BILBO. Espainiako Normalizazio eta Ziurtapen Elkarteak (AENOR) Bilbobusi eman dio koronabirusaren kontrako kudeaketaren protokoloei buruz ematen duen ziurtagiria. Euskadin ziurtagiria jasotzen duen hiri garraioko lehenengo erakundea izan da Bilbobus.

Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailaren xedea da Bilbobusen zerbitzuak erabiltzen dituztenei konfiantzarik handiena eskaintzea bidaiatzeko, eta, hala, garraio publikoa erabiliz mugitzeko dituzten ohiturak berreskuratzeko; funtsezko alderdia da hau, itxialdiaren mailetan behera egiteko urrats hauetan ohikotasunera arrakastaz itzultzeko.

Bilbobusen Covid-19 gaitzaren kontrako protokoloak AENOR-ek ziurtatzen ditu, eta jasota daude haietan Bilbobusen erabiltzaileak zerbitzuekin kontaktuan sartzen diren une guztiak, ibilbidea hasi aurretik, bitartean eta amaitutakoan kontaktu hori gerta daitekeen une guztiak.

Horrez gain, egiaztatu da bat datozela Estatuko eta nazioarteko organismo batzuek eta besteek (hala nola Osasun Ministerioak edo Laneko Segurtasun eta Osasuneko Estatuko Institutuak€) emandako gomendio eta betebeharrak aintzat hartuz osatutako gidarekin.

Ziurtapen prozesuaren funtsezko osagai gisa, AENOR Bilbobus ikustera etorri da, eta ikuskapen zorrotza egin dio ebaluazio bidez, bai lekuan bertan, bai agiri bidez, ziurtatzearren protokolo egokiak aplikatzen ari dela eta frogatzearren birusaren hedatzea saihesteko haren konpromisoa.

COVID-19 GAITZAREN KONTRAKO NEURRIAK

Ziurtagiri horren bidez egiaztatzen dira Bilbobus igaroko martxoaren 14az geroztik egoerari egokitzeko egiten ari den lana eta ahalegina; esate baterako, edukiera mugatuz, beharrizanen arabera.

Bilbobus, alde horretatik, beti egon da adi, ikusteko ea uneren batean eskaria osasun agintariek baimendutako edukiera baino handiagoa zen, eta antolamendu berezi bat ere abian jarri izan du, edozein lineatan zerbitzua areagotzeko.

Bilbobusek garbitasun eta desinfektazio neurri bereziak ezarri ditu autobusen barnealdean, eta areagotu egin du desinfektazioa bidaiarien kontakturik handiena izaten den lekuetan, urarekin eta lixibarekin; gainera, ozonoztatu egin ditu autobus guztiak.

Joan den hilabeteotan, areagotu egin da segurtasuna, osasun krisiaren hasieratik funtsezkoak izan diren zenbait neurrirekin: kartelak ezarri dira arau eta gomendio sanitarioak adierazteko; bidaia Barik txartelarekin ordaindu beharra beti; edukiera mugatu egin da, eta egokitu, unean-uneko araudiaren arabera, eta zintak eta eranskailuak ipini dira jarlekuetan, segurtasun tartea zedarriztatzeko. Une honetan bertan, erabiltzaileen eta gidarien arteko tartea gordearazteko, beirazko itxiturak edo batzeko eta hedatzeko errezelak ari dira ipintzen.

Egikune horiek guztiak premiazkoak izan zirenez lehenengo egunetan, plastikozko errezelak ipini ziren gidariak eta bidaiariak bereizteko, plantillako boluntario talde batek hartuta ardura. Hasiera-hasieratik, autobusera atzeko atetik sartu beharra ezarri zen. Horrez gain, nahitaezkoa izaten hasi zenean, hasierako egunetan, musukoak eman zitzaizkien bidaiariei.

HURRENGO EGIKUNEAK

Bilbobuseko langileak funtsezkoak izan dira krisian zehar. Izurritea hasi zenetik, gela, desinfektatzailea, esku-larruak eta musukoak eman izan zaizkie, eta, Bilbobusen instalazioetan, garbiketarako beharrezko produktuak pilatu izan dira, eta aldageletako eta gune erkideetako garbiketa areagotu, besteak beste.

Neurriak lehenbailehen eta eraginkortasunez planifikatzea eta ezartzea ezinbestekoa izan da, eta, hori dela eta, Covid-19ari buruzko koordinazio-batzorde bat sortu zen, uneoro ezartzearren eta koordinatzearren koronobirusaren pandemiaren ondorioak iraun bitartean ezarri beharreko ekintza guztiak.

Datozen egunotan, Bilbobusek neurri berriak ezarriko ditu, aurrerantzean ere segurtasuna areagotzeko, hala nola ikatzezko iragazki bioaktiboak bidaiak iraun bitartean barruko airea guztiz berritzeko. Halaber, autobusak garbitzeko lainoztagailuak ere ezarriko dira, alegia, dosifikagailu eroangarri batuk, desinfektatzailea barreiatzen dutenak tanta txikien moduan (behe lainoaren moduan), autobus barrualdean zabal dadin. Gainera, aurrerantzean ere, egiaztatzeko ezarritako neurriak berrikusi eta eguneratu egingo dira.