BILBO. Bilboko Udalak ikasturte honetan eskainitako udal kultur tailerren zati bat itzuliko die ikasleei, hasiera batean ordaindutako kantitatearen % 25a inguru, alegia. Konfinamendua ezarri zenetik, tailer presentzialak eten behar izan ziren, baina online eskaintzen jarraitu izan dira orduz geroztik.

Hala ere, Udalak egokitzat jo du kuoten zati bat itzultzea, ordaindutako hasierako zenbatekoaren %25, gutxi gorabehera. 1.000 pertsona inguruk parte hartu dute Udalaren 79 kultur tailer horietan, hainbat gai lantzen dituztenak, hala nola, kultura, eskultura, olioa, pintura sortzailea, argazkigintza, azaleztapena edo zinemaren hastapena.

Itzulketek honako zenbateko hauek izango dituzte: 24 euro matrikula arrunta ordaindu zutenei, 14 euro langabezian edo erretiratuta daudenei eta 2 euro diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenei. Hain zuzen, matrikularen jatorrizko zenbatekoaren % 28a itzuliko zaie lehenengoei -86,45 € ordaindu zituztenei-; % 26a bigarrenei -54 euro ordaindu zituztenei- eta % 23a hirugarrenei -8,65 euro ordaindu zituztenei-. Ebazpen hori Udalak joan den azaroaren hasieran emandako 79 kultur tailerren ikastaroaren amaierarekin batera iristen da.

Tailer horiek, hasiera batean hiriko Barrutietako Udal Zentroetan emateko pentsatuak, martxoaren 14an eten ziren, eta online eman ziren hainbat plataformaren bidez. Hala, azken asteetako inguruabarrak egokitu egin ziren, ikastaro horietan izena eman zuten pertsona guztiek prestakuntza galdu ez zezaten eta interesa zuten diziplinen edukiak, erabilerak eta ariketak jasotzen jarraitu zezaten.

Irakasleen eta parte-hartzaileen ahalegina oso garrantzitsua izan da, eta ikasturtearen amaierara iristea ahalbidetu du ezagutza berriak eskuratuz eta tailer horiek aisialdi sortzaile eta kulturalaren zati gisa erabiltzeko helburua betetuz, herritarrak prestatu, entretenitu, interesatu eta dibertitzeko.