Kirikiño Etorbideko plazan

Ogiaren Jaiaren seigarren edizioa ospatuko da Ametzolan eta Iralan

10.03.2020 | 12:57
"Ogiaren jaia" delakoaren egitaraua.

BILBO. Hemen da jada "Ogiaren Jaia" delakoaren seigarren edizioa. Aurreko sei urteetan bezala, aurten ere Bilboko Ametzola eta Irala auzoetan ospatuko da.

"La Caixa" Obra Sozialak estatuan bultzatzen duen Komunitateko Esku-hartze Kulturartekoaren Proiektuaren (ICI) barruan kokatzekoa da ekimena. Bilbon, Udala eta Gazteleku Komunitate Garapenerako elkartea ari dira eragile, elkarrekin. Martxoan eta apirilean zehar, antzeko topaketak ari dira ospatzen 36 lurraldeetako gehienetan, eta helburu bakarrarekiko proiektu bat eratzen dute guztiek: komunitatea eratzea elkarbizitzarako. Komunitatearen barruko prozesua 2014an hasi zen gure auzoetan eta ordutik partaidetzarako espazioak garatu ditu eta elkarlanaren kultura errotu du komunitatearen kide ezberdinen artean; hots, herritarren, baliabide teknikoen eta erakundeen artean.

SEI URTE ELKARBIZITZA ORATZEN

Kirikiño Etorbideko plazan, Iralako auzoan, ospatuko da "Ogiaren jaia" ostera ere, eta seigarren urtea ilaran izango da hau. "Elkarbizitzan oratzen ditugu auzoak" izango du goiburua jaiak, aurten. Goiburu horrek bat egiten du, zuzen-zuzenean, Iralaren historiarekin; keinu egiten die, halaber, ICI proiektuaren jardun-lerro nagusiei: gizarte-kohesioa eta kulturarteko elkarrizketa auzoetan.

Jaiaren helburua, lehenbiziko aldiaz geroztik, beti izan da parte-hartzerako eredu barneratzaile bat sustatzea, herritarrentzako irekia, eta prozesuko protagonista batzuen eta besteen arteko egiazko elkarbizitza bat eragingo duena. Talde eragile baten bidez bermatzen da hori; taldea auzoetako era bateko eta besteko baliabide eta pertsonek eratzen dute, eta dibertsitate handia ematen zaio hala antolaketaren eremuari.

Aurten ere, ogia izango da jaiaren gaia eta jaian bilduko diren kultura guztiak kohesionatuko dituen elementua, "Munduko Ogiak" erakusketaren eta dastaketaren bidez.

Zapatuan, martxoak 14, goizeko 11:00etatik aurrera, jarduera ugari egongo dira Kirikiño plazan, auzoa eraikitzeko eta herritarren arteko elkarbizitza sustatzeko pentsatuak. Aurreko aldietan bezala, jaiak honako ardatz hauek izango ditu:

  • Elkarteen azoka: erakusmahaiak izango dira, Ametzolako eta Iralako elkarte, kolektibo eta zerbitzuenak, egin ohi duten lana erakutsiz.
  • Munduko ogiak: munduko leku bateko eta besteko usadiozko ogiak erakutsi eta eskainiko dira dastatzeko, inguruko herritarrek erreta.
  • Emanaldiak, jarduerak eta tailerrak: goizean zehar hainbat jardueraz gozatu ahal izango dugu, hala nola capoeira erakustaldiaz, euskal dantzez, abesbatzen kontzertuez, adin guztiei zuzendutako tailerrez, ijitoen kafeaz eta abarrez. Aurten, era askotako materialak birziklatzeko tailerren presentzia handia azpimarratu behar da. Horrez gain, Auzoko Istorioei eskainitako gune bat ere izango dugu. Jarduera hori ikasturte honetan zehar ari da martxan jartzen, hainbat pertsonaren arteko topaketa gertagaitzak errazte aldera. Era berean, "Agurra ahoan, osasuna auzoan" jolas kooperatiboan ere jolastuko gara. Joko hori baliabideen artean sortu da, eremuari eta komunitate-kontzientziari buruzko ezagutza areagotzeko.

