BILBO. Bihartik aurrera, irailak 10, Bilboko Udalak antolatutako BLV - Art proiektua hartuko du Bilbo Zaharrak. Edizio berri hau Auzokizuna 2020 Planaren barruan dago, zeinak kulturaren aldeko apustua egiten duen, auzoa garatzeko eta modu integralean birgaitzeko elementu dinamizatzaileetako bat den aldetik.

Horrela, auzoa kulturaz beteko da irailaren 10etik 20ra, performanceak, antzerkia, dantza eta jarduera bereziekin, baita galerietara eta inguruko sorkuntza-espazioetara bisita gidatuekin ere.

Eguen honetako inaugurazioa Kataluniako Societat Doctor Alonsok egingo du, eta "Andrei Rublev- versión radiofónica" performancea aurkeztuko du Bilborocken, 20:00etan. Pieza honetan soinu-espazioak oso paper garrantzitsua du: soinu-geruza guztiak sakon aztertzen dira eta Tarkovskyren eta bere ingurunearen zinemako musika eta audioak gehitzen dira.

Barikuan, 20:00etan, BilbaoArten, Angela Millano koreografo eta performerrak "Tommy" partekatuko du. "Tommy" berriz dantzatzeko eta ez gelditzeko desiratik abiatzen da, eta beste gorputz batzuk eskatzeko moduak ikertzen ditu, nork bere gorputzean azaleratuz. Dantzan Bilaka 2019k babestu zuen ikerketa-proposamena da.

Asteburua bi proposamenekin iritsiko da: bata, zapatuan, hilaren 12an, 19:00etan, Artelan berreginen museoan; eta bestea, domekan, Bilborocken, 19:30ean.

Artelan berreginen museoko hitzordua Las Bastardasen eskutik etorriko da. Histeria Kolectiboaren babesean jaio ziren, duela 5 urte, sorkuntza, esperimentazio, ezagutza haustura, gorputz, kritika, amorru eta komunio artistiko eta politikoak bultzatuta. Bere "Con+Sumo + Gusto" proposamena erabateko estreinaldia da eta publiko guztientzat diseinatuta dago.

Astea 50eko hamarkadako swing, mambo, calypso eta rock'n'roll doinuekin itxiko da, eta umore handiz, Juana Geyserrek eta La Imaginaria banda musikalak irailaren 13an Bilborocken aurkeztuko duten antzerki-musika-performanceari esker.

BLV-ART 2020ren bigarren asteari irailaren 17an (eguena) ekingo zaio berriz ere La Dinamikaren (Eguzki Zubia) '3er acto' ikuskizunarekin, oso proposamen berezia antzerkia maite duten guztientzat. '3er acto'-rekin aktore baten kamerinora joango gara, funtzio bat egin ondoren. 57 urteko emakumea da, 35 urte daramatzana eszenan. Kamerinoaren intimitatetik lanean jarraitzeko odisea erakusten digu, bai eta bere gainbehera profesionala nola areagotzen ari den dena delako: emakumea, adinekoa eta artista. Emanaldia 20:00etan hasiko da Bilborocken.

Irailaren 18an, barikuan, Artelan berreginen Museoak dantza garaikidearen proposamena hartuko du 19:30ean eta 20:00etan. Espazio horretan, Blanca Arrieta koreografo beteranoak bi subjektu erakutsiko ditu, eta elkarrizketa mutu bat, keinuaren bidez eboluzionatuko duena. Argh! lanaren hasierako zatia da "Las Sillas". Betetzen dugun lekuan egoteko, arnasa hartzeko eta jolasteko determinazioa, jakinda errepikatzen dena beti desberdin esperimentatzen dela. Denbora eta espazio baten aldarrikapena, irudikatzeko eta sentitzeko, mugitzeko, eta hortik loturak sortzeko.

