BILBO. Toti Martínez de Lezea idazlea eta Asier Muniategi Euskadiko Liburu Azoken koordinatzailearen arteko topaketa gauzatuko da bihar, hilak 30, osteguna, Bidebarrieta Kulturgunean. Horrez gain, ostiralean Moonshine Wagon talde gasteiztarraren kontzertuaz gozatu ahal izango dute ikusleek leku berean. Bi ekintza hauek #BilbaoUda2020 programaren barruan aurkitzen dira.

TOTI MARTÍNEZ DE LEZEA ETA ASIER MUNIATEGI

Uztailaren 30ean, ostegunean, 19.00etan, Bidebarrieta Kulturgunean, Toti Martinez de Lezea idazleak eta Asier Muniategi Euskadiko Liburu Azoken koordinatzaileak liburuei, literaturari, eta bizitzako beste proiektu batzuei buruz hitz egingo dute. Esteka honetan eskuragarri dauden hitzordu horretarako gonbidapenak.

Toti Martínez de Lezea (1949, Gasteiz) eleberri historikoko idazlerik ezagunenetako bat bihurtu da narratiba berriaren barruan, eta genero horretako azken urteotako egilerik irakurrienetako bat da. Buru-belarri idazten hasi aurretik, itzulpengintzan jardun zuen. 1983 eta 1992 urteen artean bi antzerki talde sortu zituen eta ikus-entzunezkoen produkzioan aritu zen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarentzat programak idatzi, zuzendu eta egiteaz gain, ETBk haur eta gazteentzako emandako 1.000 saio baino gehiago sortu eta zuzendu zituen. 1998an lehen eleberria argitaratu zuen, 'La Calle de la Judería', eta azkena, 'Hierba de brujas', 2019an iritsi zen, 20 liburu baino gehiago geroago.

Asier Muniategik 20 urte baino gehiago daramatza Euskadiko Liburu Azoken koordinatzaile-lanetan.

MOONSHINE WAGON TALDEAREN KONTZERTUA

Uztailaren 31ko (ostirala) arratsaldeko zazpietan, Bidebarrieta Kulturguneak Moonshine Wagon Gasteizko taldea hartuko du.

Moonshine Wagon heavy-bluegrass egiten duen taldea da. 2013ko udazkenean sortu zen Gasteizen, ondo pasatzeko eta ikusleen txaloak jasotzeko kalean jotzeko elkartzen zirenean. Harrezkero, haziz joan dira etengabe, eta birak egiten dituzte euren autokarabanan, modu autogestionatuan, aretoetan eta jaialdietan joz, gehien gustatzen zaiena eginez. Taldea oso erraz ezagutzen da bere berezitasunengatik: zuzeneko energia agorrezina eta kutsakorra, umorez betetako kontzertuak eta kantak.

Kontzertu honetarako tiketak hemen eros daitezke, 5 euroren truke. Horrez gain, sarrera kopuru txiki bat lekuan bertan saltzeko gordeko da, kontzertu eguneko 17:00etatik aurrera.

Osasun arloko protokoloak zorrotz beteko dira #BilbaoUda2020ko ekitaldi guztietan, osasun-segurtasuna ahalik eta gehien bermatzeko. Era beran, musukoa erabiltzea nahitaezkoa izango da Bidebarrieta Kulturgunean egingo diren ekitaldi guztietan.