BILBO. Hilaren 13an Bilboko Udaltzaingoak San Frantzisko kaleko telefonotegi batean atzeman zituen 76 gailu elektronikoak euren jabeei itzuli zaizkie. Guztira 49 mugikor, 20 tableta eta 7 ordenagailu konfiskatu zituzten.

Egikune hori 20:50ak inguruan izan zen, eta auzoan zerbitzu ematen ari ziren agenteen patruila batek gauzatu zuen. Telefonotegiaren barrualdean marka jakin bateko goi mailako gamako telefono kopuru handi bat ikusi zutelarik pilatuta, saltegiaren arduradunari eskatu zioten atera zitzala haietako batzuk, haien jatorria egiaztatzearren. Orduan ohartu ziren telefono ebatsiak zirela, eta salatuta zegoela ebasketa lehenago, Bilboko Udaltzaingoan edo Ertzaintzan, hainbat kasutan.

Lokalaren arduraduna identifikatu ostean, eta susmoa izanik telefonotegia ez ote zen ebatsitako gailu elektronikoak jasotzeko zentro bat, haien berrezartzea egin eta lehengo datuak ezabatzeko, agenteek galdegin zieten erakusteko jatorri legez kontrakoa eduki zezaketen produktu guztiak, haiek atzeman eta jabeei bihurtzearren.

Atzemandako eramangarrietako bat ikastetxe baten izenean zegoen erregistratuta, eta beste lau tabletek, zeintzuei buruz salaketa egina baitzen ebatsiak izan zirelako, beste ikastetxe baten zorroak zeramatzaten, biak ere Bilboko ikastetxeak izanik.

Bilboko Udaltzaingoak kudeaketak bideratu ditu berreskuratutako gailuen jabeekin harremanetan jartzeko, eta dagokion atestatua egin du ondarearen kontrako delitua izan litekeenagatik.

Gaur den egunean, dagoneko itzuli zaizkie atzemandako gailuak jabeei. Eta oraindik ere beharrezko ikerketa guztiak egiten ari dira, ustezko lapurtutako objektuen titular guztiak aurkitzeko, objektu horiek entregatzeko helburuarekin.