo da.

Horretarako, alkateak bere agintaldiko lehen urtean udaleko sailek abian jarritako 300 ekintza baino gehiagoren laburpena azalduko du; aldi horrek oso balantze positiboa izan du adierazle guztietan: enpleguaren susperraldiaren aurrerapena, turismoaren arloko zifra errekorra, ekintzailetza, azokak antolatzea, nazioarteko ekitaldiak eta kongresuak… Datu horiek, Juan Mari Aburtok azalduko duen moduan, 2020. urterako "aurreikuspen onak, abiatzear zeuden proiektu berriak eta azken urteetako aurrekontu handienak" iragartzen zituzten, covid-19 martxoan sartu zen arte.

EKINTZA BERRIAK

Hala eta guztiz ere, ekitaldi honetan martxan jarriko diren 150 ekimenetako batzuk aurreratuko ditu Bilboko alkateak, batzuk hasita daude eta beste batzuk datozen hilabeteetan hasiko dira. Ekintza horiek guztiak birusaren ondoriozko oinarrizko bi ardatzen ingurukoak izango dira orain, osasuna eta ekonomia, agintaldi honetarako ezarritako lehentasunak alde batera utzi gabe: enplegua, proiektu estrategikoetako inbertsio publikoa, auzoetako jarduerak eta obrak, segurtasuna, garbiketa, garraio publikoa, gizarte-kohesioa, etxebizitza, bizi-kalitatearen hobekuntza (kultura, gazteria, euskara bultzatuz…).

Beste gogoeta batzuen artean, hurrengo urteetan lortu nahi duen Bilbo deskribatuko du, talde politiko guztiekin akordioak eta itunak lortzeko asmoz; horixe izan baita Juan Mari Aburtok gobernatzeko duen moduaren ezaugarrietako bat, zeinaren adibiderik berriena Bilbao Aurrera Plana izan baita, hirian covid-19 birusak sortutako ondorioei aurre egiteko talka-programa. "izan ere, 2020a ezin dugu konparatu aurreko ezein urterekin, eta horixe da egun dugun errealitatea, eta gainditu beharreko erronka", zehaztu du.

HIRIAREN EGOERARI BURUZKO UDALBATZARRA: HAUSNARKETA ETA EZTABAIDA

Lehen esan bezala, Hiriaren egoerari buruzko udalbatzarra irailaren 15ean, martitzenean, egingo da, goizeko 10etatik aurrera. Hasteko, alkateak azalpen nagusi bat emango du, jardueren balantzearekin, proiektu eta ekimen berrien aurrerapenarekin eta hiriaren egungo eta etorkizuneko egoerari buruzko hausnarketa sakonarekin; izan ere, oraingo honetan garrantzi handiagoa hartuko du, covid-19 pandemiak eragindako munduko osasun-krisiagatik.

Etenaldi baten ondoren, eztabaidari ekingo zaio, talde politiko guztien parte-hartzearekin, ordezkaritza txikienetik handienera, eta gehienez ere 15 minutuz. Beste etenaldi baten ondoren, alkateak gehienez ere 15 minutuko azken txanda egingo du udalbatzarrean.

Hiriaren egoerari buruzko udalbatzarra, Juan Mari Aburtoren aurreko agintaldian onartutako Udal Araudi berriaren gidalerroei jarraituz, urtean behin eta beti irailaren 30a baino lehen egiten da, eta ezin izango da egin udal-hauteskundeak egiten diren ekitaldian. Era berean, bilkura berezi honetan, gainerako udalbatzarretan ez bezala, ez da erabakirik hartuko.

Datorren martitzenekoa agintaldi honetan egingo den lehena izango da, eta hirugarrena, egungo alkateak berriz ezarri zuenetik 2017. urtean, hainbat urtez egin gabe egon ondoren.