BILBO. Koronabirusak eragindako krisialdiak kaltetutako enpresei bideratutako aholkularitza-zerbitzu espezializatua abiaraziko du Bilboko Udalak. Ekimen hau Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bidez egingo da.

Aholkularitza-zerbitzuaren helburua izango da Bilboko enpresei Covid-19aren ondorengo etapan laguntza ematea, besteak beste, erosketetan, hornikuntzan eta logistikan, ordainketa-metodoetan eta kobrantza digitaletan, komunikazioan, joera digital berrietan edo kontsumo zein merkatukoetan, merkataritzan eta salmentetan eta Interneteko segurtasunean.

Zerbitzua irailean jarriko da martxan, baina, lehenik eta behin, online saio bat egongo da uztailaren 15ean, 09:00etan, eta hizlari garrantzitsuak izango dira bertan.

Sarrera-hitzaldi honen helburua da osasun-krisiaren ondorioz sortutako egoera ulertzea, bai eta aholkularitza-zerbitzu berritzailearen helburuak azaltzea ere. Javier Garcinuño Bilbao Ekintzako zuzendari nagusia arduratuko da lehenengo saio hau aurkezteaz, "webinar" formatuan. Honako hizlari hauek beren eskarmentua eta ezagutza partekatuko dute enpresa parte-hartzaileekin: Francisco J. Aspiazu, Bizkaiko Enpresa Konfederazioan idazkari nagusia (CEBEK), Bernat Figueras, PWCko aholkularitza estrategikoko negozioaren bazkide arduraduna eta Xavier Marcet, Lead to Change-eko burua. Online hitzaldian eztabaida bat egongo da, eta hizlariek zein enpresa parte-hartzaileek parte hartu ahal izango dute bertan.

Bilbao Ekintza udal-sozietatek CEBEKekin lankidetzan antolatuko du "webinar" jau, eta Bilboko Udalak berriz aktibatzeko ezarritako premiazko neurrien #BilbaoAurrera Planaren ekintzetako bat da.

Online hitzaldian parte hartu nahi duten enpresa guztiek honako esteka honetan gaitutako inprimakiaren bitartez eman dezakete izena: esteka.

BILBAO AURRERA PLANA

#BilbaoAurrera Plana Gizarte, Ekonomia eta Kultura Larrialdietarako programa bat da, 15 milioi eurokoa, eta COVID-19aren osasun-krisiak hiriko pertsonengan eta enpresengan dituen ondorioak arintzeko, suspertzeko eta berreskuratzeko 50 neurri baino gehiagoko sorta bat duena. Plan hori Bilboko Udaleko talde politiko guztien artean egin eta adostu da.

Beste neurri ekonomiko batzuen artean, ETEei, mikroenpresei eta autonomoei zuzendutako COVID-19aren kontrako segurtasun-protokoloetatik eratorritako gastuei aurre egiteko eta zehazki babes-materiala erosteko zuzeneko laguntzak onartu dira, guztira, 500.000 eurorekin. Enpresentzako zerga-pizgarriak, murrizketekin eta hobariekin zerga eta tasetan. Horrek eragin ekonomikoa izango du, 3 milioi euro gutxiago sartuko baitira.

Era berean, Bilboko auzoetako merkataritza-elkarteei emandako dirulaguntza izendunak % 100 handitu dira, eta orain 276.000 eurora iritsi da. Helburua da Bilboko auzoetan merkataritza-jarduera dinamizatzeko eta kontsumoa sustatzeko ezohiko ekintzak bultzatzea, bai eta tokiko asoziazionismoa indartzea ere, egiten diharduten lan garrantzitsuagatik.