BILBO. Gaur goizean, hilak 23, ireki egin da 2020ko ekitaldirako Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) eskatzeko epea. Bilboko Udalak abiarazitako laguntza hauek Udalaren webgunearen bidez eskatu ahal izango dira.

Bilboko Udaleko Gizarte Ekintza Sailetik azaldu dutenez, "GLLen tramitazioa on line egitea bultzatzea erabaki da, prozesu hori arintzeko eta, aldi berean, Covid-19aren ondorioz ezarritako osasun-jarraibideak betetzeko; horrela, eskatzaile kopuru handirik ez da batuko eta itxaron-zerrendak murriztu ahal izango dira".

Laguntza horiek emateak lotura zuzena du Eusko Jaurlaritzak ezarritako jarraibideekin; aurten 8.435.109 euro jarri ditu Bizkaiko hiriburuarentzat. Ekitaldi honi dagokion urteko zenbatekoari, 4.974.577 milioi euro, beste 3.460.532 milioi euro gehitu zaizkio, COVID-19ak sortutako beste behar batzuei aurre egiteko.

Hauek dira Gizarte-Larrialdietarako Laguntzak emateko kontzeptuak:

  • Alokairua (Etxebizitzarako prestazio osagarria jasotzen ez dutenentzat), elkarrekiko alokairua, azpialokairua, pentsioa edo apopilotza, baldin eta babes ofizialeko etxebizitza batean bizi ez bada eskatzailea.
  • Etxebizitzaz edo ohiko bizitokiaz baliatzeko eta zaintzeko gastuak (ura, estolderia, OHZa).
  • Energia gastuak (hornidura elektrikoa eta gasa).
  • Bizigarritasunerako (edo konponketak egiteko) eta oinarrizko ekipamenduetarako gastuak.
  • Lehenengo beharrizanetarako gastuak, Osasun Publikoko Zerbitzuak bere gain hartzen ez baditu (optika, odontologia eta antzekoak).
  • Aurreko kasu horietan aldez aurretik zorpetzea dakarten gastuak, nahiz eta muga batzuekin, zenbatekoei dagokienez.

Onuradunek laguntza horien kontzeptuan jaso ditzaketen zenbatekoei dagokienez, Udalak aldatu egin ditu 2020ko ekitaldirako gehieneko kopuruak. Espediente bati gehienez 2.000 euro esleituko zaizkio (aurreko urteekin alderatuta, 500 euro gehiago). Kopuru hori salbuespenezko egoeretan gainditu ahal izango da, baldin eta behar diren txostenen bidez justifikatzen bada beharrezkoa dela.

Gizarte Larrialdiko Laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzeko, beharrezkoa da urteko diru-sarrerak Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta baino 1,5 bider txikiagoak izatea, hau da, urteko 13.427 euro, bizikidetza-unitatea orokorra pertsona bakarrak osatzen duen kasuetan; edo 19.072 euro, hiru pertsonak edo gehiagok eratzen badute.

Pentsiodunen bizikidetza-unitateen kasuan, GLL jaso ahal izateko gehieneko diru-sarrerak 15.405 euro izango dira, bizikidetza-unitatea kide bakarrekoa bada, eta 20.797 euro, bizikidetza-unitatea hiru kidek edo gehiagok osatua bada.

Era berean, diru-sarrerak jasotzen dituztenek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

  • Bilbon egon behar dute erroldatuta eskaera egiten duten unean, eta, gutxienez, 6 hilabeteko antzinatasuna izan behar dute Euskal Autonomia Erkidegoan.
  • Bizikidetza-unitate beregaina eratu behar dute, eskaera egin baino urtebete lehenagotik, salbuespenezko kasuetan izan ezik.
  • Adin nagusikoa izatea, salbuespenezko kasuetan izan ezik.
  • Ez edukitzea nahikoa baliabide.
  • Ez izatea Etxebizitzarako Prestazio Osagarriaren onuradun, salbu eta oinarrizko beharrizanetarako Gizarte Larrialdiko Laguntzak eskatu behar diren kasuan.

2020KO ESKAERAK

Bilboko Udaleko Gizarte Ekintza Sailak jakinarazi du aurten, osasun-krisiak Bizkaiko hiriburuko egoera ekonomiko-laboralean izan dituen ondorioak direla eta, zaila dela aurreikuspena egitea GLLak eskuratzeko baldintzak bete ditzaketen eskabideen kopuruari buruz.

