BILBO. Bilboko Udalak emakumeentzako informazio eta orientazio zerbitzu berria sortu du, koronabirusaren pandemiak eragindako beharrizanei erantzuteko helburuarekin. Xedea da gizarte babeseko sistemaren baliabideak emakumeei hurbilago jartzea, edozein dela ere haien jatorria, administrazio-egoera, hizkuntzaren jakite maila edo dibertsitate funtzionala.

Udalaren zerbitzu horrekin, emakumeek aukera izango dute informazioa jasotzeko beren gizarteratze, autonomia eta ongizate sozialean lagunduko dien diru-prestazio, eskubide eta beste baliabideen gainean, bereziki COVID-19ak eragindako pandemiaren ostean. "Informazioa, orientazioa eta aholkularitza dira emakumeek egin behar duten lehen urratsa beren bizitzan aurrera egiteko larrialdi sanitarioko egoeraren ostean", adierazi du Bilboko Udaleko Berdintasun Sailak.

Alde horretatik, orientazioa eta aholkua jaso ahal izango dute emakume interesdunek, Euskadin dauzkagun erakundeen eta gizarte-entitateek kudeatzen dituzten zerbitzuei eta prestazioei buruz, hala nola Bilboko Udalaren sail batzuek eta besteek eta oinarrizko gizarte zerbitzuek (Genero Indarkeria Prebenitzeko Zerbitzuak, esate baterako), edo Eusko jaurlaritzak (Lanbide eta Osakidetza), edo Bizkaiko Foru Aldundiak, edo Gobernu Zentralak (Estatuaren Enplegu Publikoko Zerbitzua).

Xedea da, beraz, emakumeari informazioa ematea eta hura dagokion baliabidera bideratzea, erantzun egoki bat ematearren haren eskariari, eta, bestetik, ez bikoiztea lehendik badiren zerbitzuak. Era horretan, lagundu egiten da emakume bilbotarren autonomia hobetzen eta haiek gizarteratzen, hartara haien gaitasunak handitzearren, haien boteretzea sustatzearren eta laguntza emozionala eskaintzearren.

Horrez gain, Zerbitzu honek erraztu egingo die genero-indarkeriako egoerak hautematen, dela indarkeria fisikoa, psikologikoa edo sexuzkoa, eta orobat babesgabeziako egoerak hautematen, mendekotasunak, bakardadeak, muturreko txirotasunak, osasun mentaleko arazoek eta abarrek eraginak.

WHATSAPPEZ, POSTA ELEKTRONIKOZ EDO BERTATIK BERTARA

Bilboko Udala datorren asteazkenean, uztailaren 15ean, hasiko da baliabide hori eskaintzen, eta hainbat bide eskainiko ditu zerbitzu hori baliatzeko.

Zerbitzuaren harremanetan jartzeko telefonoak: 688 727 193 eta 94 401 28 00

  • Ezarritako ordutegian, emakumeei erantzungo zaie telefono-deien eta testu-mezuen bidez.
  • Txat zerbitzu lasterra, hainbat aplikazioren bidezkoa: WhatsApp, Messenger, Telegram, eta abar.
  • Posta elektronikoaren bidez: infoberdintasuna@bilbao.eus

Aurrez aurreko elkarrizketak. Aurrez aurreko arreta eskainiko zaie aldez aurreko hitzorduaren bidez galdegiten duten emakumeei. Hitzordu hori, beraz, emakumeak lehen aipatutako baliabide horien bidez izango duen lehenengo harremanean ezarriko da.

BILBAO AURRERA PLANA

#BilbaoAurrera Planaren barruan dator ekimena, zeina gizarte, ekonomia eta kultura larrialdirako programa bat baita, 15 milioi euroz hornitua, eta 50 neurri baino gehiago jasotzen baititu, Covid-19aren krisi sanitarioak uriko pertsonei eta enpresei eragindako ondorioak biguntzeko eta haien suspertzea eta oneratzea eragiteko. Bilboko Udaleko talde politiko guztiek egin eta adostu dute Plan hori.

Udal aurrekontuan 15 milioi euro erreserbatu ziren Ezohiko Plan honetarako, zeinaren bidez Covid-19ak gehien erasandako sektoreei eta kolektiboei eragindako ondorioak bigundu nahi baitira; bada, 15 milioi euro horietatik, 2,2 milioi euro "ezkutu sozial" bat osatzeko jardunetarako erreserbatu dira, egungo egoeran erasanak izan diren eta arreta berezia behar duten pertsonentzat.

Udalaren Emakumeentzako Informazio eta Orientazio Zerbitzu hau Plan horretan jasotako neurrien artean dago, hain zuzen, genero-indarkeriaren biktima izan diren emakume guztiei eta haiek beren ardurapean dituzten pertsonei diru baliabideak ziurtatzeko proposatutako neurriaren barruan doa.

Alde horretatik, eta baliabide honen xede gisa proposatzen denez gero, konpromisoa hartzen du Udalak genero-indarkeriaren biktima izan diren emakumeentzako lehendik dauden programak azkartzeko eta egokitzeko, beste erakunde eskudun batzuekin batera koordinatuta, hartara babesgabeziazko egoerak eta familia barneko gatazka egoerak hautematearren, itxialdian larriagotuak eta esku-hartze psikosozialak eta sozioedukatiboak behar dituztenak, eta haiei arreta eskaintzearren.