"AURRERA EGIN AHALA EBALUATZEN DUGU"

Urtero-urtero, jaiaren antolaerak bat egiten du une horretan prozesuak duen fasearekin. Joan den urtean, programazio komunitarioak aurrera egin ahala, Ebaluazio Komunitarioari ekin zitzaion. Auzoko bizilagunekin hainbat gunetan egindako elkarrizketen bidez, proiektuaren aurrerapen nagusiak eta hobetu beharreko alderdiak jasotzen dituen dokumentu bat egin da.

Ildo horretatik, Ogiaren Jaian gune bat egongo da, bertaratutakoekin ebaluazio horren emaitzak partekatzeko. Beren iritziak eta ekarpenak jasotzeko aukera ere izango da.

"OSASUNA ORATZEN"

Hainbat hilabetez, "Iralako eta Ametzolako Osasun Komunitarioko Mahaiak", bi auzoetako zerbitzuekin, kolektiboekin eta bizilagunekin elkarlanean, osasun komunitarioari buruzko mahai-joko bat egin du, "Agurra ahoan, osasuna auzoan" lelopean.

Joko horrek gaixotasunik eza baino haratago doan zerbait bezala ulertzen du osasuna, eta jokalariek beren osasunaren baldintzatzaileen gaineko kontrola hartzeko duten gaitasuna sustatzen du. Bi auzoei buruzko askotariko galderak eta probak biltzen ditu, baita osasunari eta ongizateari buruzko galdera orokorrak ere.

Jaiaren egunean bertan, egindako lana erakutsiko da, eta bertaratzen direnek olana erraldoi batekin jolasteko aukera izango dute euskarri gisa, hainbat galdera eta probari erantzunez.

"AUZOKO ISTORIOAK PERTSONAK KONEKTATZEKO"

"Auzoko istorioak" ekimenak bi hilabete daramatza gutxi gorabehera martxan, eta Iralako pertsonez eta kolektiboez osatutako talde eragile bat du. Ekimen honen helburua da askotariko pertsonen artean topaketa gertagaitzak sortzea, hurbilketa bat sortzeko eta batzen dituenaren bidez konektatzeko, auzo horretan bizi edo lan egiten baitute. "Ogiaren Jaian", lehen emaitzak islatuko dira, lana erakusteko eta jendea etorkizuneko topaketetan parte hartzera animatzeko.

Ogiaren Jaia antolatzeko nahitaezkoa da prozesua bultzatzen duten entitateen partaidetza, baita antolaketan parte hartu duten baliabide, elkarte eta taldeen lana ere. Hauek dira parte hartu dutenak: Iralabarriko auzo elkartea, Abadá Capoeira, Amiarte, Gallego Gorria , Eskurtze eta Tomás Camacho ikastetxeetako guraso elkarteak, Asaam Bizkaia elkartea, Iralako merkatarien elkartea, IHESaren kontra borrokatzeko T4 elkartea, Avifes, Bar Aitana, Bar Estenaga, Batasuna-Arraizbide, Berdinak, Bideratzen, Bigite, Bilgua, Cáritas Bizkaia, Coami, Electrónica Xantina, Euskal Txoko, Del Carre botika, Federación Hegoetxea, Global K.O., Auzobizitza emakumeen taldea, Higienistas Euskadi, Nevipen, Ongi Etorri Errefuxiatuak Irala, Grapa paperdenda, Reguaupos txakurrentzako ileapaindegia, Bizi-Bete Proiektua, Reformas Bidebieta, Urizartorre Egoitza, SOS Racismo, Txiribuelta Konpartsa, Txirrikleta, Urretxindorra Ikastola.