Aste Nahasia delakoa bertan behera uztearen erabakia dela eta, jai herrikoiak babestera deitu zuten atzo Bilboko Konpartsek Arriaga plazan egindako balorazioan.

Aste Nahasia ez egitea aho batez erabaki zuten astelehenean Bilboko Konpartsek. Orotara, 51 ekimen ludiko eta kultural burutuko ziren abuztuaren 22tik aurrera, baina, Haizea Arriola eta Iñigo Iglesias konpartsen ordezkariek azpimarratu zutenez, azken asteetan covid-19aren kasu kopuruak nabarmen ugaldu izanak eragin du ekimenen baliogabetzea: “Egitasmo honen bitartez bilbotarrei irribarrea atera eta alaitasunez kutsatzeko asmoa geneukan, baina, azkenik, osasun neurri zorrotzak izan arren, jende pilaketak ekiditzeko ekintza hauek bertan behera uztea erabaki egokiena dela uste dugu”.

Konpartszen ordezkariek azpimarratu zutenez, balorazioa ez litzateke errealista izango ez balituzte “pairatutakoak” kontuan hartuko; tamaldu zutenez, “elkarlana baino gehiago, Udalak inposizioa erabili du sarritan aurten Bilboko jaien inguruan”. Konpartsakideek Udalaren aldebakartasuna bereizi zuten: “Debeku eta aldebakartasun joera hartu du Udalak. Era berean, jai batzorde mistoari bere erabakitzeko funtzioa eta aurrekontua lapurtu dio”. Ildo beretik, konpartsek salatu zuten Udalak ekimen herrikoi, pribatu eta instituzionalei tratu desberdinak ematen diela, ostegunean Arriaga plazan egindako kale antzerkia adibide gisa erabiliz: “Udalaren ustetan jai herrikoiak omen dira arazo bakarra; Udalak egindako ekintzetan ziur gaude segurtasun neurri zorrotzenak erabili zirela, baina bitxia da burutu izana, beste batzuei jarduerak ez antolatzeko egindako eskaeren ostean”.

ELKARTASUNA ETA ELKARLANA

Bilboko Konpartsek urtean zehar babestutako elkartasun jardueren eta elkarlanaren garrantzia nabarmendu zuten: “Bat egin genuen 1.000tik gora kulturgilek sustatutako manifestuarekin eta greba digitalarekin, bideo prentsaurrekoa eman genuen Hego Euskal Herriko hiriburuetako festen eragileekin, eta bat etorri izan gara Auzotarrok Bilboko auzoetako jai-ba-tzordeen koordinatzailearekin, Bizkaiko Pentsionista mugimenduarekin eta Teknikariok sindikatuarekin”.

Halaber, jai herrikoiak, herri kultura eta zerbitzu publikoak defendatzera deitu ezezik, osasun krisiarekin batera etorri den krisi ekonomikoa betikoek ordain ez dezaten premia nabarmendu zuten konpartsek.

Konpartsek laster ekingo diote urtero antolatzen duten barne hausnarketari: “Aurten kontuan izan behar dugu Santo Tomas eta aratusteak ez direla erronka errazak izango, ezuzte zoriontsuen ezean, covid-19ak gure artean jarraituko baitu”.

Bai Bilboko kaleetan bai Euskal Herria mailan lan egitearen beharra agerian geratu dela nabarmendu zuten konpartsek; haien esanetan, “normaltasun berriak erakutsi du hainbat instituzioen jarrera inposizioa dela”. Egoera honen aurrean, ordezkariek azpimarratu zuten jai herrikoiak, parte hartzaileak, feministak, euskaldunak, eta ekologistak babesteko, ezinbestekoa dela auzoetako jai batzordeak eta Bilboko Konpartsak indartsuak izatea.

Aho batez

Pasa den astelehenean Bilboko Konpartsek aho batez erabaki zuten Aste Nahasia bertan behera uztea azken egunetako covid-19aren kasu kopuruak nabarmen igo direla ikusita, batez ere hiriburuan.

51

Aste Nahasiak 51 ekimen ludiko eta kultural burutuko zituen segurtasun neurriak abiapuntu izanik.

Zuhurtzia

Osasun neurri oso zorrotzak eduki arren, Aste Nahasia bertan behera uztearen arrazoi nagusia jende pilaketak ekiditzea izan da.

“Jai herrikoiak, herri kultura eta zerbitzu publikoak defendatzea ezinbestekoa da”

Bilboko Konpartsen ordezkaria