BILBO. Zabalik dago dagoeneko etxebizitza-eraikinetan (batez ere zaharretan) dauden arkitektura-oztopoak kentzeko dirulaguntzetarako deialdia. Bilboko Udalaren Obretako eta Hiri Plangintzarako Sailak eskainitako dirulaguntzak uriko etxebizitza-eraikinetan irisgarritasuna hobetzea du helburu.

Programa horretan, aurreikuspenen arabera, 800.000 euro banatuko dira etxebizitza-eraikinetan arkitektura-oztopoak kentzeko igogailuak eta irisgarritasuna hobetzen dituzten beste elementu batzuk jartzeko. Beste alde batetik, 100.000 euro emango dituzte etxebizitza-eraikinetako egiturazko elementuak konpontzeko lanak egiteko. Azken kopuru hori handiagoa ere izan daiteke, beharrezkoa izanez gero.

Aurreko urteetan bezala, deialdi honen xedea da lan hauen zati bat finantzatzea: etxebizitzetarako eraikinen barrualdeko elementu komunetan dauden arkitektura-oztopoak eta atarian bertan zuzenean sartzeko dauden kanpoko oztopoak kentzeko lanak (mailak edo eskailera-mailak, esaterako) eta igogailua jartzeko lanak, halakorik ez dagoenean.

Era berean, etxebizitza-eraikinen inguruetan lehendik dauden erabilera publiko zein pribatuko titularitate pribatuko kanpoko urbanizazioak eraldatzeko obrak finantzatzeko dirulaguntzak ematea ere izango da deialdiaren helburua, baldin eta obra horiek hirigintza-oztopoak kentzea badakarte.

ARKITEKTURA OZTOPOAK KENTZEKO 2020ko DIRULAGUNTZETARAKO BALDINTZAK

Orokorrean, arkitektura-oztopoak kentzeko dirulaguntzak jaso nahi dituzten etxebizitza-eraikinek baldintza hauek bete behar dituzte:

  • Eraikinaren erabilera nagusia bizitegia izatea.
  • Bizitzeko ez diren erabilerak daudenean, erabilera horiek, gehienez jota eraikitako azaleraren % 50 izango dira; ez dira kontuan hartuko beheko solairuak eta sotoak, horrelakorik egonez gero.
  • Etxeak, gutxienez, hamar urte izatea.
  • Eraikinaren altuera, beheko solairua barne, gutxienez, lau solairukoa izango da.
  • Eraikinaren antzinatasuna gorabehera, laguntza eskatu baino lehen, Eraikinaren Ebaluazioari buruzko Txostena edo Eraikinen Azterketa Teknikoaren (EAT) txostena aurkeztu beharko da Bilboko Udaleko Hiri Plangintzarako Sailean.

Era berean, aintzat hartzen da Otxarkoaga auzoaren berezitasuna; bertan bizi direnen gorabehera sozioekonomikoen ondorioz eta igogailu gehienak eraikinen kanpoaldetik jarri behar izatean obrak garestiagoak direnez, laguntza obraren benetako kostuaren % 20 izango da, gehienez 16.000 euro, hain zuzen ere.

Deialdi honetatik kanpo geratu dira Surbisaren jardun-eremuaren barruko eraikinak, laguntza-sistema berezia dutelako. Ez da dirulaguntzarik emango familia bakarreko edo familia birentzako etxeetarako, ez eta etxe isolatu edo adosatuetarako ere.

Dirulaguntza hauek jaso gura dituzten jabeek edota ugazaba-erkidegoek 2020ko azaroaren 16a baino lehen aurkeztu behar dituzte eskariak. Deialdiaren barruan sartzen dira aurretik aurkeztu eta oraindik ebatzi barik dauden eskabideak.

Udalak ugazaba-erkidegoei eman ohi dizkie dirulaguntzak.

a) Obraren benetako kostuaren % 10 da zenbatekoa.

Igogailuetarako: 16.000 euro, kaletik etxebizitza bakoitzera eskailera-mailarik gabeko ibilbidea lortzen bada.

Igogailuaren ibiltartea luzatzeko: gehienez 7.000 euro.

Plataforma jasotzaileak, atarietarako arrapalak eta abar jartzeko: gehienez 3.500 euro.

Zenbait atari hartuko dituen igogailua jartzeko aurreproiektua idazteko: gehienez 1.500 euro.

b) Lehendik dauden titularitate pribatuko kanpoaldeko urbanizazioak izanez gero:

Igogailua jartzeko: kostuaren % 10; gehienez 10.000 euro.

Oztopoak kentzeko beste esku-hartze batzuk: kostuaren % 20; gehienez 5.000 euro.

Dirulaguntza horiek Eusko Jaurlaritzak eta beste administrazio edo entitateek ematen dituzten dirulaguntzekin bateragarriak dira.

2019an ARKITEKTURA-OZTOPOAK KENTZEKO EMANDAKO DIRULAGUNTZEN BALANTZEA

Bilboko Udaleko Obretako Eta Hiri Plangintzako Sailak etxebizitza-eraikinetan arkitektura-trabak kentzeko 115 jardun lagundu zituen diruz uri osoan, guztira 660.241,13 euro bideratuz horretarako. Aurreko urtean baino % 32,25 gehiago (2018an 488.142,55 euro banatu baitzituen dirulaguntzetan).

  • 19 jarduketa igogailua jartzeko. Horietan erabateko irisgarritasuna lortu zen.
  • 7 jardun aurreproiektua idazteko eta igogailua jartzeko.
  • 6 Otxarkoaga auzoan, igogailua jartzeko eta obren aurreproiektua idazteko.
  • 37 igogailuaren ibiltartea luzatzeko.
  • Irisgarritasunarekin lotutako beste 45 jardun (eskailera-igogailuak, arrapalak€).
  • Hirgintza-arloko berritze baterako jardun 1

Jarduketa horien onuradunak 2.669 etxebizitza izan ziren. Horietako % 19,97 igogailurik ez zuten eraikinetan igogailuak jartzeko izan ziren. Eta % 80,03 beste traba batzuk kentzeko jardunetarako; esate baterako, igogailuaren ibiltartea luzatzeko, eskailera-igogailuak, arrapalak eta abar jartzeko.

1.200 eurotik 15.000 eurora bitarteko laguntzak barruti guztietan banatu ziren; gehiago, jakina, igogailurik gabeko etxebizitza-eraikin gehiago dauden aldeetan. Hortaz, jarduketa gehien Abandoko, Errekaldeko, Deustuko eta Uribarriko barrutietan egin ziren.

Beste alde batetik, SURBISA udal sozietateak bere ardurapean ditu eremu hauek: Zazpi Kaleak, Bilbo Zaharra, Zorrotzaurre, Trenbideko Langileen auzoa, Olabeaga, Gurutze auzoa, Iralako eremu hondatuak eta Zazpilanda. SURBISAk arkitektura-oztopoak kentzeko 19 jarduketa diruz lagundu zituen iaz. Guztira 260.437 euro banatu zituen eta onuradunak 267 etxebizitza izan ziren.

Jarduketa horiek, zehazki, Zazpikaleetan, Bilbo Zaharrean eta Olabeagan egin dira, eta horietatik 15 igogailuak jartzearekin lotuta egon dira, eta gainerakoak irisgarritasuna hobetzeko jarduketak izan dira.

SURBISAk emandako diru-laguntzen batez besteko ehunekoa %23koa izan da: %10 obretarako laguntza zuzenei dagokie, eta% 13 familia ahulenentzako laguntza ekonomikoei.