Irailaren 19an, zapatuan, Lokke/Olatz de Andresen txanda izango da, Doppelgänger proiektuarekin. Espazio ez-konbentzionaletarako pieza ibiltari batzuk ditu abiapuntu, ordezkoaren ideiarekin eta denboraren eraldaketarekin jolasten dutenak. BLV-ART-en Doppel-Leo aurkeztuko dugu, eskulturatik ekintzarako joan-etorrian mugitzen diren bi gorputz kamuflatu eta bat egiten dituen kapsula koreografikoa. Bi emanaldi izango dira: lehena 19:30ean eta, bigarrena, 20:00etan Artelan berreginen Museoan.

BLV - Art programaren edizio berri honen amaiera hirukoitza izango da. Alde batetik, Larutan Danzak eta Input Danzak Arriaga Plaza hartuko dute domekan, hilak 20. 13:00etan, Larutan-ek "Out of the blue" antzeztuko du. Lan fresko eta dibertigarria da, dantza librearen, mugitzearen, deskonektatzearen eta ohikotasunarekin haustearen plazeraz gozatzeko beharretik sortzen dena, publikoak guk bezainbeste goza dezan.

Ordu erdi geroago, 13:30ean, Input taldeak "Imperfectas" dantza-pieza partekatuko du, errealitate zentzugabe eta zintzoa erakusten duena, maitasunez eta onarpenez beteriko mundua, probatzeko eta huts egiteko espazio bat, jolasleku bat.

Amaiera gisa, Fusionarte Actividad Artística Sensorial-ek "Sin piel" eramango du Artelan berreginen Museora. Erabateko estreinaldia izango da, 15 minutuko jarduera artistiko sentsorial batekin eta solasaldi batekin, eta bi emanaldi izango ditu: bata 12:30ean eta bestea 13:30ean. "Sin piel" Juanaren intimitaterako gonbita da. Bere historia deskubritu nahi duenarentzat gune sakona. Emakume baten barrurako bidaia emozionala, bere gorputza kanpoko emozioetatik isolatu nahi duena.

Jarduera guztiek sarrera librea izango dute lekua bete arte, eta informazio guztia honako esteka honetan kontsulta daiteke: bilbaokultura.eus.

BilbaoArten irailaren 11n, 20:00etan, Angela Millanoren "Tommy" performancearen sarreretarako telefono-erreserba egin beharko da, egun berean, 94 415 50 97 telefonora deituta, 9:00etatik aurrera.

ARTY WALKS

Arty Walks ibilbideak irailaren 18an eta 19an egingo dira (barikua eta zapatua), 18:00etatik aurrera; bi ordu inguru iraungo dute.

Arty Walks ikustaldi bakoitzean, azalduko da nola eragiten duen kulturak Bilbo Zaharra bizitzen ari den eraldaketan, eta nola garatu den gero komunitate artistiko bat, zeina inguru hartan finkatzen ari baita. Horrez gain, sorkuntza-guneen arduradunek parte hartzaileei azalduko diete zeintzuk diren gune horien bereizgarriak, eta, erakusketen kasuan, aukera izango da artistekin berba egiteko haien obren inguruan.

Arty Walksen edizio honetan parte hartzen dutenek (irailaren 13ra arte izen-emate irekia egin ondoren, email bat bidaliz cultura@bilbaocultura.eus helbidera) erreferentziazko lekuak bisitatuko dituzte artistekin, hala nola Pikara Magazine, begirada feministarekin era guztietako gai sozial, politiko eta kulturalak jorratzen dituen kazetaritza praktikatzen duen proiektua; Caóstica, komunikazioaren, ikus-entzunezko ekoizpenaren, diseinu grafikoaren eta pedagogiaren alorreko profesionalen kolektiboa; edo La Deriva Taller de curiosidades-Lurpeko Bitxiak, ekoizpen eszeniko eta plastikorako, esku-hartze publikorako eta kaleko arterako lurpeko sorkuntza-habitata.

HIRI ARTEA

Arty Walksen parte hartzen duten pertsonek aukera izango dute Ruth Juan artista bartzelonar Bilbon finkatuak Sortzez Garbiaren komentuan egindako horma irudia ikusteko. Artistak berak aurkeztuko du obra.