BILBO. Atzo, hilak 16, koronabirusari aurre egiteko maskarak daukan garrantzia nabarmentzen duen kanpaina aurkeztu zen, 'Zu eta ni, maskara beti' lelopean. Ekitaldian Bilboko alkate Juan Mari Aburto eta Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeria izan ziren, besteak beste.

Eneko Atxa sukaldariak eta Gurutze Beitia aktoreak helarazi diete mezua herritarrei; denbora batez gure bizitzetan sartuta izango dugun errealitate honetan, oraindik ere zuhur ibili behar dugula dioen mezua: "Maskara jarrita eraman behar dugu, eta ondo jarrita. Hala egitea benetan zer den barneratu behar dugu: gizalegezko jokabide bat. Elkartasunezkoa. Errespetuzkoa. Hezibidekoa. Eta, funtsean, guztion osasuna babesteko konpromisoa da: gure familiaren osasuna, gure lagunena, gure auzokideen, lehen lerroan lan egiten duten pertsona guztiena. Gizarte osoarekiko erantzukizuna da", nabarmendu dute.

Etorkizunean birusaren ondorioz kutsatze gehiago egotea saihesteko, herritarrak maskara erabiltzearen garrantziaz kontzientziatzeko egin da ekitaldi hau Foru Jauregian, eta hauek izan dira ere, besteak beste: Joaquín Achúcarro piano-jotzailea, Rakel Mateo atleta paralinpikoa, Mikel Urrutikoetxea pilotaria, Leticia Canales surflaria edo Yolanda Aberasturi ile-apaintzailea.

Athleticen izenean, Aitor Elizegi presidenteak, José Angel Iribarrek eta Mikel Martínezek parte hartu dute. Bilbao Basketen izenean, berriz, Isabel Iturbe presidenteordeak. Halaber, EUDELeko, Bizkaiko Ostalaritzako Elkarteko eta Bilboko Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkarteko ordezkariak izan dira ekitaldian.