Bilboko Udaleko Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta jaietako zinegotziak eta beste udal ordezkari batzuk “Zurrumurruen aurka, sartu aterpean” kontakizun laburren lehiaketaren III. edizioko sariak banatu dituzte Udaleko Areto Arabiarrean, aniztasuna sustatzeko eta migratzaileen diskriminazioaren aurka borrokatzeko. Hauek izan dira irabazleak: Marijoxe Azurza, euskarazko modalitatean, “Xirimiri gudak, odola ttanttaka” kontakizunarekin; eta Francisco Sánchez, gaztelaniako modalitatean, “La cura de los peces poseídos” izan dira. Guztira 119 lan aurkeztu dira aurten, iaz 61 izan zirenean.

Hirugarren urtez jarraian bultzatu du Udalak literatur lehiaketa hau. Helburua, ZURRUMURRUEN aurkako udalaren estrategiara sorkuntzazko idazketa batzea da, sentsibilizazio-tresna izan dadin eta literaturari eta idazketari lotutako talde berrietan eragiteko gaitasuna izan dezan.

Lan-ildo honek hiru jarduera ditu nagusiki. Lehenik eta behin, zurrumurruen aurkako idazketa sortzaileari buruzko tailerra; 9 saio dira, idazketarako teknikak lantzeko, zurrumurruen aurkako ikuspegitik. Une honetan 25 pertsona ari dira tailer horietan. “Zurrumurruen aurka, sartu aterpean” lehiaketan hainbat gai jorratu dira: bizikidetza, kultur artekotasuna, dibertsitatea, arrazakeriaren aurkako borroka, estereotipoak, aurreiritziak, zurrumurruak, nortasuna, begirunea, elkarrizketa, dibertsitatearen abantailak eta ekarpenak; eta, azkenik, zurrumurruen aurkako pintxo-pote literarioa; horretan, kontakizun irabazleen irakurraldi dinamizatuak egingo dira estrategia honetara atxikita dauden barrutiko ostalaritzako establezimenduetan.

IRABAZLEAK ETA FINALISTAK

Euskarazko modalitatean:

Lehenengo saria: “Xirimiri gudak, odola ttanttaka” kontakizuna, Marijoxe Azurzarena. Kontakizun errealista bat dugu honako hau, kazetaritzako ukituarekin, Giza Eskubideen aldeko pertsona aktibistei buruzkoa; hain zuzen ere, Berta Cáceres andreari buruzkoa, emakumeak jasaten duten sufrimenduaren sinbolo moduan.

Bigarren saria: “Auzoa” kontakizuna, Gotzon Plaza Jaiorena. Ondo idatzitako lan bat, gertuko inguruneetan kultur arteko eta belaunaldien arteko harremanak garatzeaz eta eragiteaz.

Gaztelaniako modalitatean:

Lehenengo saria: “La cura de los peces poseídos” kontakizuna, Francisco Sánchez Egearena. Epaimahaiak metaforaren erabilera aipatu nahi izan du, kontakizunean funtsekoa eta oso erabilgarria delako zurrumurruak nola sortzen diren eta jendearen artean nola zabaltzen diren azaltzeko. Kontakizuna zehatz-mehatz egokitzen da lehiaketaren edukietara eta prosa narratibo sendoa eta hizkera oso zaindua ditu.

Bigarren saria: “La lágrima” kontakizuna, Jaime Garcíarena. Azpimarratzekoa da gaia sakon eta samurtasunez jorratzeko gaitasun narratiboa. Enpatia gailentzen da proposamen honetan, eta gainera, aurkezpen oso zaindua eta garapen sakona ditu.

Sei finalistak hauek izan dira: Raúl Guadián, “Lágrimas de mariposa” lanarekin; José Aristóbulo Ramírez, “El amigo Cástulo”; Alfonso Sergio Barragán, “La frontera de los deseos”; Mabel Andreu, “Transfronterizas”; Irantzu Goikoetxea, “Nisa eta chat”; eta Julen Orbea, “Azken bagoian”.

