BILBO. Europa osoa isolatzen ari den koronabirusak eragindako osasun larrialdiko egoera dela eta, agure ugari euren etxeetan isolaturik geratu dira, erosketak egitera atera ezinda. Horregatik, Bilboko Udalak bakarrik bizi diren adineko pertsonak detektatzeko plana abiarazi du.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak azken egun hauetan eman dituen gomendioak herritar guztientzat izan dira, baina, batez ere, adineko pertsonentzat, horientzat arriskua handiagoa baita. Horiek horrela, kontuan hartuta Bilboko biztanleen % 24k 65 urte edo gehiago duela, adineko pertsonen artean bakardadea, oinarrizko premiak betetzeko zailtasunak edota familiaren edo gizartearen laguntza-sarerik eza bezalako egoerak detektatzeko gako batzuk proposatu nahi dira.

Isolamendu egoera hauek ez dira beti ikusten errazak, baina ezinbestekoa da horiek detektatzea, udaleko gizarte zerbitzuek esku hartu dezaten eta prebentzio-lanak egin ditzaten. Horregatik, egun hauetan herritarrei dei egiten die laguntzeko eta isolamendu- edo bakardade-egoeraren susmorik izanez gero, abisua emateko.

Honelako egoerarik detektatuz gero, Udalak herritarrei eskatzen die Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jarri daitezela, 010 telefonora deituz edo urgencia@bilbao.eus helbidera email bat bidaliz. Horrela, Gizarte Zerbitzuetako profesionalek kasua baloratu, esku hartu eta jarraipena egingo dute.

"BEGIRADA AKTIBOA"

Bilbo hiri adiskidetsua da adinekoekin. Udalak, adineko pertsonentzako politika espezifikoak garatzen dituzten programen artean, Begirada Aktiboarena dauka. Programa horretan, adineko elkarteek eta boluntarioek -antena sozialak izenez ezagunak- eta profesionalen elkarteek eta erakundeek bakardadea edo inguru hurbileko beste arrisku batzuk direla-eta, arriskuan dauden adineko pertsonak identifikatzen laguntzen dute.