BILBO. Maiatzaren 11n, Euskadi deseskalatzearen lehenengo fasean sartu baino lehenago, Bilboko Udalak terrazak jarri eta handitzeko eskabideak egiteko aukera eman zuen. Orduz geroztik, 523 eskaera jaso dira dagoeneko; 77 eskaera terraza berriak ipintzeko izan dira, eta gainerako 446ak, aldiz, terrazak handitzeko.

Horien guztien artean, Espazio Publikoaren Zuzendaritzak dagoeneko aztertu eta sailkatu ditu 447 eskaera, jasotakoen % 85,5. Eta dagokion azterlana egin ostean, erabaki da 320 eskaerari baimena ematea, eta, aldiz, beste 127 eskaerari ezezkoa eman zaio. Baimenduta izango direnak, 240 espaloian dira (17 berriak eta 223 lehendik baimenduta; eta, 230, 4 metro baino gehiagoko espaloiei buruzkoak eta 10, 4 metro baino gutxiagoko espaloiei buruzkoak); eta, 80 galtzadan edo aparkaleku-bandan (58 berriak eta 22 lehendik baimenduta).

Bestalde, baimena ukatzeko funtsezko arrazoia da -ia kasu guztietan- espazio fisikorik eza edo seinaleztapen horizontalarekin bat etortzea, terraza bat jartzea edo handitzea bideraezina egiten baitu.

Barrutika, Abando (%38,83), Alde Zaharra (%18,44%) eta Deusto (%12,23) izan dira Udalari eskaera gehien egin dizkiotenak.

Baimen berriak, beraz, itxialdia arintzeko 2. fasea hastearekin hasiko dira eragiten.

NEURRI SALBUESPENEZKO ETA IRAGANKORRAK

Bilboko Udalak egokitu egin du bere araudia, ostalaritzako terrazak egokitasunez ireki daitezen ostera ere, apurka-apurka, sektorea nahitaez itxi behar izan ostean COVID-19 krisiarengatik. Xede horrekin, zenbait neurri salbuespenezko eta iragankor onetsi ditu, ostalaritzaren sektorea osasun krisiarengatik jasaten ari den kalte larria arintzearren, Udalak ahal duen neurrian.

Itxialdia arintzeko 1. fase honetan, terrazak ipintzeko baimena eman zaie baimena indarrean zuten tegiei. Gainera, mahai-kopuru bakoiti baterako bazen baimena, % 50eko mugaren aplikazioa modu zabalean aditu da. Hau da, tegiak bost mahai bazeuzkan baimenduta, hiru jarri ahal izan ditu.

Lehenengo fasean ez da terraza berririk baimendu. Hala ere, izan da aukera instalazio berriak ipintzeko edo instalazioen azalera handitzeko eskabideak aurkezteko. Aukera hori gero ere izango da, 2. eta 3. faseetan zehar.

Eskabide hori egiteko, dagokion orri-eredua bete behar da eta posta elektroniko bidez bidali Bilboko Udalaren Espazio Publikoaren Zuzendaritzari (espaciopublico.up@bilbao.eus) edo Bizkaiko Ostalaritza Elkartearen Zuzendaritzari (terrazasbilbao@asociacionhosteleria.com). Era berean, Bilbao Dendak (info@bilbaodendak.eus) eta BilbaoCentro (tecnico@bilbaocentro.com) elkartearen bidez ere bideratu ahal izango dira.