BILBO. Koronabirusak eragindako egoera dela eta hiru hilabetez itxita egon eta gero, martxan da berriro Itxaropen kaleko 22. zenbakian dagoen Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoa. Atzo ireki zituen berriro ateak eta aldez aurreko hitzorduarekin artatuko ditu kontsumitzaileak, edukiera mugatua izango baita. Bulegoaren barruan beharrezkoa izango da maskara erabiltzea.

Osasun-agintariek emandako gomendioak bete ahal izateko instalazioek itxita egon behar izan badute ere, Bilboko herritarrentzat oinarrizkoa den zerbitzu horrek normaltasunez funtzionatzen jarraitu du azken asteetan, telematikoki egindako komunikazioei, telelanari eta langileen profesionaltasunari esker.

Izan ere, azken 2 hilabeteetan nabarmen egin du gora telefonoz eta posta elektronikoz izapidetutako eta artatutako kontsulten eta erreklamazioen kopuruak.

Hain zuzen ere, apiril-maiatzean % 38 handitu da erreklamazio- eta kontsulta-kopurua, 2019ko aldi berarekin alderatuz. KIUBen 1.025 erreklamazio eta kontsultari eman zitzaien arreta 2019an, eta 2020an, bi hilabete horietan zehar, 1.414 kudeatu dira.

ERREKLAMAZIOAK SEKTOREKA

Sektorez sektore begiratuta, 2020ko lehenengo seihilekoan telekomunikazioak egon dira berriz ere erreklamazio-sailkapenaren buruan: guztizkoaren % 22. Ondoren, aireko garraioak % 19 izan du, energiak (argindarra eta gasa, salmenta, fakturazioa, etab.) % 5,15, eta hotelek, kanpinek eta jatetxeek % 3,42.

Aseguruek, odontologia-arloko jarduerek eta internet bidezko merkataritzak osatzen dute zerrenda.

elefonia da oraindik ere erreklamazio-portzentajerik handiena duen sektorea, baina erabiltzaile gehien duena ere bada. Azpimarratzekoa da aireko garraioaren eta bidaia-agentzien gorakada, Covid-19ak eragindako egoerarekin zerikusia duena, hegaldi asko bertan behera uztera eta kontratutako pakete asko deuseztatzera behartu baitu. Energiaren sektorean, berriz, behera egin du erreklamazio-portzentajeak, iruzurrezko energia-kontratuak atez ate egiteko debekuagatik, eta negu hau ez delako aurrekoa bezain hotza izan.

Hotelei, kanpinei eta jatetxeei dagokienez, Covid-19aren ondorioek eragin dute jasotako erreklamazio-kopurua ere handitzea, normalean egonaldia edo seinalea ez itzultzeagatik. Bankuen eta aseguruen arloan ere igo da erreklamazio-kopurua seihileko honetan. Gainera, azpimarratzekoa da hartzekodunen aurre-lehiaketan dauden Dentix hortz-kliniken kasua. Klinika horiei dagozkien erreklamazioak % 2,30 dira gaur egun, baina aurreikusten da gora egingo dutela nabarmen.

LEGE ALDAKETAK

Azken hilabeteotan hainbat aldaketa egin dira europar eta espainiar legedian, pandemiaren ondoriozko egoerari erantzun nahian. Esate baterako, martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretua, zeinaren bitartez Covid-19ari aurre egiteko premiazko neurri osagarriak ezarri diren arlo sozialean eta ekonomikoan, eta Kontsumo Ministerioaren "Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak koronabirusak (Covid-19) eragindako egoeran" dokumentua, 2020ko apirilaren 2koa.

Hori dela eta, Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoko lantaldeak aldaketa horien berri eduki behar izan du, informazio eguneratua eta zehatza eskaini ahal izateko.