Goizeko 12:00etan, Euskaldunan

Bilboko udal musika bandak Eurovision jaialdiako abestiak interpretatuko ditu datorren igandean

Vuelve conmigo, Bailar pegados edota Europe´s Living a Celebration, besteak beste, entzungo dira

25.02.2020 | 12:35
Serafin Zubiri.

Bilbo. Bilboko udal musika bandak Eurovision jaialdiako abestiak interpretatuko ditu datorren igandean. Vuelve conmigo, Bailar pegados edota Europe´s Living a Celebration, besteak beste, entzungo dira igandeko goizeko 12:00etaik aurrera Euskalduna Jauregiko Auditorioan. Sarreren prezioa 5 eurokoa da.

Jose R. Pascual-Vilaplana eta Iñaki Urkizu, bandako zuzendari eta zuzendariordearen gidaritzapean, Banda osatzen duten 45 musikari baino gehiagok, Cristina Conde (ahotsa), Ander Percaz (gitarra), Íñigo Goldaracena (baxua), José Ángel Martínez (bateria) eta Bernardo San Martín (teklatuak) musikariekin batera, Eurovision Jaialdiko abestirik onenak eskainiko dituzte, Iñaki Urkizu eta Jose A. Pinaren moldaketekin.

Ikuskizunak, Eurovisioneko izar handi izan diren bi pertsonen parte hartzea ere izango duela: Serafín Zubiri (ahotsa eta pianoa) eta Anabel Conde (ahotsa), Eusovisionen bigarren geratu zen abeslaria 1995eko edizioan, Vuelve conmigo kantuarekin. Serafín Zubirik Espainia ordezkatu zuen 1992ko eta 2000ko edizioetan, Todo esto es la Música eta Colgado de un sueño abestiekin, hurrenez hurren.

Proposamen artistiko honen ardatz nagusiak batez ere hirurogeiko, hirurogeita hamarreko, laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadei begiratzen die, lau hamarkada horiek izan baitziren oparoenak: gure oroimen kolektiboan iltzatuta geratu diren abesti handiak orduan idatzi ziren. Eurovisioneko historiaren lehenengo postuko abestirik ezagunenak ere abestuko dituzte. Aukera paregabea da hau nazioarteko panoramako ikus-entzunezko ikuskizunik garrantzitsuenetako baten esentzia berriro gozatzeko.

Sarrerek 5 euroko prezioa izango dute, zenbakidunak izango dira eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan, www.euskalduna.eus web orrialdean eta Kutxabankeko kutxazainetan eskuratzeko aukera izango da.

Euskalduna Jauregiko kontzertu zikloa martxoaren 22an amaituko da, Askatasuneko soinuak ikuskizunarekin; oraingo honetan, Rubén Simeó Vigoko tronpeta-jotzailearen eta Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ikasleen laguntzarekin.

SERAFÍN ZUBIRI

Serafín Zubiriren bizitza abentura bat da, helmuga finko eta zehatz batekin: etengabeko hobekuntza, musikaren eta kirolaren bidez. Jaiotzez itsua den arren, hori ez da eragozpena izan bere artista-karrera garatzeko. 8 disko atera ditu eta kirolari gisa curriculum aparta landu du. 1992an Eurovisioneko jaialdian parte hartu zuen, Todo esto es la música kantuarekin. Urte betean, Disney-ren La Bella y La Bestia filmeko soinu-bandaren abesti nagusia kantatu zuen, eta oso txalotua izan zen. 1999an, Marta Sánchezekin batera lan egin zuen La Magia de Broadway musika-ikuskizunean. 2000. urtean, herri-bozketa bati esker, bigarren aldiz Eurovision jaialdian parte hartu zuen, Colgado de un sueño abestiarekin.

2003an, Leonard Gershe-ren Las Mariposas son libres antzezlaneko protagonista izan zen. 2007an, telebistako ¡Mira quién baila! saioaren seigarren edizioan parte hartu zuen. Honelako programa batean dantzarako dohainak erakusten zituen estreinako itsua izan zen mundu osoan. 2012an bere zortzigarren diskoa atera zuen, X una causa justa, eta abesti bakoitza arazo sozial bati eskaini zion. Lan honetan, artista handi honek bere sentsibilitatea erakutsi zuen. Modu aktiboan parte hartu gura izan zuen kausa sozial batzuen alde, sentsibilitate berezia daukalako beraien inguruan. 2013an, telebistako Splash, famosos al agua saioan parte hartu zuen. Bertan, famatuek altuera ezberdinetan zeuden plataformetatik jauzi egin behar zuten.

