BILBO. Bihar hasiko den asteburuari begira eta pasaden bi asteetan egin bezala, Bilboko Udalak uriko zortzi barrutietako guneak egokituko ditu oinezkoek segurtasun-distantzia mantendu dezaten. 13 gune egokituko dira guztira.

Zortzi barrutietan aldi baterako neurriak ezarriko dira zenbait espazio gordetzeko; espazio horietan ibilgailu pribatuaren erabilera mugatu egingo da, abiadura orduko 20 kilometrora mugatuko da eta oinezkoek eta bizikletek lehentasuna izango dute. Guztira, 126.000 metro karratu baino gehiago izango dira, non errazagoa izango baita joan-etorri osasungarriagoak eta jasangarriagoak egitea.

Gune horiek zedarritzeaz gain, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak egokitu egin ditu denborak uriko hainbat semaforotan, oinezkoek izan dezaten lehentasuna, eta espaloiak ere zabalagotu egin ditu aldi baterako, zirkulazioaren norabideak zedarritu, eta seinaleak areagotu.

Gogorarazten da nahitaezkoa dutela 6 urte baino gehiagoko pertsonek maskara erabiltzea, kalean, aire librean eta erabilera publikoko leku itxi guztiean, edota jendearentzat irekita dauden espazio itxietan, ezinezkoa denean pertsonen artean gutxienez bi metroko segurtasun tartea gordetzea.

Salbuespen gisa, osasun agintariek ezarritakoaren arabera, ez dute betebehar hori izango arnasa hartzeko zailtasunen bat duten pertsonek, maskara erabiliz arazoa larriagotu egiten bazaie, ez eta osasunari dagozkion arrazoi behar bezala justifikatuengatik maskara erabiltzeko kontraindikazioren bat dutenek, edo desgaitasun edo mendekotasun egoeragatik jokabide-alterazioren bat izanik erabiltzea ezinezkoa dutenek.

Halaber, ez da erabili beharko maskararik erabili ezin den jardueretan, jarduerekin bateraezinak izateagatik.

IBILTARIEN SAREA

Hain zuzen ere, ibilbide seguruagoak eta irisgarriagoak proposatzeko asmoz, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak aldaketa batzuk egin ditu Osasun eta Kontsumo Sailak "Ibiltarien Sareko" 15 ibilbideetan, pertsonen joan-etorriak hobetzeko eta jende pilaketak saihesteko.

Bilboko Udalak ibilbide horiek egitea proposatzen du neurrizko intentsitateko ariketa direlako eta, era berean, uriko hainbat inguruz gozatzeko aukera ematen digutelako. Horrez gain, azpiegiturak dauzkaten guneak dira: eserlekuak, iturriak, komun publikoak€

Era berean, zenbait aholku aintzat hartzea gomendatzen da, urian gabiltzala elkarren artean tartea uzteko gomendioa hobeto betetzeko:

  • Ahal dela, ez ibili kale estuetatik, elkarren arteko tartea uztea zaila den tokietan.
  • Espaloietan edo oinezkoen guneetan, ahal dela, beti zirkulatu behar da norabidearen eskuineko aldetik. Bi espaloi dauzkaten kaleetan, norabidearen eskuineko espaloitik joan behar da.
  • Nondik ibili erabakitzeko orduan, oinezkoentzako leku zabala daukaten etorbide eta kaleei eman lehentasuna.
  • Urian ohikoak diren plaza eta ibilbideetan erlojuaren orratzen norabidearen kontrakoan joan (eskuinetik ezkerrera).

OINEZKOEK LEHENTASUNA IZANGO DUTEN GUNEAK

Zapatuan eta domekan, 13 gune berriro prestatuko dira atzera bere 8 barrutietan. Oinezkoek eta bizikletek lehentasuna izango dute eta ibilgailu pribatuen erabilera mugatu egingo da. Gune horietako gehienak korridoreak dira, zabalguneak lotzen dituztenak (hau da, plazak, parkeak eta abar).

1.barrutia, 08:00etatik 22:00:00era.