Urtearen hasieran herritarrei gai horri buruzkoetan arreta eskaintzen hasi zen Udala. Aurreko urteetan bezala, eta antolaketa-arrazoiengatik, aurreko ekitaldian GLLa jaso eta dagoeneko justifikatuta dauzkaten pertsonei deitu zaie.

65 urtetik gorakoei dagokienez, 1.648 eskaera izapidetu dira jada, urtarrilaren 22tik otsailaren 28ra bitartean. Adin horretatik beherakoei dagokienez, 2.605 hitzordu eman dira martxoaren 9tik ekainaren 9ra bitartean. Aldi horretan, Covid-19aren eraginez etxean konfinatuta egon garenez gero, tramitazioa telefonoz egin da, eta 2.459 eskaera izapidetu dira.

ONLINE SISTEMA BERRIA

Gaurtik aurrera, uztailaren 23tik aurrera, interesa duten gainerako pertsonek udal webgunearen bidez izango dute izena emateko aukera. Tramitazioa on line egitea lehentasunezkotzat joko du, prozesu hori arintzeko eta, aldi berean, Covid-19aren ondorioz ezarritako osasun-jarraibideak betetzeko; horrela, eskatzaile kopuru handirik ez da batuko eta itxaron-zerrendak murriztu ahal izango dira.

Bilboko Udalarentzat, GLLak eskatzeko eta izapidetzeko diseinatu den sistema telematiko berri hori aurrerapauso handia da laguntza horien kudeaketan, prozesuak automatizatzen direlako, dokumentazioa azkarrago entregatzen delako eta itxaroteko denbora murrizten delako.

Era berean, beste udal-baliabide batzuk ere jarriko dira, izapideak online egiteko zailtasunak dituzten pertsonei telefonoz laguntzeko. Aurrez aurreko arretarako hitzordua ere eskatu ahal izango da, bide telematikoz egiterik ez badago.

LAGUNTZEN KONTROLA

Udalak diruz lagundutako zenbatekoen gastuaren justifikazioa kontrolatzeko prozedura txertatzen ari da. Ildo horretan, egoera horretan dauden pertsonei gutunak bidaltzen zaizkie urtean bitan, aurreko urteetako laguntza erreklamatzeko, justifikatu gabe badute. Gutun horretan, halaber, gogorarazten zaie betebeharra dela haiek justifikatzea, eta, justifikatu ezean, itzuli egin behar dela prestazio justifikatu gabea, errekerimendua egiten bazaie prestazio jaso eta ez justifikatua itzultzeko.

2019KO BALANTZEA

Aurreko ekitaldian, 5.813 pertsona izan ziren mota horretako laguntzaren onuradun, 5.148.563 euro jasoz guztira. Kopuru horretatik, 5.118.465 euro Eusko Jaurlaritzatik datozen fondoei dagokie eta gainerakoa, 30.000 euro Udalak jarri du, Eusko Jaurlaritzaren partida amaitu egin delako.

Guztira, GLLak izapidetzeko 9.923 pertsonari deia egin eta adostutako hitzorduetan arreta eman zitzaien eta azkenean, horietatik 6.799 pertsona aurkeztu ziren eta eskaria formalizatu zuten. Hala ere, 700 eskari ezetsi egin ziren, baldintzak ez betetzeagatik, eta 286 atzera bota, agiriak falta zirelako.

Laguntza bakoitza, batez beste, 885,69 eurokoa izan zen; 2018an 873,30 eurokoa izan zen eta 2017an, 830,24 eurokoa.

Kontzeptuen araberako prestazioen banaketari dagokionez, azken urteotako bilakaera eta premien araberako gastuak berdintsu jarraitzen dute. Gizarte Larrialdietako Dirulaguntzen jasotzaile gehienak etxean sortzen diren fakturak ordaintzeko erabiltzen dituzte udalaren ekarpenak. 2019an 5.999 familia-unitatek (12.876 kide) jaso zituzten Udalaren Gizarte Larrialdietarako Laguntzak, besteak beste, hipoteka, errentamendua, mantentze-lanak, altzariak, konponketa edo energia-gastuak ordaintzeko.