BILBO. Hurrengo astelehenean, ekainak 15, Bidebarrietako Udal Liburutegiak irakurketa eta kontsulta-gela ireki egingo du, koronabirusak eragindako egoera dela eta hiru hilabetez itxita egon eta gero.

Sartu ahal izateko, erabiltzaileek tiketa bat jasoko dute sarreran, ikaspostuari dagokion zenbakia duena, eta ateratzean itzuli beharko dute. Postu horiek ezin izango dira inola ere erreserbatu, eta aretoaren itxieran utzi diren norberaren gauzak hurrengo txandan libre gera daitezen kenduko dira. Era berean, maskara erabiltzea derrigorrezkoa da.

Oraindik ere indarrean dagoen bi metroko segurtasun-distantzia mantendu ahal izateko, irakurtzeko postuak 26 izango dira, eta bi txandatan erabili ahal izango dira: 08:30etik 14:30era goizez, eta 15:30etik 19:30era arratsaldez, astelehenetik ostiralera. 14:30ean, aretoa itxita egongo da, bete diren postu guztiak garbitu eta desinfektatzeko. Garbiketa hurrengo eguneko lehen orduan egingo da, jendearentzat ireki baino lehen.

Mailegatutako agiriak gela horretako sarreran itzuliko dira, baina maileguak lehen solairuko Egunerokotasun Gelan gordeko dira, 10:00etatik 19:30era. Indarra duen araudia betez, jendeak ez du bildumarako zuzeneko sarbiderik izanen eta liburutegiko langileek emanen dituzte eskatutako dokumentuak unean bertan edo aldez aurretik telefonoz edo posta elektronikoz.

Fase berri honetan, erabiltzaileek itzulitako materialetarako behar den berrogeialdia murrizten da, aurreko faseko 15 egunetatik 7 egunetara.

UDAL LIBURUTEGIEN SAREA

Bestalde, San Inazio, Castaños, Zurbaranbarri, Otxarkoaga, Ibaialde, Errekalde, San Frantzisko eta Zorrotzako liburutegiek jendea hartzeko ordutegia zabaldu dute, 09:00etatik 13:45era. Neurri berri hauekin, Bilboko udal-liburutegiak pixkanaka egokitzen eta normaltasuna berreskuratzen ari dira.

Liburutegien webgunean uneoro eskainiko da informazio eguneratuena, liburutegietako gainerako zerbitzuak eta atalak ireki ahala.