40. zenbakitik Menéndez y Pelayo kalerarte

Fika kaleko espaloia zabaltzeko lanak amaitu dira

24.01.2020 | 12:02
Fika kaleko espaloi berria.

BILBO. Bilboko Fika kaleko espaloiak zabalagoak egiteko lanak amaitutzat eman ditu Udalak. Horrela, Menéndez y Pelayo kaletik Fika kaleko 40 zenbakia duen atarirarteko espaloien estutasunak auzokideei eragiten zizkien arazoak konpondu dira dagoeneko.

Bide horretako espaloiak oso estuak ziren, eta jakinekoak dira urbanizazio mota horren alde txarrak. Espaloiak zabalagotu ostean, eta aparkalekua berrantolaturik, oneratu egin da oinezkoen eta ibilgailuen arteko elkarbizitza, eta inguru atseginago bat lortu da horrela, espaloiak adosago direlarik mugikortasun urrituko pertsonen beharrizanekin.

Lan horiei esker, halaber, berritu egin da kaleko argiztapena Zabalbide eta Santutxu kaleen artean. Egikune horri esker, ezabatu egin dira ainubeak, eta, hala, segurtasun sentsazioa ere handiagoa da orain. Horrez gain, farola batzuen kokalekua aldatu egin da, espazioa eraginkortasun handiagoz erabiliz, eta aldatu egin dira argi batzuk ere, haien ordez azken belaunaldikoak, LED motakoak, ezarriz, eraginkorragoak eta jasangarriagoak baitira.

Auzotarrek egikune hori lehenetsi zuten Auzokide Planaren kariaz izandako bileretan.

AUZOKIDE PLANA

Auzokide Plana da Bilboko Udalak herritarren parte-hartzerako duen tresnarik garrantzitsuenetako bat, eta funtsezkoa da Obretako eta Hiri Plangintzako Sailaren jardunean.

Aurrekontua berdin banatzen da Bilboko 8 barrutien artean, hau da, 1,5 milioi euro barrutiko eta urteko. Planak berekin dakar 48 milioi euro inbertitzea lau urteko epean, eta herritarrek eta eragile politiko eta sozialek Uriko Barrutietako Kontseiluen bidez lehenetsitako hobekuntza-lan eta -egikuneak gauzatzea.

Kasu honetan, Fika kaleko hobekuntza horietarako izendatutako aurrekontua 542.000 euro izan da, eta obrak gauzatzeko epea 4 hilabete.

noticias de deia