BILBO. Koronabirusaren pandemiak eragin zuzena izan du nolabait guztion bizitzetan, eguneroko bizitzako ohitura arrunt asko aldatuz. Esate baterako, normaltasun berri honetan mantendu beharreko distantzia sozialak tabernetako terrazak zabaltzera behartu du. Hori dela eta, Bilboko Udalak maiatzaren 11tik ekainaren 26ra arte, bi egunak barne, terrazak handitzeko eskaera egiteko epea ireki zuen. Epe horretan, Udalak 1.093 eskaera jaso ditu: 329 terraza berriei buruzkoak dira, eta 764 azalera handitzeari buruzkoak.

Espazio Publikoaren Zuzendaritzak dagoeneko aztertu eta sailkatu ditu eskabide guztiak. Horietatik, erabaki da 746 eskaerari baimena ematea, eta, aldiz, beste 347 eskaerari ezezkoa eman zaio. Baimenduta izango direnak, 529 espaloian dira (78 berriak eta 451 lehendik baimenduta; eta, 522, 4 metro baino gehiagoko espaloiei buruzkoak eta 18, 4 metro baino gutxiagoko espaloiei buruzkoak); eta, 217 galtzadan edo aparkaleku-bandan (99 berriak eta 118 lehendik baimenduta).

Bestalde, baimena ukatzeko funtsezko arrazoia da -ia kasu guztietan- espazio fisikorik eza edo seinaleztapen horizontalarekin, bertikalarekin, hiri-altzariarekin kontenedoreekin... bat etortzea, terraza bat jartzea edo handitzea bideraezina egiten baitu.

Bilboko Udalak ostalaritzako terrazak egokitasunez ireki daitezen ostera ere, apurka-apurka, sektorea nahitaez itxi behar izan ostean Covid-19 krisiarengatik, zenbait neurri salbuespenezko eta iragankor onetsi ditu, ostalaritzaren sektorea osasun krisiarengatik jasaten ari den kalte larria arintzearren, Udalak ahal duen neurrian.