BILBO. Hurrengo igandean, hilak 26, Ikusi eta Ikasi tailerretan parte hartzeko izena emateko epea bukatuko da. Plazak mugatuak direnez, asteartean, urtarrilaren 28an, zozketa bat egingo da izena eman duten guztien artean. Tailerretan inskribatzeko www.ikusietaikasi.eus webgunean dagoen formularioa bete egin behar da.

Aurten 16. urtea da Ikusi eta Ikasi egiten hasi zenetik eta nobedadea Lagun Artean formatua da, 8 eta 10 urte bitarteko neskato-mutikoentzako pentsatua. Kategoria honetan, taldean olgatuko dira umeak, eta helduek lagundu gabe parte hartuko dute tailerretan, adiskideekin. Era horretan, Ikusi eta Ikasi programak zabaldu egingo du orain arte eskainitako adin-tartea (Ikusi eta Ikasi Familian 4 eta 8 urte bitarteko umeentzat) eta era gehiagotako tailerrak eskainiko ditu, txikienek ere lekua izan dezaten.

Ekimen honen helburua da ondo pasatuz euskararen erabilera bultzatzea ume bilbotarren artean, aisialdirako eta modu dibertigarrian, kulturaren bidez hezkuntza sustatuz eta kalitatezko programazioa eskainiz.

Programa hau Bilboko barruti guztietara iritsiko da. Urtarriletik maiatzera bitartean, guztira doako 75 emanaldi eskainiko dira, diziplina askotakoak, tailerrak batetik eta antzerkia, dantza, magia, zeinuen hizkuntza, ipuin-kontalariak, zirkua eta musika, bestetik.

Urtarrilaren 31n (barikua), 18:00etan abiatuko da IKUSI ETA IKASI programa Errekalde auzoan, Eidabe konpainiaren "Meri, Mari eta Lari" ikuskizunarekin, eta maiatzaren 22an amaituko da, Indautxuko El Carmen aretoan, Irrien Lagunen "Irrien Taupadak" ikuskizunarekin.

4 eta 8 urte bitarteko neskato-mutikoentzat tailer hauek eskainiko dira:

  • CONTACT-KIDS.Familia barruan ukipenaren bidez komunikazioa hobetzeko metodologia bat da, gurasoen eta txikienen arteko konfiantza hobetzen laguntzen duena.
  • SERIGRAFIA.Serigrafiaren teknika ikasiko dute, beharrezkoak diren tresnak eta lanabesak ezagutuz.
  • MUSIKA TRESNA BIRZIKLATUAK. Kolore biziekin egindako marakak sortuko dituzte, koloreak eta erritmoa nahastuz. Orobat, DEN DEN DAIKO musika tresna japoniarra eraikiko dute: danbor bat da, bi alde dituena eta soinu sakon bat sorrarazten duena.
  • MOZORRO MITOLOGIKOAK.Mozorro mitologikoak sortzen dituzte eva gomarekin, kartoi mehearekin eta era bateko eta besteko gaiekin.
  • MUSIKOTERAPIA. Familia osoak gozatu ahal izango du esperientzia pedagogiko, olgetazko eta dibertigarri hau, musikoterapeuta profesional baten eskutik.
  • IPUIN KONTALARIAK.Tailer honetan, familiek ipuinak euskaraz kontatzen ikasiko dute, eta, gainera, helduak eta umeak elkarrekin jardungo dira orriak markatzekoak egiten.

8 eta 10 urte bitarteko neskato-mutikoentzat, Ikusi eta Ikasi Lagun artean atalean, lantegi hauek eskainiko dira:

  • PIXILAZIO tailerra. Jolasaren bidezko animazio-tailerra. Stop Motion teknikaren bitartez, argazkiz argazki, gure animazioa osatuko dugu.
  • ZIRKU-tailerra. Gorputzaz jabetzen ikasiko dute tailer honetan. Akrobaziak egingo dituzte, hala banan-banan nola binaka.
  • SORTU ZEURE FANZINEA tailerra. Marrazketa, margoketa, estanpazioa, collagea eta beste teknika plastiko batzuk baliatuz fanzineak sortuko ditugu.
  • BITXIGINTZA LABEAN tailerra. Bitxigintzako pieza bat egingo dute beroaren eraginez txikitzen den lamina batekin.
  • NEON MARGOA tailerra. Aurpegia eta gorputza margotuko dute neon margoekin.
  • TXANTILLOIAK tailerra. Grafftiaren oinarriak ikasi eta norbere txantiloiak egiteko aukera izango dute.

Jarduera guztiak 18:00etan hasiko dira, salbu eta zapatu goizetarako antolatuak, 12:00etan hasiko dira-eta.

Tailerrak, berriz, 18:00etan hasiko dira, baldin eta saio bakarra eskaintzen bada; egun berean bi saio eskaintzen badira, lehena 17:15ean izango da, eta bigarrena 18:30ean.

Ikusi eta Ikasi programan parte hartzen duten pertsonek balorazio-orria bete badute, zozketa bat egingo da maiatzaren 15ean, eta programako amaierako ikuskizuna egingo den egunean, maiatzaren 22an, euskarazko hiru produktu eta jokoz osatutako sorta bana entregatuko zaie zozketan egokitzen zaien pertsonei.