BILBO. Bilbao Izan programak Sarriko eta Ibarrekolanda auzoen historia lehenengo pertsonan ezagutzeko aukera eskainiko du irailean, 'Ezagutu oinez' eta 'Ezagutu familian oinez' egitasmoen bitartez.

Ibarrekolanda eta Sarriko auzoak, beren historiaren zatirik handienean, behinolako Deustuko elizateko baserri-auzoak izan ziren, txakolina, baserriak eta baratzeak zeuzkan inguru bat. XIX. mendearen erdialdera industrializazioak ibai ertzeko lur sailak hartu ahala, Sarrikok eta Ibarrekolandak leku lasai eta bare gisa iraungo dute, eta familia burgesek hantxe eraiki zituzten beren txaletak, hala nola Zubiria familiak Sarrikoko lursailean.

Geroago, tranbia eta trena iritsi ziren, eta aldaketak lasterragotu egin ziren, inguru hura urbanizatuz joan zen arian-arian, eta kanala ere eraiki zelarik, hiri-auzo bat bihurtu nagusiki.

'EZAGUTU OINEZ'

'Ezagutu oinez' modu perfektua da uda honetan kultur plan bat aire zabalean gozatzeko. Irailean zehar, Sarriko eta Ibarrekolandan zehar bisita gidatu hauetan parte hartuko dutenek istorioak entzungo dituzte, dela adaburu batean zegoen txakolin bati buruz, edo jauregiak eta dorretxeak zeuzkaten orubeei buruz, eta unibertsitate-fakultateei buruz. Baserritarren bizimodura hurbilduko dira, goi mailako gizarte klasearen bilkuretara, eta langile klasearen egoera batzuetan gogorrera, behatuz joango direlarik nola eraldatu zen inguru hura auzo moderno bi bihurtu arte.

Ikustaldiak ordu eta erdikoak izango dira, eta martitzenetatik barikuetara izango dira, 11:00etan eta 18:30ean, eta zapatuetan 10:30ean eta 12:30ean.

Eguen arratsaldeetan, ikustaldiak euskaraz izango dira. Ikustaldiak euskaraz egin nahi dituzten talde gehiago egonez gero, taldearekin adostuko da eguna eta ordua.

Ikustaldiak egiten hasteko eta elkartzeko lekua Ibarrekolanda plaza izango da (Sarrikoko metroaren ondoan).

'EZAGUTU FAMILIAN OINEZ'

'Ezagutu familian oinez' lau urte baino gehiagoko neska-mutikoak dauzkaten familientzat beren berez pentsatutako ibilaldi bat da.

Ikustaldi horietan, familiek auzoak ezagutuko dituzte aztarna, jolas eta ipuinen bitartez. Ezagutuko dituzte hiriaren jatorria eta bilakaera haren kaleetan, plazetan, txokoetan eta antigoaleko eraikinetan ibiliz...jakin-minezko eta sormenezko begirakune baten bidez.

Ikerketarako kit batez hornituta eta zentzumen guztiak erne, ikuspegi berrietatik ikusiko dituzte Ibarrekolanda eta Sarriko. Esperientzia horren ostean, hiri ikertzaile bihurtuko dira, eta arian-arian ikasiko dute arretaz begiratzen eta entzuten, xehetasunari adi.

Bisitaldiek ordu eta erdi iraungo dute. Abuztuaren 13an eta 20an izango dira, 12:30ean, euskaraz eta gaztelaniaz.

Elkartzeko eta ikustaldiak hasteko lekua Lehendakari Agirre etorbidean izango da, 96. zenbakian.

OSASUN-ARAUAK

Gidatutako bisitaldiak egingo dira, baldin eta osasun-egoerak ez badu galarazten. Parte-hartzaileen osasuna eta ongizatea zaintzearren, aurten jende gutxiago sartuko da, gutxieneko segurtasun-tartea mantendu ahal izateko. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da.

IZENA EMATEA ETA ZELAN HELDU

Bisitaldi hauetan parte hartu gura duten pertsonek 944 010 010 telefonoan eman dezakete izena, astelehenetik domekara, 8:00etatik 20:00etara, abuztuaren 24tik aurrera.

Zelan heldu:

Metroa: Sarriko.

Bilbobusa: 10, 13, 18, 71

BILBAO IZAN

'Ezagutu oinez' eta 'Ezagutu familian oinez' Bilbao Izan proiektuaren barruan daude. Bilbao Izan izenarekin, Bilboren nortasunaren berri ematen duten programa guztiak batu ditu Udalak: hiriaren ibilbide historikoa, ondarea, jende famatuak utzi duen arrastoa, ondare artistikoa, hiri-egitura, eta auzo bakoitzaren eta kale eta txoko esanguratsuen historia berezia.

Bilbao Izan batez ere bertoko bizilagunentzat da, baina hiria bisitatzen duten pertsona guztientzat dago irekita, baita ere, edozein arrazoi tarteko, hiria sakonago ezagutu gura dutenentzat.

Gidatutako bisitaldi hauek #BilbaoUda2020 programa kulturalean daude: Udalak antolatutako programa honek 150 jardueratik gora dauzka, eta #BilbaoAurrera udal planean dago, gaur egungo egoerak gehien kaltetu dituen sektore profesionaletan covid-19-ak dauzkan ondorioak arintzeko prestatua.