BILBO. Hemen da jada Haurgune eta Kidegune umeentzako aisialdi programen edizio berri bat. Hala, hurrengo astelehenetik aurrera, hilak 10, programa horietan 2020/2021 ikasturtean parte hartu nahi dutenek izena eman ahal izango dute.

Eskabidea abuztuaren 17tik aurrera egin ahal izango da, webgune honen bidez, Udalaren informazio telefonoaren bidez (010/944 010 010) eta "Bilbao Click" bulego elektronikoen bidez.

Udalak, guztira, 651 plaza eskainiko ditu; 396 Haurgunean, 5 eta 8 urte bitarteko umeentzat, eta 255 Kidegunean, 9 eta 11 urte bitarteko adingabeentzat.

Plazak zozketa bidez emango dira; abuztuaren 19an egingo da zozketa. Emaitza hurrengo egunean emango da argitara Udalaren web-gunean eta, halaber, telefono bidez galdetzeko modua izango da, Udalaren informazio telefonoan (010 / 944 010 010), astelehenetik domekara bitartean, 8:00etatik 20:00etara, hobeto arratsaldez edota asteburuetan deitzen bada). Izen ematea abuztuaren 20a eta 25a bitartean egin beharko da.

Gutxienez 6 umek izena eman behar dute taldea sortzeko. Hortaz, parte-hartzaileen gutxieneko kopurua bete ezean, eskariak erreserban geratuko dira, pertsona gehiagok izena ematearen zain.

Lekuak bete gabe geratzen badira, ikastaroan zehar ere eman ahalko da izena: Gazteria eta Kirol Sailera deitu beharko da (94 420 43 94)

MUNDU BERRIAK ESPLORATZEN

Haurguneko eta Kideguneko ikastaroa datorren irailaren 14an hasiko da, eta 2021eko ekainera arte iraungo du.

Oraingo aldi honetan, Mundu berriak esploratzen izango du goiburua, eta gaiak Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) izango dira, NBEak planeta babesteko 2015ean proposatutakoak. Hala, bada, adingabeek hainbat helburu ezagutuko dituzte, hainbat arlotakoak, hala nola osasuna eta ongizatea, kalitatezko hezkuntza, genero-berdintasuna, klimaren aldeko ekintza, produkzio eta kontsumo arduratsua eta lurreko ekosistemetako bizia, besteak beste.

Horrez gain, ikasiko dute nola zaindu behar den planetan, eta, horretarako, olgetak, eta talde dinamikak erabiliko dituzte, aldaketaren eragile izan daitezen txikienak ere, eta bizimodu osasungarriago bat egiteko aukera izan dezaten. Jarduera hauek gauzatzeko orduan, ez dira bazterrera utziko errespetua, berdintasuna, kulturartekotasuna, dibertsitatea eta inklusioa, konpromisoa, jasangarritasuna eta bizikidetza bezalako balioak, guztiak ere Bilboko Balioen Agirien jasota baitaude..

Eta, gurasoek egindako eskaerei erantzunez, programak euskaraz gauzatuko dira, batik bat.

ABANDON ERE BAI HARGUNE ETA KIDEGUNE

Berrikuntza gisa, Abandoko Udaltegiak bat egin du Haurgune eta Kidegune zerbitzua eskaintzen duten instalazioekin.

Hala, beraz, Abandoko udaltegian ez ezik, beste udaltegi hauetan ere izango dira Haurguneak eta Kideguneak: Begoña, Irala, Otxarkoaga, Deustu, Zorrotza, Castaños eta Basurtuko udaltegietan, eta baita ere Zazpi Kaleetako lokal batean.

Hurrengo ikasturterako beste berrikuntza bat da Abandon izango dela astelehenetan eta martitzenetan Haurgune bat proba pilotu gisa 3 eta 5 urte arteko adingabeentzat, nahiz eta, arruntean, programa horietan parte hartzeko gutxieneko adina 5 urte izaten den.

HAURGUNEKO ETA KIDEGUNEKO PARTE HARTZAILEAK

Haurgune programa 5 eta 8 urte bitarteko umeentzat da (2012 eta 2015 urteen artean sortuak). Astelehenetik eguenera egongo dira irekita, 17:30etik 19:30era, Basurtukoa izan ezik, eguaztenetan baino ez baita izango; talde bakoitzean 12 leku izango dira. Abandon, astelehenetan eta martitzenetan, Haurgunea 2015 eta 2017 urteen artean jaiotako adingabeentzat izango da, eta eguazten eta eguenetan 2012 eta 2014 bitartean jaiotakoentzat.

Kidegune programa 9 eta 11 urte bitarteko neska-mutikoentzat da (2009-2011 urteen artean jaiotakoak). Barikuetan edo zapatuetan izango dira, 17:30etik 19:30era. Egunero, talde bakoitzean, 15 leku izango dira. Basurtun, barikuetan baino ez da izango.

Hala, bada, programa bietako parte-hartzaileek adiskideak egiteko aukera izango dute. Gainera, gaztetxoek bizikidetzarako trebeziak ikasteaz gain, aisialdian ondo pasatzeko aukera izango dute eskolatik irten ostean edo asteburuetan.

Umeek Haurgune edo Kidegune programetan parte hartzen duten bitartean, familietan nork bere zereginetarako, familiakoetarako edo lanekoetarako baliatu ahal izango du denbora, eta, hala, laneko bizimodua eta familiako bizimodua hobeto uztartu ahal izango dira.

NEURRI SANITARIOAK

Haurgune eta Kidegune programak unean uneko osasun-egoeraren arabera aldatu ahal izango dira. Era berean, programak gauzatzean, Eusko Jaurlaritzak emandako neurri eta protokolo sanitarioak bete eta betearaziko dira uneoro. Udalaren programa horietan parte hartzeko, ezinbestekoa izango da neurri sanitarioen gaineko konpromisoak onartu eta sinatzea, eta programatik kanpo uzteko arrazoia izango da horiek ez onartu edo betetzea.