  • Deustuko zubiaren azpian, Udaletxerako norabidean doan erreia oinezkoentzat izango da. Itxi egingo da bidea ibilgailuentzat San Ignazioko norabidean Botikazar erribera kalean, Agirre anaien eta Francesc Macia kaleen artean. Bidegorria erdibitzailetik hurbilen dagoen aldera saihestuko da, eta galtzadatik joango da Salbe zubiraino. Bidegorria itxi egingo da Salbe zubiaren eta Agirre anaien kalearen artean, oinezkoek erabil dezaten, eta txirrindulariek galtzadatik ibili beharko dute.
  • Zubizurin eta Aita Arrupe zubian noranzko biak mugarrituko dira, oinezkoen joan-etorriak errazteko.
  • Zarandoa etorbidea itxi egingo da (Deusturako noranzkoan), Aragoi kalearen eta Madariaga etorbidearen luzapenaren artean, oinezkoek erabil dezaten. Igarotzen utziko zaie garajeetara doazen autoei, garbiketako zerbitzuei eta Bilbobusei.

2.barrutia, 08:00etatik 22:00:00era.

  • Lezamako Trenbide Zaharreko kalea oinezkoek erabiltzeko egokituko da, Pikotamendi (Artxanda) inguruarekin eta Etxebarria parkearekin lotzeko. Bilbobusei eta inguruko garajeetara doazen ibilgailu partikularrei bakarrik utziko zaie igarotzen.
  • Oinezkoek erabiltzeko zedarrituko da Udaletxeko zubian igotzen den bidearen eskuineko erreia, gune horretan espaloia zabaltzeko.

3.barrutia, 10:00etatik 22:00:00era.

  • Jesus Galindez kalean, Txomin Garat eta Ornilla doktorearen kaleen artean, ezarriko da oinezkoen gunea, eta libre utziko da Garaizar kalearen eta Gabriel Aresti etorbidearen arteko konexioa. Bilbobusei eta inguruko garajeetara doazen ibilgailu partikularrei utziko zaie igarotzen.

4.barrutia, 10:00etatik 22:00:00era.

  • Oinezkoentzako gune moduan egokituko da Zabalbide, Santa Klara, Iturriaga eta Juan de la Cosa kaleen eta Santutxuren arteko eremua. Garajeetara doazen ibilgailuei igarotzen utziko zaie.

5.barrutia, 08:00etatik 22:00:00era.

  • Oinezkoak ibiltzeko izango da Atxuri kalea, Miraflores etorbiderako noranzkoan doan erreian, Kañu pasealekuarekiko lotura hobetzeko.

6. barrutia, 10:00etatik 22:00etara.

  • Oinezkoentzako gunea izango da Kale Nagusia, Mazarredo zumarkalearen eta Moyua plazaren arteko tartean. Garajeetara sartzen eta ateratzen baino ez da utziko. Bilbobusen zerbitzua eta taxi zerbitzua ondoko kaleetara bideratuko da.

7.barrutia, 08:00etatik 22:00:00era.

  • Oinezkoentzako egokituko da Arane eta Medina de Pomar kaleen arteko eremua, Eskurtze parkearekiko konexioa hobetzeko. Garajeetara doazen ibilgailuei igarotzen utziko zaie.
  • Egokitu egingo da Diaz Emparanza kalea, oinezkoek erabil dezaten, Villabaso kaletik abiatuta. Inguru hartako garajeetara doazen ibilgailuei utziko zaie igarotzen.

8.barrutia, 08:00etatik 22:00:00era.

  • Oinezkoentzat izango da Olabeaga kaia, San Nikolas Olabeagatik hasi eta Zirgarien kaiko oinezkoen eremura arte. Inguru hartako garajeetara sartzen eta ateratzen utziko da. Bilbobusaren A-3 linearen ibilbidea aldatu egingo da.
  • Basurtuko Geltokiko kalea oinezkoentzat izango da, eta garajeetara sartzen eta ateratzen utziko da.
  • Abaro estrata oinezkoentzat egokituko da, Zorrotza-Kastrexana errepidearen eta Zorrozgoitibidearen artean; Untziola kalea gurutzatzeko baimena izango da, bai eta garajeetara sartzeko eta irteteko ere. 10:00etik 22:00era itxiko dira bide horiek.