BILBO. Garai latzak dira gizarte osorako. Ordu asko pasatu behar izaten ditugu etxean bizilagunekin eta, hori dela eta, baliteke noizean behin arazoak sortzea, baita bizilagunen komunitateetan. Horregatik, balizko arazo horiek saihesteko, Bilboko Udalak Gizagune Fundazioak landu eta egindako azalpen-gida atera du, 'Bizikidetza Osasun Alarmaren garaian' izena daramana. Horren helburu nagusia bizikidetza ona sustatzea da, eta horretarako izan behar ez ditugun hainbat atal zehaztu dira, hala nola musika oso altu ez entzutea edota egunero zaborra ateratzea, besteak beste.

Praktikan erraz jartzeko moduko aholku hauek bizilagunekiko harremanak hobetzea dute helburu, bereziki kontuan hartuta egungo konfinamendu-egoeraren ondorioz zenbait komunitatetan dauden bizikidetza-arazoak larriagotu ahal direla. Horrekin batera gogoratu nahi dute, orain inoiz baino gehiago, ongizatea zuzen-zuzenean lotuta dagoela etxean darabilgun portaerarekin, eta gure osasuna -osasun mentala barne- pazientziaren eta elkar ulertzearen menpe dagoela une hauetan, baita kontzientzia eta guztion arteko lankidetzaren menpe ere.

Nolanahi ere, gomendio hauek, egungo egoera gainditzeko kontzientzia sortzeaz gain, etorkizunera begira ere erabat baliagarriak izan daitezke.

Ohitura egokien gida hau Udalaren webgunean argitaratu eta online banatuko da -jasotzaileen artean dago Bizkaiko Administratzaileen Lurralde Elkargoa, bazkideen artean zabal dezan-, baita modu presentzialean ere Bilboko Udaltzaingoaren Ikuskaritzetatik, izan ere, udaltzainak arduratuko dira gida banatzeaz, etxebizitzetan nahiz komunitateetan egiten dituzten esku-hartze guzti-guztietan.