#BYW2020

"Bilbao You Week" topaketa martxoaren 12tik 14ra ospatuko da Bilborocken

Bertan eduki digitalak sortzen dituzten sortzaileak eta haien kontsumitzaileak bilduko dira

25.02.2020 | 12:48
"Bilbao You Week" topaketa martxoaren 12tik 14ra ospatuko da Bilborocken.

"Bilbao You Week" topaketa martxoaren 12tik 14ra ospatuko da Bilborocken. Aurtengo goiburua "Balioa duten edukiak sortuz sare sozialetan" da. Bertan eduki digitalak sortzen dituzten sortzaileak eta haien kontsumitzaileak bilduko dira.

#BYW2020 topaketak 3 lantegi eskaintzen ditu: martxoaren 12an (eguena) eta 13an (barikua) egingo dira. Bestalde, martxoaren 13an, kontzertu bat izango da, eta martxoaren 14an, zapatuan, ikuskizunak. Programazioan, nabarmentzekoak dira TikTok plataformako sortzaileen arteko lehenengo topaketa Euskadin, eta, orobat, Gamers Emakumeen panel bat.

Bilbao You Week 14 urtetik aurrerako gazteentzako aisialdi- eta kultura-programa bat da, eta topagune bat eskaintzen du, gazteek sormena, esperientziak eta interesak partekatu ahal izan ditzaten. Eta baita baloreak ere. Parte hartzen duten gazteek youtubeko edukiekin Bilboko Balio Gutunean jasotako printzipioak sustatzen dituzte, hala nola giza eskubideak, berdintasuna, elkartasuna edo sormena.

PROGRAMA

Martxoaren 12an (eguena):

Jaialdia martxoaren 12an hasiko da, eguenean, 18:30ean. Irudigintza eta marrazkigintza digitalaren eta Instagrameko iragazkien gaineko lantegia Victor Blanco diseinatzaile eta marrazkigileak (Happip, sare sozialetan) emango du.

Lantegi horretan, parte hartzaileek hainbat gauza ikasiko dituzte: irudigintza eta marrazkigintza digitaleko trukoak, nola sortu gif animatuak Instagramerako, eta nola sortu norberaren iragazkiak

Egun horretan bertan, 20:00etan, Alba Vidal Koalak Studios-eko sorkuntza zuzendariak lantegi bat emango du Photoshop-en muntaia surrealistak nola sortu ikasteko.

Lantegi honetan, parte hartzaileek teknikak, tresnak eta oinarrizko kontzeptuak ikasiko dituzte fotomuntaketa bat hutsetik hasita egiten ikasteko. Era horretan, lehenengo konposizio digitalak egiten hasteko modua izango dute

Martxoaren 13an (barikua):

18:30ean, Joaquín Reixak (Omglobalnews) lantegi bat eskainiko du audio-podcast bat egiten ikasteko, eta, gainera, podcast bat grabatuko da zuzenean "Los Destacados" bere programarako, zeinean eguneko berriak eta gaiak tratatzen baititu. Podcast hori Spotify-ra jasoko da.

20:30ean, Paula eta Aitana Etxeberriak (Twin Melody) zuzeneko kontzertu eta ikuskizun bat eskainiko dituzte beren kanta ezagunenekin. Euskal Herriko neska biki horiek oso ezagunak dira sare sozialetan, non 12.500.000 pertsona baino gehiagoko komunitate bat baitaukate. Oraintsu, hamaika milioi jarraitzaile baino gehiago lortu dituzte Tik Tok-en. Horrez gain, 2019an, liburu bat argitaratu zuten, "Momentos Soñados" izenburuarekin, non beren anekdota pertsonalenak kontatzen baitituzte, eta baita ere nola bizi diren Tik Token, Instagram-en eta Youtube-n izandako arrakasta handiaren ostean.

Aldi berean, "Tik Tok topaketa" egingo da.

Gaur den egunean, Tik Tok da gazteen sare sozial maiteenetako bat. Aukera ematen du sortzeko, editatzeko, musikazko bideoselfieak jasotzeko 15 segundoan, hainbat efektu aplikatzeko eta musika ere gehitzeko aukerarekin. Baditu adimen artifizialezko zenbait funtzio ere, eta hainbat efektu berezi deigarri, iragazkiak, eta errealitate handiturako ezaugarriak ere bai.

Martxoaren 14an (zapatua):

18:00etatik aurrera, hainbat ikuskizun izango dira, Julen Hernándezek (Hola Julen) eta Alba Vidalek (Koala Rabioso) aurkeztuak:

Bideo-jokoen gaineko panela: lau emakume gamer: Natsuki Sel-ek (1,2 milioi jarraitzaile baino gehiagorekin), Hurona Rolerak, Anereik eta Batsuk, bestalde, gameplay-en sortzaile moduan izan duten esperientzia azalduko digute, zer plataformetan dabiltzan hobeto streaming-ak, eta Twitch, YouTube eta Facebook gaming izango dituzte hizpide.
Bakarrizketa, Daniel Valeroren eskutik (Tigrillo). Daniel kazetaria da, eta sare sozialetarako edukiak sortzen ditu 7 urte baino gehiagotik hona, eta lanean ibili da "Fama a Bailar" eta "Operación Triunfo" bezalako saioetan. Udan, bere lehenbiziko liburua argitaratu zuen "LGTB para principiantes" (bigarren argitalpena), eta Latinoamerikan ere argitaratu berri da. Bakarrizketa bat, jendearekiko solaserako tarte bat ere izango duena.
Beatbox-eko inprobisazio ikuskizun bat, Miren Pascual-ek emana (MiniMi Beatbox). Kontzertuaren ostean, truko eta jarraibide batzuk irakatsiko ditu bertaratutako gazteentzat, gai horretan hasi ahal izan daitezen.

Carla Laubalók eta Gemma Pérezek, ikuskizun honetan, beren kantuak emango dituzte, bai eta bertsioak ere, eta, gainera, inprobisatu ere egingo dute publikoak twitter-en #BYW2020 hashtag-arekin partekatuko dituen berbekin.Carlak badu 1.300.000 lagun baino gehiagoko komunitate bat YouTuben. Iaz, "Se más tú, una historia de bullying con final feliz" izeneko liburua argitaratu zuen, non bere esperientzia kontatzen baitu, eta irakurleak animatzen baititu desberdintasuna onartzera eta norbera izatearren borroka egitera. Bere kanalean, entretenimenduzko edukiak eta kantak partekatzen ditu. Kanta horietako asko Gemma Pérez adiskide katalanarekin kantatzen ditu, elkarlanean aritzen baita harekin, batzuetan.

Elkar eragitezko ikuskizuna eta DJ saio bat Iban Gartziarekin: aktorea, aurkezlea eta DJ-a, zeina Azkoitian bizi baita.

Jaialdiak iraungo duen hiru egunetan zehar, meet & greet eta photocall ere izango dira artista gonbidatuekin.

Jarduerak doan dira, eta sarrera libre, aretoa bete arte, baina lantegietan parte hartzeko izena eman behar da esteka honetan: https://bilborock.typeform.com/to/QtM34l Izena emateko epea martxoaren 10era arte izango da. Plazak izena eman ahala esleituko dira.

noticias de deia