KALITATEA, SORMENA ETA EMAKUMEAREN PROTAGONISMO GARBIA

Epaimahaia osatu duten Alasne Martínek, Amaia Garaik eta Xabier Aierdik adierazi dutenez, aurkeztutako kontakizunak deialdiaren xedera oso ondo egokitzen direla, bai eta literatura-konposizioak dakarren erronka ere; izan ere, sentsibilitate- eta zentzu kritikoko dosi handia eskatzen du gaiaren tratamendurako eta kontakizunen argumentu-garapenerako.

Era berean, testuen kalitate literarioa, originaltasuna eta generoen eta argudioen aniztasuna ere aipatu behar du epaimahaiak. Era berean, bereziki interesgarria da aurkeztutako obretan osagai protagonista nabarmena duen emakume migratzailearen presentzia, agerian utziz jasaten duten diskriminazio anizkoitzaren egoera, bai eta eguneroko bizitzaren euskarrian duen funtsezko eginkizuna, izaera solidarioa, ekintzailea eta komunitarioa ere.

Labur zurrean, epaimahaiaren iritzian aurkeztutako obrek berretsi egiten dute aurreiritziak eta estereotipoak hausteko testuinguruak ahalbidetzearen aldeko apustu irmoa, lotura komunitarioak ezarriz, non edozein errezelo gainditu daitekeen hurbiltasun-testuinguruetako kontaktuaren eta interakzio natural eta bat-batekoaren bidez. Aurkeztutako obrek itxaropentsu begiratzen diote etorkizunari, aniztasunean oinarritutako bizikidetza sustatze aldera, eta agerian uzten dute, aurreiritzi, estereotipo eta zurrumurruen aurkako borrokarako baliozko proposamen gisa, zurrumurruen aurkako estrategiak duen gaitasuna.

BILBOTARREN KONPROMISOA

Udalak 2013. urteaz geroztik garatzen du atzerritarren gaineko estereotipo negatiboei aurre egiteko proiektua. Ekimen hori Herritarren eta Aniztasunaren II. Udal Planaren barruan dago, eta kulturartekotasunaren, gizarte-kohesioaren eta diskriminazioaren aurkako borrokaren balioekin konpromisoa duten pertsonen eta erakundeen sare osoa finkatzen du.

Zurrumurruen aurkako estrategia gizarte aldaketako prozesua da, epe luzekoa. Beraren bidez, bazterketa prebenitu nahi dugu, elkarbizitza hobetu, eta aniztasunaren potentziala aprobetxatu; horretarako, pertzepzioen, jarreren eta portaeren aldaketa bat sorrarazi nahi dugu biztanlerian, oro har, nahiz helburu-talde zehatzetan. Beraz, gizarte-mobilizazioko sareak sortzea eta indartzea sustatu nahi da, migratutako pertsonei eta kultura-aniztasunari buruz dauden estereotipo negatiboak, topikoak eta zurrumurru faltsuak desmuntatzearren, gure udalerrian kulturarteko interakzioa eta bizikidetza baketsua zailtzen duten jarrera diskriminatzaileak sor ditzaketenak.

Une honetan, zurrumurruen aurkako estrategia 300 agentek baino gehiagok gauzatzen dute Bilbon. Estrategia hori Begoñako, Deustuko, Errekaldeko, Basurtuko eta Uribarriko barrutietan zabalduta dago.

Zurrumurruen aurkako agenteak beren hurbileko ingurunearekin, auzoarekin eta hiriarekin konprometitutako pertsonak dira, elkarbizitza inklusiboan sinesten dutenak gizartean giro ona egon dadin, diskriminazio-egoeren aurrean jarrera kritikoa eta gogoetatsua oinarritzat hartuta. Beraz, Bilbo hobetu eta jarrerak aldatzen lagundu nahi duten pertsonak dira, sentsibilizatuz, informazioa emanez eta imajinario kolektiboa desegitera gonbidatuz atzerritar jatorriko pertsonei dagokienez.