2013. urteaz geroztik ikuskizunak ekoizten ditu, musika-bandek lagunduta. Hiru ikuskizun dauzka orain: Recordando a Nino Bravo, El Baúl de los 70 eta Festiband Eurovisión. Kirolean, berriz, hainbat diziplina probatu ditu: urpekaritza, piraguismoa, parakaidismoa, parapentea, puentinga... Baina lau kiroletan nabarmendu da bereziki: atletismoan, mendizaletasunean, tandem-ziklismoan eta abiadura-patinajean. Horietan lortu ditu bere arrakasta garrantzitsuenak eta pozik handienak.

ANABEL CONDE

19 urte baino ez zituela, eta agertokietan ia esperientziarik gabe, aho bete hortz utzi zituen 300 milioi ikusle Eurovision jaialdian eskaini zuen interpretazio bikainarekin, Chema Purónen kantu batekin: Vuelve conmigo. Malagar hau, Fuengirolakoa hain zuzen ere, nazioarteko musikan ahotsik indartsu eta karismatikoenetako bat da orduz geroztik. Solfeo, kantu, piano eta dantza ikasketak hasi zituen Malagako Musika eta Dantza Ateneoan, eta asko ikasi du arte eszenikoetako profesional handi zenbaitekin, adibidez Londreseko "Startek Associates" eskolakoekin.

Anabel Conde musikaren jiran ibili da beti, hainbat proiektu egiten. Horregatik, inoiz baino ilusio handiagoa dauka Festiband Eurovision proiektuko kide izateagatik. Bertan, Eurovisioneko beste protagonista batekin (Serafin Zubirirekin) eta bere ahizpa Cristina Conderekin partekatuko du oholtza. Bere berezko talentutik abiatuta eta soularenganako zaletasunari esker, bere trebetasunak modu autodidaktan garatu zituen; gerora, bere teknika hobetzeko kantu-eskolak hartu zituen.

Musika-estilo honek ahotsaren kontrol handia eskatzen du, potentziaren eta erregistroaren aldetik, ahots beltzetan sarriago aurkitzen direnak. Bere ahotsak ezaugarri horiek dauzka, ordea, eta bere estiloa (hau da, popa) interpretatzean, oso ukitu pertsonala ematen dio aurpegi askotako artista honi, interes handia pizten duena (Youtuben dauzkan bideoek milioika bisita jaso dituzte).

ZUZENDARIA: J. RAFAEL PASCUAL-VILAPLANA

Alcoy eta Valentziako kontserbatorioetan ikasi zuen. Bandako zuzendaritza ikasi zuen Jan Cober eta Eugene Corporon maisuekin. Orkestrako zuzendaritza ikasi zuen Vienan Karl Österreicher eta Hans Graf-ekin.

Zuzendari gonbidatua izan da zenbait talde sinfonikotan eta bandetan Alemanian, Argentinan, Belgikan, Kolonbian, Kuban, Eslovenian, Frantzian, Italian, Holandan, Portugalen, Errumanian, Suitzan, Uruguain eta AEBn: Kubako Banda Nazionala, Holandako Gazteen Banda Nazionala, Holandako Errege Marinako Banda, Esloveniako SAF Wind Orchestra, Valléseko O.S., Murtziako O.S., Gaztela eta Leongo O.S., Bilboko O.S., Kanaria Handiko O.F., Bukaresteko O.S., Suitzako Aulos W.B., Alacanteko Udal Banda, Bartzelonako Udal Banda, Madrileko Udal Banda, Palma Mallorcako Udal Banda, Gasteizeko Udal Banda, Tenerifeko Santa Cruzeko Udal Banda, Oviedoko Goi-mailako Kontserbatorioko Banda eta Orkestra, Kanarietako Goi-mailako Kontserbatorioko Banda, Musikeneko Banda€ Hainbat bakarlarirekin egin du lan: Sergei Nakariakov, Pacho Flores, Asier Polo, José Franch-Ballester, Elisabete Matos, Estrella Morente, Manuel Blanco, Claudi Arimany eta abar.

Estatuko eta atzerriko bandek (AEB, Kolonbia, Israel, Korea, Italia, Frantzia, Suitza€) bere konposizioak interpretatzen eta grabatzen dituzte eta Espainiako jaialdiek eta bakarlari ospetsuek (Luis González, Spanish Brass L.M.) sarritan egiten dizkiote enkarguak. Hogeita bost CD erregistratu ditu bandako musika-zuzendari modura.

Lehen saria irabazi zuen Kerkradeko WMCko eta Birminghameko EBBAko Zuzendaritzako Nazioarteko Lehiaketetan (Holanda, 1997, eta Ingalaterra, 2000). 2004an Valentziako Komunitateko Elkarte Musikalen Federazioaren EUTERPE saria eskuratu zuen Bandako Zuzendaritza eta Jairako Musika Konposizioa kategorietan. 2010ean Gaztela-Mantxako Musika Jaialdiak ematen duen "Ignacio Morales Nieva" Musikako Sari Nazionala jaso zuen.

2015etik zuzendari titularra da Bilboko Udal Bandan eta 2018tik Bartzelonako Udal Bandako titularretako bat da. Oportoko Banda Sinfoniko Portugaldarraren zuzendari gonbidatu nagusia da 2012tik aurrera.

ZUZENDARIORDEA: IÑAKI URKIZU

Bere herriko Udalaren Bandan hasi zen tronpeta jotzen, zortzi urterekin, familiaren tradizioari jarraituta. Handik Tolosako Udal Bandara pasatu zen eta han bakarlari jardun zen hamarkada batez. Donostiako Goi-mailako Kontserbatorioan egin zituen tronpeta-ikasketak Juan Manuel Gómez de Edeta irakaslearekin. Irakasle jardun da Beasain eta Tolosako musika-eskoletan, baita "Arrasate Musical"-en ere.

Instrumentista moduan Euskal Herriko talde askorekin elkarlanean aritu da. Horietako aipagarrienak hauexek: Bilboko Orkestra Sinfonikoa, "Arrasate Musical" Orkestra Sinfonikoa, Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioko Banda Sinfonikoa, Donostiako Talde Barrokoa, Lattor metalezkoen boskotea, Araba Brass Taldea eta Gasteiz Big Band; azken honetan, gainera, zuzendaria izan zen.

Bakarlari moduan egindako lana ere aipagarria da, Benantzi Bilbao eta Aitor Olea organistekin, eskainitako organoaren eta tronpetaren kontzertuetan.

Banden munduan oso ezaguna da moldaketak eta transkripzioak egiteagatik eta musika-banda askok jaso ohi dituzte bere lanak programetan. Laurogeiko hamarkadatik aurrerako euskal musikaren bilduma bat prestatu du eta horien lehen lau zenbakiak argitaratuta daude: "Jaialdia", "Dantzaldia", "Kantaldia" eta "Betikoskorri". Azken lan hori izenak, adierazten duenez, Oskorri folk-talde ezagunaren omenez egina.

Halaber, moldaketa asko musika-ikuskizunarentzat egin du, besteak beste, Serafín Zubirirentzat "Recordando a Nino Bravo" eta "El Baúl de los 70".

Ertzaintzako Musika Bandako zuzendaria izan da 1998tik eta banda horretan tronpeta-jole bakarlari-plaza ere izan zuen. Bere batutapean CD bat grabatu da, Bergarako Orfeoiarekin batera, José Franco, Luis Aramburu, José Mª González Bastida eta Juan Arzamendiren lanekin. Bilboko udalaren musika Bandarekin ere zenbait CD grabatu ditu, bata Bilboko Koral Elkartearekin bere 125.urteurrenan "Kantuz Hari den Herria" izeneko musika-lana, bi abesbatza eta Bandarentzat berak idatzita, eta bestea Zarzuelari eskainita, Masa Coral del Ensanche, Miren Urbieta (sopranoa), Vicenç Esteve (tenorra) eta Fernando Latorrerekin (baritonoa).

Zuzendari gonbidatua izan da Euskal Herriko zenbait Bandetan, Barakaldoko udalaren Banda, Durangoko "Tavira" Musika Banda edo Gasteizko Udalaren Banda, besteak beste. SGAEko kidea eta 2017tik Bilboko Udalaren Musika bandaren zuzendariordea da.